Juan Carlos Latxaga: 'Athletic egon behar da beti perfekzinoan'
2010-07-19 12:26 BarriketanKazetaria
'Lezama XXI' egitasmoa aurkeztu barri dau Athletic taldeak betiko filosofiari eutsiz baina barrikuntzeari eta hobekuntzeari tartea egiteko asmoz. Gogoetea egiteko momentua da baina aurrera begira beti. San Mames Barria proiektua martxan dago, Lezaman futbol zelai barri bi eregiteko lanak laster hasiko dira eta Lezama XXI egitasmoaren barruan, oinarrizko arlo bi nabarmendu zituan prentsaurrekoan Clubeko presidente Fernando Garcia Macua jn.ak: batetik, Lezamako Eskolearen 40 urteko historia jasoko dauen liburua eta, bestetik, Fernando Sanchez Bañuelos adituak zuzenduko dauen Athletic Clubari buruzko analisi teknikoa, orain arte egindakoaz eta emon daitekezan pausuei buruzkoa.
Hona hemen, Lezamako historiari buruzko liburua atontzen dabilen Juan Carlos Latxaga kazetariagaz izan dogun barriketaldia:
1.- Oraingoz ez dago Athletic taldearen oinarria dan Lezamako Eskoleari buruzko dokumentu idatzirik eta zorionez datorren urtean, Lezamaren 40. urtebetetzean, apirilean edo argitaratuko da liburua. Noiz jaso zenduan liburua idazteko proposamena? Liburua zeuk sinatuko dozu ala lantaldean egindakoa izango da?
Enkargua aurtengo apirilean egin eustan Athleticeko zuzendaritzeak eta gitxi gorabehera epeak, asmoak eta zehazten ibili ginan eta honezkero beharrean gabiz. Lantaldean neu naz buru, idazketearen ardurea be neurea da baina Athletic-eko prentsa arduradun bi eta Athleticeko museoko arduraduna be beharrean dabiz. Helburua Lezamari buruzko behin betiko dokumentu bat egitea eta, beraz, planteamendua entziklopedikoa izango da, literaturea eukiko dau baina asmoa gehiago da datuak, koadroak, izenak, datak eta holako detaileak jasotea.
2.- Clubak erispide zehatzik edo gidoirik markau deutsu ala askatasun osoa izango dozu liburua osotzeko?
Bai askatasun osoa daukat. Pentsaizu hau ez dala nobela bat izango, sormenak be leku txikia izango dau baina gehienbat liburu teknikoa, historia jasoko dauena izango da. Data eta datu zehatzak jasoko doguz bihar-etzirako dokumentu erreferentziala izan daiten, kontsultarako zein memoria historikoa gordetako.
3.- Ze atal edo ze arlo jorratzeko amesa dozu? Instalazinoak, eskolatik pasau diran pertsonak, eskolearen lorpenak, bilakaerea, helburuak...
Niri gehien interesetan jatazanak historia personalak dira. Historia personal oso politak dagoz Lezamaren inguruan. Instalazinoak, entrenamentu motak, teknikak eta enparauak be interesgarriak dira eta jorratuko doguz liburuan baina niretzako askos mamitsuagoak eta adierazgarriak izango dira historia personalak. Nondik nora sartu ziran, zelan lan egiten eben, pasadizuak... Lezamatik jente asko pasau da, lan pilo bat egin dabe eta kontu bitxiak be badagoz. Kasu askotan, historia zirkularra izaten da, berbarako Fernando Sanchez Bañuelos jn.aren kasua. Lezama abiarazoteko prozesuan zeresana izan eban eta orain, barriz, Lezamaren oraina eta geroa ardatz hartuta, profesional independienteen eskutik analisi teknikoa egingo dauen lantaldeko buru izango da. Bañuelos jn.a, besteak beste, 92ko Bartzelonako Joku Olinpikoetako ADO programearen zuzendari teknikoa izan zan.
Historia personal horreetako bi nabarmentzearren, Santi Urkiagaren historia aitatuko deutsut lehenengo. Athletic-egaz Ligako eta Kopako txapeldun izan zan eta bera da Athletic-eko lehenengo jokalaria umetan Lezaman hasi eta lehenengo taldera heldu zana.
Bestetik, Manolo Delgadoren ibilbidea be sano berezia da; 35 urte daroaz Lezaman. Tenerifetik etorri zan urtebeteko kontratuagaz eta bizi osoa egin dau hemen.
4.- Materiala batzeko prozesuan zeintzuk izango dira iturriak? Athleticek bazkideen artean egindako inkestako emoitzak be erabiliko dozuz?
Iturri nagusiak protagonistak eurak izango dira. Bizirik dagozan protagonistak izango dira gure iturri nagusia; Iñaki Saez, Txutxi Aranguren, Manolo Delgado bera, Jose Ignacio Zarza Athletic-eko gerente ohia eta Felix Oraa Athletic-eko presidentea, Athletic taldearen eta Lezamaren historian oso gizon garrantzitsuak, Oraa jn.a Lezamaren sortzailea izan zan eta Zarza jn.a, barriz, Lezamako Eskolearen sorrerra kudeatu ebana izan zan.
Kontuak kontu, holako personak dira gure iturri nagusi baina Clubaren barruko dokumentazino guztia be erabiliko dogu. Sistematizau barik egon arren, beharrean gabiz hortik be informazino garrantzitsua atarateko. Horrezaz gan, hemerotekea be aztertuko dogu, izan be, orduko egunkarietan informazino asko topetea espero dogu.
5.- Zeintzuk dira liburuaren helburuak?
Egun hor zehar sakabanatuta dagozan idatzizko informazino zaharrak zein alkarrizketa barriak batu eta Lezamaren gorabeheren ganeko behin betiko dokumentu idatzia eskuragarri izatea da helburu nagusia, informazino guztia bolumen bakarrean sistematizatua.
6.- 1971ko urtarrilaren 27an egin eben orduko jokalariek lehenengo entrenamentua Lezaman ordura arte San Mamesen ibili ostean. Hori izan zan Lezamako Eskolearen abiapuntua. Kantera lanaren ereduak aztertzen be hortxe hasi ziran orduko agintariak...
Bitxia da hasierea, izan be, Lezamaren sorrerako momentuan ez egoan eskola eta holako ideiarik. Lezama sortu zan San Mames zelaia hondatuta egoalako. Kontuan hartu, hor entrenetan ebela lehenengo taldeak eta Bilbao Athletic-ek batzuetan, normalean Garellano ibilten baziran be. Domekero partidu bi izaten ziran San Mamesen eta, beraz, zelaia hondatu egiten zan. Gazte mailako taldeak, barriz, Etxebarriko zelaian entrenetan eta jokatzen eban. Beraz, beharrizan horreek eragin eben Lezama sortzea, batetik, San Mames zelaia hondatzen zalako eta, bestetik, orduko hiru taldeak bakotxa bere aldetik ebilelako entrenetan eta. Hasierako ideia, beraz, hiru taldeentzako entrenamentuetarako lekua eukitea izan zan. Dana dala, berehala konturatu ziran beste aukera batzuk be baegozala. 1971ko urtarrilaren 27an egin eben orduko jokalariek lehenengo entrenamentua Lezaman eta urte horretako apirilean jokatu zan lehenengo txapelketea ume eta gazte mailetan. Umeak erakarten eta umeakaz beharrean Lezama eregi eta hirugarren hilebetegarrenean hasi ziran. Eskola kontzeptua geroago hasi ziran jorratzen.
Bestetik, Kantera lanaren ereduen harian, jente askok ez dakien arren, Hungrian, Inglaterran eta Italian be ibili ziran orduko agintariak ikusten eta ikasten baina azkenean, Athletic-entzako eredua Frantzian topau eben, Vichy-n, hain zuzen be. Frantziako Federazinoak CREP izeneko instalazinoak eukazan herrialdean zehar eta Vichy-ko zentroan, Pier Pibarot jn.agaz lehenengo hartu-emonak izan zituan Jose Ignacio Zarzak. Hori izan zan bilbotarrentzako eredurako oinarria.
7.- Lezamako Eskolearen bilakaeran ze mugarri zehaztuko zeunkez?
Urrezko momentua hasierea da, lehenengo momentuetako indarra eta batez be, lehenengo hamarkadea. Gogoratu, 82-83an Athletic-ek Liga bi eta Kopa bat irabazi zituala. Talde hori oso-osorik Lezaman hazitakoa izan genduan.
Gorabeherak be izan ditu Lezamak, jakina, jaiotza tasak eta gizartearen egoerea bera be gogoan hartzekoak dira. Gizartea, giroa, gazteak asko aldatu dira; berbarako, lehenengo gazte mailako jokalariak trenez joaten ziran Lezamara eta eurentzat sakrifizio handia izaten zan Lezamara joatea...
Edozelan be, gorabeherak gorabehera, Lezamak beti funtzionau dauela ondo esango neuke; 40 urte joan dira eta Athletic-ek beti izan ditu Lezamako jokalariak.
8.- Berrogei urteko historian, Lezamak kritikak be jaso ditu arrakasta handiko beste kantera eredu batzukaz konparaukeran...
Bai. Futbol talde guztietan eta Athleticen modu berezian lehenengo taldea txarto dabilenean, zaleak errudunen bila hasten dira eta gure kasuan Lezamara begiratzea izaten da ohikoena. Nire ustez, kritikak ez dira bidezkoak ze Lezaman lan asko eta ondo egiten da. Bartzelona eta beste talde batzuetako kanterea hobea dala esatea eta Athletic-ekoagaz konparetea be ez da zuzena ze Bartzelonak, berbarako, mundu guztiko umeak kontroletan ditu. Matematikak zehatzak dira baina Lezamakoa ez da zientzia perfektua, hori ez da torlojuak egitea. Ganera jenteak ez daki zehatz han zer egiten dan. Lezaman egunero 12-15 ordu egiten da lan.
Horrezaz gan, entzun behar izaten da Nafarroatik edo ez dakit nondik fitxatzen dirala jokalariak baina jenteak ez al daki historian zehar, Astrain, Purroy, Tirapu, Pedro Mari Zabalza (Bartzelonatik) be fitxau dituala Athleticek... Jabo Irureta bera (Athletico Madriletik), Iñaki Txurruka (Sportingetik)... Historia geugaz hasten dala pentsetan dogu baina komenidu da aurretik egindakoa be aztertzea eta baloretea.
9.- Javier Irureta Athleticeko kirol zuzendariak prentsaurrean esan eban futbolean I+D+I apliketea dala asmoa. Bañuelos jn.a buru izango dauen lantaldearen analisiaren faltan, Lezaman zer hobetu daitekela pentsetan dozu?
Hori teknikoek esan beharko dabe. Oin, 40 urteko esperientzia ikusita, zer hobetu daitekeen ez dakit baina argi daukat Athletic-ek gura badau segidu Lezamaren pentzura biziten Lezama egon behar da besteak baino 10 urte aurretuago, tekniketan, instalazinoetan, lanaren aldetik... Hori da giltza, inork baino hobeto eta, ahal dala, inork baino arinago lan egitea. Athletic ezin da erratu, Athletic egon behar da beti perfekzinoan. Athletic-en ezin da talentu bakarra galdu. Atzera joko dot barriro. Lezamaren urrezko momentua lehenengo hamarkadea izan zan. Zergaitik? Athletic-ek 10 urte horreetan egin ebana ez ebalako beste inork egin edo beste maila batean egozalako. Athletic aitzindaria izan eta hor etorri ziran emoitzak.
10.- Athletic-eko jokalari bi Jabi Martinez eta Fernando Llorente Munduko Txapeldun izan dira Hegoafrikan. Athleticen historian lehenengoz pasau da hori...
Historian izan dira bai Espainiako taldeagaz jokatu daben Athleticeko jokalariak baina Jabi eta Fernando lehenengo jokalariak dira Munduko Txapelketea irabazi dabenak. Espainiako taldearen historian be lehenengo mundiala da eta jakina gure jokalari bi horreentzako eta Athletic taldearentzako be positiboa izango da. Edozeinek ezin lei esan munduko bi txapeldun dituala taldean. Eta ganera, bi mutil etxekoak, Lezaman eginikoak, Fernando Llorente 12 urtegaz heldu zan Lezamara eta Jabi Martinez 15 edo 16gaz. Baina ez dogu ahaztu behar hor dagozala lehenengo taldean Susaeta eta bestelako batzuk Lezamatik urtendakoak.
11.- Liga Txapelketan, denporaldi barria abuztuaren azken astegoienean hasiko da. Athletic taldea zelan ikusten dozu denporaldi barriari begira?
Ondo. Fitxaketarik ez da egin baina taldea sendo dago. Salbuespen batzuk kenduta, ganerako taldeek be ez dabe fitxaketa lar egin eta hori ona da guretzako; egungo krisi egoerea Athletic-entzako ona dala pentsetan dot, izan be, talde askok eurenagaz ekin beharko deutsie eta eurena nire ustez gurea baino ahulagoa da. Baina, jakina, Bartzelona eta Real Madrid alde batetik eta ganerakoak, bestetik ibiliko dira aurten be. Bigarren multzo horretan, Athletic goi mailan ibiliko dala pentsetan dot.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!