Jokin Aspuru: 'Kalearen erabilerea aldarrikatu eta artea herritarrei hurreratzea da asmoa'
2010-07-27 11:16 BarriketanIV. GetxoPhoto, Nazinoarteko Argazkigintza Jaialdia irailaren 2tik urriaren 3ra izango da aurten, Bizitzaren plazerrak eta aisialdia ardatz hartuta. Europako eta Ipar Ameriketako egileak (Martin Parr, Phil Toledano, Martin Schoeller, James Mollison, Nadav Kander, Naomi Harris, Martin Kollar, Steve Schofield, Robert Huber, Txema Salvans, Anoek Steketee, Greg Miller, Andreas Meischner, Peter Dench, Mentalgassi eta Captura.org.) izango ditu protagonista eta tartean euskal ordezkari bat be izango da Eduardo Arrillaga elgoibartarra, hain zuzen. Hilebeteko tarte horretan, Ereagako hondartzatik Algortako Portu Zaharrera bitartean, irailaren 2tik urriaren 3ra egongo dira ikusgai argazki-muralak baina horrezaz gan, jaialdiko lehenengo astegoienean jarduera nagusiak be izango dira.
IV. GetxoPhoto Jaialdiaren ganeko kontu guztiak Jokin Aspururi galdetu deutsaguz:
1.- Aurreko hiru edizinoetako komisario Alejandro castelloteri agur esan eta Frank Kalero gaztearen ardurea izan da aurtengo gaia 'Aisiari gorazarre' aukeratzea. Zergaitik gai hori? Zelako lanak ikusiko doguz aurten?
Krisi garaian bete-betean gagozala eta hemen gurean, lana sakralizauta egon dala gogoan hartuta, egoki ikusi genduan aisialdian oinarritzea, beharretik kanpo bizi dogun denpora horretan; oso interesgarria begitandu jakun, besteak beste, badaukagulako eskubidea zoriontsu izateko eta gainera, jentea zelakoa dan sarritan aisialdian agertzen dalako argien.
Argazkietako gaiei jagokenez, aisialdia bai baina muturreko egoeretara eroandakoa islatuko dogu, berbarako, musika taldeen jarraitzaile sutsuak; zinema arloan, Galaxietako Gerra filmaren zaleak, euren bizitza pelikula horretako pertsonaien moduan jantzita egiten dabenak; emakumeen kulturismoa; playstationaren indarra; sexua taldean, bikoteen trukaketea... Holan, danetara, 15 erakusketa izango dira.
2.- Hasierako filosofiari eutsiz, kultur proposamena izateaz gan, herritarren parte-hartze kanalak zabalduz, emozinoak sortarazotea, herritarrek jaialdia berezkoa sentidutea da asmoa. Zelan lortzen da hori, zeintzuk dira parte-hartzeko kanalak?
Jenteak parte hartzea sano gatxa da, bakotxa bere munduan dabil eta ez da erraza izaten. Guk lehioak zabaltzen doguz, berbarako, urtero getxotarrek zein inguruetako herritarrei euren argazkiak erakusteko aurekerea eskaintzen deutsegu 'Pop proiekzinoa' ekimenean. Abuztuaren 20ra arte jasotako argazki guztiak proiektau egingo doguz profesionalen lanak erakusten doguzan moduan. Aurten gaia aisia da, hau da: zer egiten dozu ezer egiten ez dozunean? Kontaiguzu zure istorioa argazkitan! Parte-hartzaileek gehienez 10 argazki bialdu leikiez eta irudi bakotxaren pisua, gitxienez, 1,5 MBkoa izan behar dau. Argazkiak e-mailez (getxophoto@gmail.com) bialdu daitekez, CD batean aurkeztu daitekez GETXOPHOTOren bulegoan (Amezti 6, 5º, 5, Algorta) edo postaz bialdu daitekez (Posta Kutxa 355, 48990 Getxo).
Horrezaz gan, bisita gidatuak be eskaintzen doguz, erakusketak ikusiz, azalpenak emonaz; argazkigintza lantegi bat be antolatu dogu eta barrikuntza moduan, aurten Photo Walk, bertoko argazkilari ospetsuen estudioetatik bisita gidatua be izango dogu.
Parte hartzeagaz zerikusi handia dauen beste kontu bat Gazteleku da, Getxoko Udaleko Gazteak zerbitzuagaz batera garatzen gagozan proiektua; 13-16 urte arteko nerabeen aisia erretratetan gabiz eta argazki horreekaz eurek mural bat osotuko dabe GetxoPhoton.
3.- GetxoPhotoren bereizgarri artea kalean erakusten dozue argazki-muralak kaleetan kokatuz. Zer lortu nahi dozue horregaz?
Kalearen erabilerea aldarrikatzen dogu eta horregaz batera, artea kalera atara, museo eta erakusketa aretoetatik atara eta artea herritarrei hurreratzea da asmoa. Horregaz lotuta, istorio batzuk kontau, gai zehat bat hartuta, eduki batzuk zabaldu gura doguz, aurten aisialdiari buruzko gogoetea, igaz Asiako argazkilaritzea erakutsi genduan moduan. Urtero gai bat aukeratu eta horri buruzko gure ikuspegia helarazo gura deutsegu ikusleei.
4.- Irailaren 2an, Martin Parr argazkilaria eta Jaialdira konbidautako hainbat egileen topaketa batek GetxoPhoto 2010 edizinoari hasierea emongo deutso, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan...
Bai. Edozein hurreratu daiteke baina aretoan 300 bat lagun sartzen dira eta, beraz, deialdia zabala izan arren, interesatuek izena emon eta konbidapena jasotea nahitaezkoa izango da.
Martin Parr argazkilari ospetsua da, Manchesterreko Eskola Politeknikoan hezitua, 1994tik Magnum agentziako kidea da, nazinoarteko sari asko jaso ditu eta 50 liburu baino gehiago argitaratu ditu. Lujo handia da Getxon geugaz izatea.
Parr jn.ak bere lanaz berba egingo dau baina GetxoPhotora konbidautako ganerako argazkilariak be bertan izango dira eta publikoak argazkilariak ezagutu eta galderak egiteko aukerea izango dabe.
5.- Jardueren egitarauan, besteak beste, Pop Proiekzinoa ekimena bueltauko da eta Ibili bisita gidatuen programea. Horrezaz gan, Txema Salvansek, 'Argazkirik atera ezean hilko naz' lantegia eskainiko dau irailaren 2an eta 3an. Aurten gainera argazkigintzearen inguruko aldizkari eta liburuak kontsultau ahal izango dira Papel izeneko txoko batean. Zelakoa izaten da jentearen erantzuna?
Oso pozik gagoz jentearen erantzunagaz. Guretzat upealako subertea da GetxoPhotoren harian askatasun osoagaz lan egin ahal izatea. Guk proposatzen dogu dana eta ez dogu ezelako filtrorik pasau behar. Denpora tarte batean, herria guk gura dogun moduan, gure proposamenakaz jazten da eta hori zoragarria da.
6.- Aurtengo barrikuntzen artean, Peter Denchek alkoholismoaz egindako seriea Getxoko tabernatan erabiliko diran edalontzi azpikoetan izango dira ikusgai...
Gauza txikitxua da baina ideia, kontzeptua oso polita da. Argazkilariak ohituta dagoz beuren lanak beste modu baten erakusten, galeria, museo eta aretoetan, kopia zaindu eta kalidade handikoak erabiliz. Hasierako harridurearen ondoren, Peter Dench argazkilariari asko gustau jakon ideia eta serie polita osotu dauela uste dot. Getxoko tabernatan edalontzi azpikoetan ikusi ahal izango dira alkoholismoaz egindako argazkiak.
7.- Debalde aldizkariaren eta Skunk Funk erropa markeagaz lankidetzan, erakusketa berezia izango da aurten, izan be, zenbait egileren argazkiak kamisetatan serigrafiau eta norbera bihurtuko da argazkien erakusketarako euskarri...
Hori da ideia. Nahi dauena argazki euskarri ibiltari bihurtuko da. Eguneroko zereginei uko egin barik, kamiseta horreek jantzita daroenak GetxoPhotoren parte izango dira eta argazkilarien lana zabaltzen lagunduko dabe. Gauza dibertigarria izango dalakoan nago. Gaia euskal musikea izango da, argazkien azken aukeraketak eta oraintxe gagoz egiten.
Kamisetak jaialdian bertan egongo dira eskuragarri.
8.- Argazki bilduma bat osotzeko asmoz Getxoko Liburutegiagaz akordio bat izenpetu dozue. Zein da asmoa?
Bai. Gauza bat da argazkiak kalean ipintea, kaleak artearen erakustoki bihurtzea baina guk jaialdiari alde pedagokikoa be ikusten deutsagu; beti landu dogu arlo hori eta aurten barrikuntza moduan ikusten genduan liburua dala argazkiak erakusteko euskarri ohikoena eta erabiliena. Orduan, aurten dokumentazino zentro bat antolatu dogu munduko 50 bat argazki aldizkari erakusteko, hemen eskura ezin daitekezanak asko. Horrezaz gan, GetxoPhoton parte hartzen daben egileen argazki-liburuak be izango doguz. Proiektu hau egin dogu Getxoko Udal Liburutegiagaz eta asmoa da aitatu liburuen bildumea osotzen joatea, argazki liburuen erreferentziazko bilduma bat osotzen joatea.
9.- GetxoPhotok hasieratik aparteko ardurea dauka birziklapenagaz eta aurten be objektu bereziak preparau dozuez...
Bai. Badakizu GetxoPhoton erabilten doguzan irudi gehienak produzidu egin behar izaten doguzala; espazio eta neurri berezietarako argazkiak erabilten doguz eta gehienbat oihala, lona erabilten dogu. Oriduktu horreek zaramara botatea pena izango litzateke eta, beraz, urtenbide bat behar genduanez, argazkiok bizrziklatzea erabagi genduan. Urtero, Jaialdiko argazki zatiakaz zorroak, amantalak, bizikletarako poltsak eta abar egin izan doguz eta aurten be, Madrileko Antiatoms taldeak 5 piezaz osotutako bilduma berezia preparau dau igazko argazkiakaz. Amaia Arzuaga diseintzaileak be egin dau lan honetan. Irabazi asmorik bako proiektua da, josketa lana Emaus-ek egiten dau eta salmentako irabaziak Atfal-Getxo Sahararen aldeko taldeari emoten jakoz.
10.- Azken mezurik GetxoPhotora joateko dudan dagozanentzat?
Bueno. Besterik barik, Bilboko Aste Nagusiaren ostea pasetako plan polita izan daiteke, egun osoko plana, Getxo bisitau, Portu Zaharra, Algorta, argazki ederrak euskarri berezietan ikusi, argazkien euskarri izateko aukerea... Etorri, ez zarie damutuko!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!