'Ahoa bete hots' Villabonan: ahozkotasuna hezkuntzan, literaturan eta hedabideetan
2010-07-26 12:19 BertsolaritzeaJoan Kruz Igerabide: 'Ahozkotasunaren alorrean emozinoak eta sentipenak dira abiapuntua. Esangura honetan ez dago aditurik gurasoak bezain ondo komunikatuko danik. Ahozko transmisinoan igorlearen barruko jarrerea da garrantzitsuena. Formeari dagokionean, hobeto edo okerrago adierazo arren, norberaren gorputzaren inplikazinorik barik ganerako guztia apainkeria hutsa da'.
'Ahozkotasuna hezkuntzan: Ahozkotasuna lantzeko materialak garatzea'. Miren Ibarluzea (Labayru Ikastegia — Herri Ondarea atala)
Miren Ibarluzeak azaldu dauenez, egungo bizimoduak ekarritako aldaketak dirala-eta, igarri-igarria da ahozkotasunaren berezko transmisinoa galdu edo ahuldu egin dala. Ez dira gitxi hezitzaile eta profesionalen artean, oinarrizko hezkuntza amaitu daben gazteen berbaz komuniketako gaitasunik ezaz kexatzen diranak. Orain artean ikasgelan landutako hizkuntza eredu (ia) bakarra idatzia izan da, kontuan hartu barik idatzia eta ahozkoa kode desbardinak dirana.
Ahozkotasuna lantzeko material egokiaren hutsunea gorria da gurean; edo zela-halako materialik dagoanean be, gehienbat ahozko adierazpenak jasoten dira, buruz ikasteko edo idatziz lantzeko, baina ez ikasleak ahozko komunikazinoan treba daitezen.
Bide berriak urratu nahirik, lekuan-lekuko unidade didaktikoak garatu ditu Labayru Ikastegiko Herri Ondareko lantaldeak azken urteotan.
'Ahozkotasuna eta literaturea'. Joan Kruz Igerabide (idazlea eta EHUko irakaslea)
Joan Kruz Igerabideren eretxiz, ahozko tradizinoa eta poesia oso loturik dagoz. Lehen poemak, aztertzaileek iradokitzen dabenez, silaba-erritmo hutsak ziran, eta egoera emozionalak adierazoteko erabilten zirea. Badogu halakoen zantzurik euskal ahozko tradizinoan. Umezaroan, berbetan hasi aurretik, umeak zeozer ikusten dauenean soinu bat jarten dau zeozelan ikusitako hori izetetako. Kontsolamendu eta babes bila hizkuntzearen ibaian sartzen da umea. Hazten eta garatzen joan ahala umea ingurua izentetan hasten da eta gauzei zein natureari zuzenean berba egiten hasten da. Plano berean kokatzen ditu eguzkia, ama…
Ahozkotasunaren alorrean emozinoak eta sentipenak dira abiapuntua. Esangura honetan ez dago aditurik gurasoak bezain ondo komunikatuko danik. Ahozko transmisinoan igorlearen barruko jarrerea da garrantzitsuena. Formeari dagokionean, hobeto edo okerrago adierazo arren, norberaren gorputzaren inplikazinorik barik ganerako guztia apainkeria hutsa da. Ez daiguzan bi esparruak nahastau. Oratoria garrantzitsua da baina barruko orekaz biziteko beharrezkoa da emozinoen bitartez komunietea. Eta hemen emozinoak adierazte hori berde daukagu Igerabideren ustez.
Ahozko iturriek eragin nabarmena izan dabe euskal literaturan. Herri iturrietatik edatea literatureari berotasuna emoteko modua izan da. Arestik, Mirandek, Gandiagak, Letek, Atxagak, Lertxundik… guztiek edan dabe ahozko iturrietatik. Idazle bakotxak ahozko iturri propioak ditu, molde propioak ditu literaturea garatzerakoan. Nortasun propioa. Horrek emon deutso literatureari komuniketako indarra. Horretarako baina jakin behar da ahozko iturriak, emozinoak, literaturan ondo buztartzen.
'Hik nola esango hukek/n?'. Julian Beloki (kazetaria eta komunikazinoan aditua)
1975eko irailean berba egin eban lehenengoz Julian Belokik Donostiako Herri Irratian eta, ordutik, ia beti euskeraz lan egin izan dau, kazetari eta esatari zereginetan ibili izan danean. Batez be, irratiz. Bere jardunaldiari jarritako izenburuko galderea (Hik nola esango hukek/n?) entzumenaren laborategian zintzilik eta eskura euki izan dau beti. Ez da beti galdera ozena izaten. Sarri, entzumenaren barrunbean, mintzairaren senaren oihartzuna sortzeko bakarrik erabili ohi dau. Baina, askotan, norbaiti galdetu behar izaten deutso. Lagungarri, osogarri, lasaigarri: hik nola
esango hukek/n halako edo bestelako? Hiztegi eta gramatika kontsultez haratago.
Zorionez, inoiz baino eredu aukera zabalagoa daukagu gaur egun. Belarri askotara heltzen diran hedabidetan gainera. Euskerazko ahozkotasunaren kaleidoskopioa prisma gehiagokoa da. Forma eta kolore askotako irudiak sortzen dituana. Sentiberatasun eta adierazkortasun ikuttu eta igurtzi asko eragiten dituana. Zuzentasunean eta egokitasunean eredu desbardin asko taiutzen dituana. Baina, zelan eregiten dau gaurko esatariak bere barruan ahozkotasun komunikatibo egokia? Zelan egokitzen dau esateko modua entzuteko moldeetara? Zelan buztartzen doguz adierazkortasuna, zuzentasuna eta egokitasuna? Zelan partekatzen doguz errealidade zatiak, ahoz aho eta belarriz belarri, kontakizun egokitan, entzule eta ikusleen arreta eta atxikimendua lortzeko? Julian Belokiren ustez ahozkotasunaren gaia konplexua da garaiotan. Ez dogu ikasi besteei komunikau ahal izateko bakarrizketea antolatzen. Entzule talde jakin baten aurrean berba egin aurretik informazinoa batu eta pentsamendua antolatu behar dogu ondoren sormenari lekua itxita, jarrera edegia izanez.
Esan beharrekoa idatziz jasotea Belokirentzat indargunea da, horrek ondoren inprobisetako aukerea eskaintzen deutso. Esan beharrekoa idatziz jaso ondoren praktiketea ei da gakoa eta ahozko jarduna gauzatuko dogun aretoa, publikoa eta egoera bisualizetea. Dana dala, jentaurrean berba egiterakoan entzulea sentidu behar da. Garrantzitsua da entzulearen jarrereari adi egotea eta kontakizunean indarra, emozinoa, jartea. Igorlearen eta entzulearen artean feed-backa egotea. Era berean, norbera ezagutzea eta jarrera baikorra izatea ezinbestekoa da, nor bere buruagaz eroso sentidutea, urduritasuna arnasketearen bidez erreguletea…
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!