Ahozkotasuna euskal kulturan; lehen, orain eta gero
2010-07-27 14:11 BertsolaritzeaLorea Agirre: 'Euskal kulturea sakonetik bizibarritzeko giltza, modu, eredu edota kultur politikez harago, hizkuntzea da: zelan egiten dogun horrek zelakoak garen esaten dauelako. Hau da: euskerea kontzienteki erdigunean jarteak modu jakin bateko eredu eta kultur politikagintzea eskatzen edo ekarten dau halabeharrez'.
'Zer da euskal antzerkia?'. Antton Luku (Lizeoko irakaslea eta idazlea)
Antton Lukuren berbetan, antzerkia berba kultua edo neologismoa da euskeraz teatro esateko. Antzoki batean emoten da teloi eta guzti, definizinoz kantutik eta jantzatik bereizten da eta ondorioz kantua eta jantzea nahasten dituen obrak aitatzen dira sailkapen zurrun horretatik jalgiten garelarik. Hortik daukaguzan zailtasunak herri errepresentazino, edo erritu zenbaitzuen sailkatzeko edo izentetako.
Haatik, antropologia teatralaren taxonomia erabilten bada irakurketa desbardina egin daiteke gure praktika eta gustuez eta adibidez, estetikea barne, gure jantza edo inauteriak ez dira antzerkiaz hain urrun... Bere ustez Euskal Antzerkiak politikeagaz egiten dau topo eta euskal antzerkia eta antzerki unibersala batu egin behar dira.
Bertsolaritzea adibide moduan erabiliz, Lukuren eretxiz, 2008ko Iparraldeko Bertsolari Txapelketeak egoera politikoa gainditu eban baina ez eban Iparraldeko garai bateko bertsolarien jarraitzailerik erakarri. Bestetik, antzerkiaren kodeak non dagozan asmau behar da. Arte drama, euskaldunena, zein dan topau behar da, antzerkia sistema bat baita eta Euskal Herria herri bakotxak dauen arte dramen baturea.
Jantzaren, antzerkiaren… transmisinoa euskeraz egin ezean bertan egiten diran keinuak ez dira oinarrian euskereari lotutako keinuak izango, ez da beraz euskal jantza edo euskal antzerkia izango. Esangura honetan, iparraldean jantzea euskeraz irakasten da eta hori atzemoten da.
Bertsolaritzeari jagokonez, bertsolariena galtzailearen ahotsa izan da beti, instituzinoak kritiketan zituena. Arte dramaren barruan diziplina bakotxak bere rola dauka: jantzariak egingo dau jantzan… eta bertsolariak dauka beti azken hitza. Pulpitotik ariko balira bezela. Esangura horretan eleizea izan da bertsolaritza zaharraren arerio handiena.
Arte diziplina desbardinak ikasteko aukerea izan behar dau mundu guztiak, leku berean, eta norberak ikusi behar dau ondoren zer garatu nahi dauen, zein dan aukeratzen dauen rola. Arte dramari itxi behar jako rolen banatzea. Guzti honen kontzienzia garrantzitsua da diziplinen transmisinorako egiten doguna estetika hutsean gera ez daiten.
'Nola egiten dugun horrek nolakoak garen esaten baitu'. Lorea Agirre (kazetaria; gaur egun, Sorguneak ikertegiko kidea).
Lorea Agirreren esanetan euskal kulturgintzea da euskereari darion kulturgintzea, eta euskal hizkuntzea komunidadea modu sinbolikoan elikatzen dauen sorkuntzea, eta berebiziko egitekoa dauka gure herrigintzan.
Euskal kulturea sakonetik bizibarritzeko giltza, modu, eredu edota kultur politikez harago, hizkuntzea da: zelan egiten dogun horrek zelakoak garen esaten dauelako. Hau da: euskerea kontzienteki erdigunean jarteak modu jakin bateko eredu eta kultur politikagintzea eskatzen edo ekarten dau halabeharrez.
Gurea, jokoan doguna, ez da instrumentaltasun kontu bat, ez da kultur politika neurriak apliketea bakarrik: komunidade baten ezagutza lortzea, izatearen sentimenduak zabaltzea eta maila desbardinetako eragile kontzientziatuak sortzea baino. Euskal kulturearen bizibarritzearen historiak hori erakusten deusku. Horrexek dira, oinarrian, Mondragon Unibersidadearen barruko Huhezi fakultadeko Sorguneak ikertegiak euskal kulturearen gaineko ikerketatik atara dituan ondorioak.
'Modernitatearen hastapenak. 60. hamarkadako kultur garapena'. Jose Angel Irigaray (idazlea)
Irigaraik azaldu dauenez, XX. mendeko 60ko hamarkadan sortu eta garatu kultur mobimentua bide barriak jorratzen hasi zea, modernidadearenak. Arte plastikoetatik kantagintzaraino. Munduan gertatzen ari ziranen antzera, garaikide gisan: artean, antzerkian, musika eta kantagintzan, literaturan, soziologian, ahozkotasunean... pentsamenduan. Dinamika horretan Jorge Oteizaren eragina baitezpadakoa izan zan; Ez Dok 13 taldea be haren muinean ibili zan. Hizkuntzearen eta kulturearen lurraldea -euskal izaera- osatzeko eta sendotzeko erronkan, dinamika osoa sekulako salto kualitatiboa izan zan, ostertz eta aukera barriak zabalduz modu sustraitu eta edegian. Garaiak behar ebana. Hortik baitezpadako erreferente bilakatu izana.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!