Jose Luis Zumetaren serigrafia-lanak Gernikako Euskal Herria Museoan
2010-07-21 16:04 KultureaGipuzkoako sortzaile ospetsuaren 38 serigrafien erakusketea garagarrilaren 30etik irailaren 16ra arte egongo da ikusgai.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako diputadu Josune Ariztondok, Jose Luis Zumeta artista (Usurbil, 1939) eta Usoa Zumeta –editorea, arte grafikoaren inprimatzailea eta artistearen alabea– ondoan dituala, Gipuzkoako sortzaile ospetsu horren 38 serigrafien erakusketea aurkeztu dau. Erakusketea garagarrilaren 30etik irailaren 16ra arte egongo da ikusgai.
Erakusketan batutako lanak Zumetak egindako 'Oi! Bihotz Ay! Corazón Oh! Heart' liburukoak dira. Liburu hori Santa Agedako San Juan de Dios ospitale psikiatrikoko gaixoek 80ko hamarkadan idatzitako 'Globo Rojo' aldizkarian agertutako testu eta poemetan inspirauta sortu dau. Marrazkiak 26 testu laburretan inspirauta dagoz eta Buenos Airesen eginda dagoz, 2006-2007ko neguan.
Usurbilgo margolariak eta bere alabeak formatu handiko –30x35 cm– 150 aleko tirada mugatu bat egin eben. Aleak zenbakituta eta sinatuta atara zituen, serigrafian inprimiduta, eskuz egindako paperaren gainean. Balio ekonomiko handikoak dira. Gero, beste edizino merkeago bat atara eben, obrearen inguruan egin diran erakusketetarako.
Zumetak 2006-2007ko neguan Buenos Airesen egin zituan marrazkien erakusketea Bilboko Arte Eder Museoan erakutsi zan lehen aldiz, 2009ko udan eta, gero, sortzaile bien nahia kontuan hartuta, Euskadiko hainbat herritan aurkeztu da, besteak beste, Donostian, Durangon edo Arrasaten.
Jose Luis Zumeta lehenengo aldiz hurreratu da Gernikako Euskal Herria Museora. Aditu batzuek 'kolorearen magoa' esaten deutsie eta euskal artista ospetsuenetakoa da. 60ko hamarkadan, besteak beste, Ruiz Balerdi, Sistaga, Basterretxea, Mendiburu, Oteizagaz batera, 'Gaur' taldea sortu eban, euskal artearen alderdi guztiak sustatzeko.
Artista gipuzkoarrak herriaren adierazpenetatik hur dagoala erakutsi dau barriro be, 'Oi! bihotz Ay! corazón! Oh! heart!' lanagaz, eta Santa Agedako gaixoek egindako Globo Rojo aldizkariari jagokonez, artearen ofizioaren akademiatik kanpo dagoan jendearen lanak interesetan jakozala gogoratu dau, besteak beste, graffitiak eta, umeen marrazkiak
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!