Bakioko Itxas Alde eta Orereta Abesbatza Txinan
2010-07-13 10:40 KultureaItxas Alde eta Orereta Abesbatza taldeek Ekialde Urrunera egin behar daben bidaia aprobetxauko dabe Bilbok Shanghai 2010 Erakusketan dauen eremuan emonaldiak eskaintzeko. Bi taldeek Txinako Shaoxing urian ospatuko dan World Choir Games dalakoen seigarren edizinoan be parte hartuko dabe hilaren 15etik 26ra bitartean.
Bilboko Udalak euskal folklore tradizionala ezagutarazoko dau Shanghai 2010 Erakusketa Unibertsaleko Uri Praktikarik Onenen Alorrean kokatu dauen 'Bilbao Guggenheim ++' erakusketa-eremuan antolatutako emonaldien bitartez.
Holan, gaur, hilak 13, Itxas-Alde jantza taldeak bi ordutik gorako iraupena dauen folklore-ikuskizuna eskainiko dau. Emonaldia 10:00etan hasiko da (4:00etan Euskadin), Bilboko erakusketa-eremuan, eta kalejira batez Uri-Praktikarik Onenen Alorreko Plazan finkatutako eszenatokira inguratuko da, hantxe eskainiko baititu aurreikusitako koreografiarik gehienak 10:30etatik aurrera (4:30etan Euskadin).
Itxas-Alde taldea Bakion (Bizkaia) sortu zan 1972an, eta 100 kide baino gehiago ditu gaur egun, danak gazteak. Emonaldiak 45na minutuko bi zati ditu, eta batean zein bestean, euskal folkloreko jantzak, doinuak eta kantuak eskainiko ditu.
Itxas-Alderen egungo errepertorioa 100 jantza baino gehiagoz osotua dago, eta emonaldietan era askotako instrumentu tradizionalak (txistua, gaita, txirula...) eta beste kultura batzuetatik hartutakoak (eskusoinua, panderoa...) tartekatzen ditu. Emonaldiak eskaini ditu Portugalen, Frantzian, Katalunian, Errusian, Turkian, Italian, Argentinan, Bulgarian, Eskozian, Polonian eta Costa Rican.
Bestalde, garagarrilaren 20an, Orereta Abesbatza ume koruak kontzertua eskainiko dau Shanghaiko Erakusketa Unibertsaleko 'Bilbao Guggenheim ++' eremuan, eguerdiko 12:30etatik aurrera (6:30etan Euskadin). Errenteriako (Gipuzkoa) abesbatzak oso kalifikazino onak lortu izan ditu nazinoarteko lehiaketetan, Cantonigros (Katalunia), Torrevieja, Llangollen (Gales) eta Tolosakoak (Gipuzkoa) tarteko dirala.
2004an, Islandian egindako topaketa batean, ospe handiko zenbait zuzendarik Orereta Abesbatzaren lana goraipatu eben. Era berean, talde honek lan bikain eta distiratsua izan eban, koru pilotu legez, Musikene Euskadiko Musika Zentro Nagusiakume koruetako zuzendarientzat antolatu zituan ikastaroetan, Pariseko Kontserbatorio Nagusian irakasle dabilen Claire Marchand-en batutapean.
2008an, taldearen sorreraren 40. urteurrenagaz bat eginez, Orereta Abesbatzak 'Ilusio tanten dizdira' diskoa grabau eban, eta honek be kritikarik onenak lortu ditu.
Itxas Alde eta Orereta Abesbatza taldeek Ekialde Urrunera egin behar daben bidaia aprobetxauko dabe Bilbok Shanghai 2010 Erakusketan dauen eremuan emonaldiak eskaintzeko. Bi taldeek Txinako Shaoxing urian ospatuko dan World Choir Games dalakoen seigarren edizinoan be parte hartuko dabe hilaren 15etik 26ra bitartean.
'Bilbao Guggenheim ++' erakusketa-eremua Shanghai 2010 Erakusketako Uri-Praktikarik Onenen Atalean kokatuta dago, Parisko eta Osakako stand-en ondoan.
Egunak joan eta egunak etorri, aurreikuspenik baikorrenak be gaindituz joan dira. Holan, maiatzean Bilboko erakusketa-eremura inguratu ziran 180.224 bisitarien aldean, bagilean 218.434 lagunek bisitau dabe, aurreko hilean baino % 21 gehiagok, hain zuzen.
2010eko Erakusketa Unibertsala joan dan maiatzaren 1ean inaugurau zan, eta pasa dan zapatura arte, danetara 460.326 lagunek bisitau dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!