Egoi eta Rasa: 'itsasoak atrapau egin gaitu'
2010-07-12 11:17 BarriketanEgoi Urkiza galdakoztarrak, bere neska-lagun Rasa Varnaite lituaniarrak eta beronen aita Andrius Varnas-ek urte bi egin ditue munduari buelta osoa emoten Ragaine II, 10 metroko belaontzian. Danetara, 14 etapa, 44 herrialde inguru eta 26.600tik gora itsas-milia izan dira. 2008ko irailaren 7an Bermeotik abiatu ziran eta orain egun batzuk, bagilaren 27an sartu ziran Bermeoko portuan lagun eta senitartekoen harrera beroagaz. Orain, barriz, Lituaniara bidan dagoz, izan be, abenturea han amaituko da Andrius kapitainaren herrialdean. Laster jasoko dogu Egoiren kronikea itsasotik baina biden bitartean, hona hemen Egoi eta Rasagaz Bermeotik bueltan izan genduan barriketaldia:
1.- Zorionak. Ehundaka esperientzia bizi ostean, etxean bueltan zagoze. Ze gogoeta eragiten deutsue Lituaniara arteko bidea baino falta ez jakon abentura honek?
Egoi Urkiza: amesa izan da eta pozarren gagoz; urte bi izan dira baina denporea konturatu barik joan jaku. Aurrez geunkazan itxaropen edo asmoa guztiak bete dira, oso ondo pasau dogu, gauza asko ikasi doguz eta jokabide eta jarreran aldatu egin garela sentiduten dogu.
Rasa Varnaite: espero genduana baino hobea izan da esperientzia. Oso pozik gagoz eta burua oraindino itsasoan daukagu. Holako esperientzia gehiago bizi gura geunke.
2.- Urte biko tartean, momentu onak eta txarrak bizi izango zenduezan. Txarrenak gogoratzen hasiko gara, gero onenaren gustuagaz geratzeko. Zein da abentura honetan bizi izan dozuen pasarterik gogorrena edo txarrena?
E.U.: Bai momentu txarrak bizi izan doguz baina esango neukizu horreek arin ahaztuten dirala eta momentu horreetatik asko ikasten dala. Egia esan, itsoso guztietan izan doguz momentu gogorrak, olatuakaz, haizeagaz eta. Berbarako, 2008ko Gabon jaietan balda batetik jan behar izan genduan, olatu erraldoiak barruraino sartzen ziralako. Indikoan ezustean agertzen ziran haize boladak eta gaua egun bihurtzen eben ekatx elektrikoak sufridu genduzan. Edozelan be, momentu gogorrena Mediterraneo itsasoan izan zan, Egipto eta Grezia bitartean; egun bi izan ziran 140 kilometro orduko kontrako haizeagaz eta benetan pentsau genduan handik ez genduala urtengo. Kretara heltzea zan gure asmoa baina haizeak Alejandriara eroaten gintuan, ehun eta piku itsas-milia egin genduzan baina atzerantz, atara kontuak.
Beste momentu bat be ez daukat ahaztuteko, Egipton, Itsaso Gorrian, haizeak aurrez-aurre emotend eutso gorantz bazoaz eta korrontea normalean haizeagaz batera joaten da. Kontua da ze haize bolada gogorrakaitik geldialdia egin behar izan genduala Saharm Luli izeneko badia milirarrean. 7 egun eta 6 gau emon genduzan bertan, kostara joan ezinik, bisadorik ez geunkalako. Harez bete jakun barkua baina txarrena han geldi, ezer egin barik egotea oso astuna izan zan.
R.V.: astebeteko tarte hori, niretzako zoragarria izan zan, paradisuan gengozan. Baina Egoik esandakoez gan, Asia hegoaldean, arrantzontzi txikiak jagoten be tensino momentuak bizi izan doguz, izan be, edozegaz eta edozelan itsasoratzen dira, ezelako argirik barik eta istripuak jazo daitekez. Ekatx elektrikoakaz be nik oso txrato pasetan neban. Dana dala, Egoik be esan dau eta egia da momentu txarrak arin ahaztuten dira, itsasoa horrelakoa da, magia berezia dauka eta lehorreratzen zarenean, berehala itsasoratzeko gogoa pizten jatzu.
3.- Dana ez da izango txarra eta moemntu ederrak be biziko zenduezan, gogoangarriak. Bateren batzuk gogoratzearren, zeintzuk?
E.U.: ahaztuko ez doguzan momentuak piloa dira. Ezagutzen ez dozuzan lekuetara heltzen zarenean, Fidji, Vanuatu... Bestetik, 28 egun itsosoan egin ostean, Pazifikoko lehenengo ugartera heldu ginan momentua eta batez be, umeen bizipoza, miseria gorian bizi arren, daukien guztia emoten deutsuen lagunakaz bat egiten dozunean...
R.V.: Bai, Egoik esandakoakaz bat nator eta, horrezaz gan, Galapagosera heldu eta itsosoko uragaz dutxatzen nengoala, izurde bat agertu jatan ezustean ondo etorria emotera bezela eta detaile txiki hori ez dot sekula ahaztuko. Edota Eritrean, munduko herrialderik pobreenetakoan, kafea eta pasteltxu bat pagetan itxi ez euskuenean... Paraje horretan, umeek beste inon baino irribarre gozoagoa eskaintzen deutsue. Guk danetarik daukagu eta zoriontsu izateko arazoak izaten doguz; herrialde pobreetan, barriz, ez daukie ezer baina zoriontsu bizi dira.
E.U.: leku askotan diruak ez deutse ardura, ez deutse aparteko baliorik emoten baina zoriontsu bizi dira daukien apurragaz. Maureau-n pasau jakun, gazte batek armozua jaten konbidau eta guk dirurik ez geunkala esan geuntsonean, berehala esan euskun dirurik berak ez dauela aitatu eta konbita baino ez dauela luzatu. Jenteak esperientziak bizi gura ditu, laguntzinoa emon, jente barria ezagutu eta behin eta barriro dinotsudana, daukien apurra eskaini gura deutsue.
4.- Bidaia honetan bizitako esperientzia horreek guztiek zelan eragin deutsue? Persona legez aldatu egin zarie, jarrera eta jokabideetan eta?
E.U.: betiko Egoi eta Rasa izaten segiduten dogu baina gauzak beste modu batean ikusten doguz orain, gauza asko ikasi doguz, berbarako, dirua bota barik biziten eta, oro har, orain persona lasaiagoak garela esango neukizu.
5.- Urte bi emon dozuez belaontzian, metro koadro gitxitan biziten Andrius kapitaina, alaba Rasa eta zu zeu, Egoi. Konbibentzia arazorik? Zelan konpondu zarie?
R.V.: familia gara eta ondo konpondu gara, Egoi nire aitaren lagun handia egin da ganera, nire aita baino gehiago barkuko kapitaina zan, tripulazinoko kidetzat hartu gaitu eta hirurak egon gara maila berean. Tirabira batzuk izan dira, jakina, baina edozein familiatan egon daitekezan moduan.
E.U.: polito joan da dana. Rasa nire neskalaguna da eta Andrius lagun handia, batzuetan musuka jango neukena eta beste batzuetan, barriz, hasarraldiren batean kolpeka hartuko neukena. Eztabaidak izan dira baina holako tirabirarik ez badago zure inguruko persona horreek ez jatzuzalako inporta izango litzateke; normalak dira holako diskusinoak batez be erabagi gogorrak hartu behar diranean.
6.- Munduan zehar ibili zarienean, egin izan deutsezu jarraipena hemengo barriei, krisia, langabezia, kirola...?
E.U.: Hasieran jarraitzen genduzan gehiago, Panamaraino, Galapagoseraino be bai. Gero, barriz, Itsaso Barean, berbarako egunkaria irakurteari itxi neutson. Dana zan negatiboa eta ez neban ernegau gura. Gu giro positiboan bizi ginan. Ganera, familiak eta lagunek be kontetan euskuezan gauzak.
R.V.: familia eta lagunak izan dira gure ardura nagusia eta eurekaz hartu-emonetan egon gara eta bisitan be etorri jakuz sarritan.
7.- Zelakoa zan nabegazinoko egun normal bat, zelan antolatzen zenduezan bakotxaren egitekoak eta?
E.U.: belan ardurea Andriusek eta neuk geunken eta Rasak preparetan izan deusku jateko gozoa. Ibilbidea zehazteko kontua Andriusek eta Rasak egin dabe gehien baina tarteka neuk be emoten neutsan begiradatxua. Edozelan be, danon lana izan da barkuan egin beharreko guztia. Andrius kapitaina izan da, Rasa almirantea eta ni behargin arrunta. Beti egoan zeozer egiteko eta benetan dinotsut ez dogula izan aspertzeko astirik. Andriusek esaten dauen legez, 'txarriak beti topetan dau basea edo lupetza'.
R.V.: besteak lotan dagozan bitartean, zaindari lanak 4 orduko txandatan egin izan doguz. Egunez, zaindari lanik ez dogu egin, barrutik kanporako buelta batzuk bai dana ondo dagoala ikusteko baina piloto automatikoa erabili dogu eta hori sano lagungarria da. Gure jarduna, barriz, ohikoa zan, belak aldatzea, hurrengo geldialdia aztertu, irakurri, ze bazkari preparau pentsau, mantenimenduko lanak...
8.- Zer da lurreko bizimodutik faltan gehien hartu dozuena? Zergaitik?
Rasa eta Egoi: dutxea!!!
R.: Kontuan hartu hilebete osora arteko denporaldi luzeak egin doguzala itsasoko uragaz dutxatzen eta holakorik probau ez dauenari aprobea egiteko eskatuko neuskio. Tropikoan zehar ibili gara upealako beroagaz eta dutxa freskoa baino ez geunkan sarritan buruan. Lehorreratzen ginan bakotxean dutxa baten bila joaten ginan arineketan beste ezer baino lehen. Gure amesa zan etxera bueltaukeran egunean bost dutxa edo hartzea...
E.U.: nik neuk okelea be hartu dot faltan eta egun batean amesetan be egin neban okeleagaz...
9.- Itsasotik bueltan, etxera heldu eta zelan moldatu zarie lurreko bizimodura?
E.U.: atara kontuak, etxera heldu eta gastroenteritisa atrapau neban. Astebete egon naz jota. Hor zehar urte bi emon doguz eta ez gara gaixotu eta etorri eta golpera, barriz, gaixorik. Ez. Oraindino burua itsasoan, beste orbita batean daukagula uste dot eta egunotako sentsazinoak dira, apur bat lekuz kanpo gagozala edo, galduta legez. Lagunak Toulussera etorri jakuzanean be, 'zarata' larregi igarten genduan, luzaroan beste patxada bategaz ibili ostean. Guretzako ez dira oporrak izan, bi urte emon doguz esperientziak biziten eta hemen beste ardura eta burukomin batzukaz igarri dogu jentea, geuk be lehenago geunkazanak seguru baina bi urteko dinamika diferentearen ondorioz, ardurak eta aldatu edo egin jakuzala sentiduten dogu.
10.- Orain Lituaniara zoaze abentureari amaierea emoteko. Edozelan be, gerora begira, ze asmo daukazue? Bidaian zehar egunerokoa idatzi eta milaka argazki atarateko astia be izan dozue. Material hori zeozelan aprobetxetako amesa dozue? Berbaldiak, libururen bat, proiekzinoak...
R.V.: egia esan, ez dakigu eta ez dogu horretan pentsau gura. Burua itsasoan daukagu, abenturea ez da oraindino amaitu eta eukiko dogu horretarako astia be.
E.U.: liburuarena ia gauza segurua da baina zelan, noiz eta oraindino zehatu barik daukagu. Rasak nahikoa argi ei dauka baina berba egin behar dogu, gauzak behar dan moduan antolatu. Horrezaz gan, zeozertxu egin gura geunke argazkiakaz eta; argazki erakusketaren bat edo beste... Benetan, merezi daben argazkiak daukaguzala uste dot eta kantidadeari erreparauta, datu zehatzik ezin deutsut emon baina 56 gyga baino gehiago dira, atara kontuak.
Beste kontu bat da bihar-etzi zer egingo dogun, ze bizimodu aukeratuko dogu. Ez dakigu. Hori bai, biok argi daukagu barriro itsasora bueltauko garela. Itsasoak atrapau egin gaitu eta bidaiak egitea gustetan jaku, eta ez dot uste orain momentuan bulego batean beharrean hasteko gagozanik. Hori pentsauezina da orain baina batek jakin gauzak zelan joango diran. Datorrena datorrela, alkarregaz burrukan egingo dogu aurrera egiteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!