Ibai izenen erabilera zuzenaz
2010-07-26 15:42 Euskerea berbagaiEuskaltzaindia Euskal Herriko ibai nagusien izenak arautzen dabil. Osoko bilkurearen azkeneko bi bileretan Bizkaiko mendebaldeko mugatik hasi eta Gipuzkoako ekialdekoraino Kantauri itsasoan isurtzen diran ibaienak eta berauen erreka-adar nagusienenak onartu ditu.
Euskaltzaindia Euskal Herriko ibai nagusien izenak arautzen dabil. Osoko bilkurearen azkeneko bi bileretan Bizkaiko mendebaldeko mugatik hasi eta Gipuzkoako ekialdekoraino Kantauri itsasoan isurtzen diran ibaienak eta berauen erreka-adar nagusienenak onartu ditu, hau da, Karrantzatik hasi eta Bidasoraino.
Toponimoetan ohi dan legez, amaierako -a bokala berezkoa ez bada, artikulua baizik, Euskaltzaindiak izenaren ondotik (-a) marka jarten deutse, izen hori deklinaukeran zelan jokatu behar dan jakin ahal izateko, esaterako Deba, berezkoa dalako, baina Bidasoa (-a), artikulua dalako. Hori dala eta, Bidasoa izena deklinaukeran holan egin behar da: Bidasoa, Bidasoan, Bidasoarekin..., baina Bidasoko, Bidasotik, Bidasora... Era berean, izen horrek bere azken -a galtzen dau ondoan beste determinatzaile bat edo adjektiboa daroanean. Adibidez: Bidaso maitea, Bidaso osoan, gure Bidaso hau...
Erabagi hau hartzeko, Euskaltzaindiak inguru horretako euskaldunen erabilerea izan dau kontuan. Izan be, XIX. eta XX. mendeetako testuetan erabat arruntak dira modu honetako aitamenak: Bidasora doaz; Bidasoko Bera; Bidasoko nekazarien biltzarra; Baztan, Malerreka eta Bidasoko gazteria, etab. Bertako herritarren artean batutako ahozko testigantzak be erabilera horren aldekoak dira, arruntak baitira, batik bat, adin batetik goitikoen artean modu honetako esaldiak: Bidásora bota zuten; Bidásotik atera zuten; Bidásoko izokinak, etab. Horrezaz gan, kontuan izatekoa da, herritar izena edo ‘jentilizioa’ deitzen dana, azken -a hori bakoa dala, hau da, bidasotarra, eta ez *bidasoarra.
Kontuak kontu, erabat baztertzekoak dira azkenaldi honetan, bai idatziz bai ahoz, zabaltzen ari diran era honetako esaldiak: *Bidasoako trenbide zaharra; *Bidasoaraino iritsi ziren; *Bidasoatik pasatu ziren; Baztan-*Bidasoako ingurua; *Bidasoako hitza... Horreen ordez beste honeek erabili behar dira: Bidasoko trenbide zaharra, Bidasoraino iritsi ziren, Bidasotik pasatu ziren, Baztan-Bidasoko ingurua, Bidasoko hitza...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!