Bermeoko Udala lehenengo postuan dago Kontseiluaren Hizkuntz Politiken II. Neurketan

Bizkaie! 2011-03-22 16:31   Euskerea berbagai

Kontseiluaren ustez Bermeoko Udala hizkuntz politikearen planifikazinoan eredugarria da, Bermeoko Udalak euskerearen alde egiten dauen apostu sendoaren isla.

Bermeoko Udalak Kontseilua, Euskaren Gizarte Erakundeen Kontseiluaren errekonozimendua jaso dau, 2010ean hizkuntz politikearen II. neurketan ebaluautako 66 udalerrietatik lehenengoa izateagaitik hizkuntz politikearen garapenaren alde egiten dauen ahaleginagaitik. Kontseiluaren ustez Bermeoko Udala hizkuntz politikearen planifikazinoan eredugarria da, Bermeoko Udalak euskerearen alde egiten dauen apostu sendoaren islaa.

Kontuak kontu, martiaren 22an, arratsaldeko 19:00etan Bermeoko Kultur Etxeko hitzaldi aretoan Kontseiluaren ordezkariak diran Iñaki Lasa eta Maite Indak hizkuntza-politika eragingarrien ezaugarriak eta garrantzia eta Bermeoko datuak eta egoerea be azalduko ditue.

Kontseiluak 2006an egin eban lehenengoko ikerketa bat, horretan Bermeoko Udalak laugarren postua lortuz. 2010ean egindako ebaluaketan, barriz, Bermeo lehengoko postuan dago udalerrien zerrendan; Udalak 0-10 bitartean puntuau dira hizkuntz politiken garapenean egindako lanaren arabera.

Gauzak holan dirala, momentu honetan plan bi ditu martxan Bermeoko Udalak: udalerriko plan estrategikoa eta udalaren euskera plana.

Kontseiluak ondorio argia atara dau bigarren neurketako datuak ikusita eta holan laburbildu dau Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak: udaletako hizkuntza-politikak aztertu ostean dagoan egoerea ondoen definiduten dauen berbea nahaspila da. Baieztapen horren azalpena be emon dau Bilbaok: udalen hizkuntza-politiken arteko ezaugarri bateragarririk ez dago. Alderdiek ez dabe hizkuntza-politika zehatzik: horrek, alderdi berekoak diran bi udalen arteko hizkuntza-politikan 10eko puntuazinoaren gainean 7 puntuko aldea egotea ahalbidetzen dau. Estatusak be ez dau koherentziarik finkatzen garatzen diran hizkuntza politiketan: holan, euskerea ofiziala dan eremu juridikoko udalen hizkuntza-politiketan oso muturreko kasuak doguz. Herrialde bereko herriek be ez deutsie hizkuntza-politikeari kolore antzekoa eskaintzen. Esan daiteke nahaspila honetan koherentzia esleitzen dauen ezaugarri bakarra egoera demolinguistikoa dala, hau da, ezagutza tasaren araberako hizkuntza-politikak artikuletan dira gehienbat Euskal Herrian esan dau Bilbaok. Honek, ostera, herri mailan normalizazinoa lortzeko ezinbestekoa dan udal mailako hizkuntza-politika egokiari trabak jarten deutsoz. Izan be, normalizazinorako hizkuntza-politika eraldatzaileak ezinbestekoak dira. Neurketak agirian itxi dauenez, egungo errealidade demolinguistikoari erantzuten deutsien politikak baino ez dira artikulaetan eta zoritxarreko kasu batzuetan hori be ez.

Bi urteetan (2006 eta 2010) egindako neurketen koanparaketea egin dau Kontseiluak eta aztertutako elementuen artean, hainbat neurritan aldaketak emon dirala adierazo: herri batzuk aurrera egiten dagoz, herritar batzuek hizkuntza-politika egokiek euskeraz biziteko eskaintzen dituen aukerez gozetan dabe egun. Gure zorionik beroena bide horri ekin deutsien udalei. Aurrerapauso horreek, barriz, ez dira nahikoa, egoera orokorrean argi txiki bat dira. Argi gehiago behar dau normalizazino prozesuak. Zoritxarrez, ezin esan daiteke, aurrerapausuren bat emon bada be, hizkuntza-politikak modu sistematikoan aurrera egiten dauenik' Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan.

Bilbaok, bestalde, aitatu dau esku-artean doguzan datuak aintzat hartuz, hizkuntza-politika egokiak egiteko kasu gehienetan lau urte galdu doguzala esan geinke, herritarren eskubideak beste lau urtez urratu dirala, euskeraz bizi nahiari beste lau urtez trabak jarri jakozala. Izan be, Kontseiluak egindako lanaren bitartez atzemon dira zein ziran bakotasunak eta horreek hobetzeko proposamenak be landu dira. Horreek, barriro be, Udalen eskura jarten doguz. Aurrera begira, Kontseilua datozen lau urteak euskerearenak izan daitezen lan egingo dauela adierazo dau Bilbaok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu