Jaialdi 2010: dana prest Idahoko Boisen

Bizkaie! 2010-07-26 15:15   Euskaldunak munduan

Jaialdi 2010, euskal kulturea eta ohiturak gogoratzeko bost urterik behin antolatzen dan Jaialdiko ekitaldi nagusiak garagarrilaren 27an hasi eta abuztuaren 1ean amaituko dira

Garagarrilaren 24tik 26ra izan dan Reno Basque Festival arrakastatsuaren ondoren, euskal kulturea eta ohiturak gogoratzeko Jaialdi 2010, bost urterik behin antolatzen dan Jaialdiko ekitaldi nagusiak garagarrilaren 27an hasi eta abuztuaren 1ean amaituko dira baina aurreko egunetan be giro ederra izan da. Ikusmin handia dago eta inoiz baino handiagoa da espero dan jente kopurua, izan be, AEBetako estadu eta uri desbardinetatik ez eze, Euskal Herritik be makinatxu bat jente hurreratuko da. Ohikoa dan legez, datozen egunotan kale musikea, euskal janari eta edaria, euskal mintegi akademiko bat unibersidadean, pilota eta herri kirol erakustaldiak, Festara jaialdia, AEBetako eta Euskal Herriko jantza taldeen emonaldiak, bertsolariak, balleta, San Inazio prozesio eta meza nagusia, koruen emonaldiak, berbena eta jantzaldiak... Hona aste osoko ekitaldi egitaraua.


Jaialdi 2010. Egitaraua

- Garagarrilaren 27an eta 28an, arratsaldeko 17:00etatik gaueko 23:00etara 'Ongi etorri Jaialdira' Boise erdiguneko 'Basque Block' dalakoan.

- Garagarrilaren 28an, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara, 'Euskal Herria Mugaz Gaindi' Euskal Kultur Mintegia, uri erdiguneko 'Egyptian Theater' antzokian. Mintegi edo biltzar akademiko honek euskal kultura eta immigrazinoaz aditu diran Europa zein Ameriketako hainbat irakasle eta ikerlari batuko dau. Boise State University-ko (BSU) Euskal Ikasketa Zentroak antolatua, Eusko Ikaskuntza be tarteko.

-Garagarrilaren 29an, arratsaldeko 19:00etan, Gau kirolak Qwest Arenan. Sarrerak (12 dolar). Euskal Herriko 3 harrijasotzailek 125 eta 200 kilo arteko harri zilindrikoak jasoko ditue eta 125 kiloko harri biribilak. Bertako 3 aizkolari leihatuko dira eta 20 herri kirolarik lasto-altxaketan, gurdi-altxaketan eta esne-marmita eroate leihan ibiliko dira.

- Garagarrilaren 30ean, eguerdian hasi eta arratsaldeko 18:00ak arte: 'Euskal Kalea euskalduntzen'. Euskal Kalean. Janaria, edaria, musikari ibiltariak eta antxinako lagunak ikusteko eta barriak egiteko aukerea.

Arratsaldeko 19:00etan, 'Festara' emonaldia, Morrison Center-en Boise State University-ren campusean. Euskal Herriko jantza talde bi, Boiseko Oinkariak Dantza Taldea, bertsolariak eta Trey McIntyre-ren balleta.

- Garagarrilaren 31an, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:00etara 'Fairgrounds euskalduntzen', Expo Idaho-n (Saltokiak, jatekoa, edatekoa, kirol emonaldiak...). Zapatuko ekitaldiek AEB mendebaldeko 6 estadutako 36 jantza talderen emonaldiak batuko ditute. Emonaldiok ikusteko eraikin barruko bi agertoki antolatu dira.

Arratsaldeko 19:00etan, mezea St John katedral katolikoan. San Inazio meza tradizionala, euskeraz, euskal abesbatza eta Boiseko Oñati taldeko jantzariakaz, aldarean jantzan eginez, Euskal Herrian Oñatin Corpus Egunean egiten dan moduan.

Iluntzeko 21:00etatik goizaldeko 1:30ra arte, Dantzaldia Expo Idaho Fairgrounds-etan. Boise bertako 'Amuma Says No' eta Euskal Herriko zein Boise bertako beste musikari batzuk ibiliko dira musikea joten.

- Abuztuaren 1ean, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 17:00etara. 'Fairgrounds Euskalduntzen' Expo Idahon. Jantzak, harrijasotzaileak, janaria, saltokiak… zabalik egun osoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu