Kepa Acero: 'Bizikletea eta surfa buztartuko doguz proiektu barrian'
2011-04-29 11:49 BarriketanSurflari getxotar gaztea ez da geldi egoten dan horreetarikoa. 5 olatu 5 kontinente abenturan munduko olatirik onenetan jantzan ibili ostean, Santiago Bidearen Iparreko Bideari ekingo deutso orain bizikletaz, Kantauriko uretako olatuakaz jolasteko amesagaz; udan, barriz, The Final Frontier proiektua tarteko, Alaska, Peru eta Patagoniako olatu ezezagunak deskubridutera joango da.
1.- 5 waves 5 continents proiektuaren osteran, Iparraldeko Bideari ekingo deutsazu egun batzuk barru Iker Basterretxea argazkilariagaz batera. Irundik Finisterrera Santiago Bidearen Iparreko Bidea egingo dozue bizikletaz eta kostan olatuak hartzea da asmoa. Zelan bururatu jatzu abentura hau?
Dakizunez, natureagaz bat egitea gustetan jat eta olatuak hartzea da nire pasinoa. Orain, barriz, natureagazko eta itsagoagazko hartu-emon zuzena ahalbidetzen dauen garraiobidea, bizikletea erabili gura izan dot. Lurra, natura, itsasoa eta jentea hurrago izango doguz eta horixe da asmoa, hilebeteko tartean, prisa barik, olatuak hartu bai baina bidaian zehar jentea eta inguruetako kultura, ohiturak eta bestelakoak ezagutzea, hain zuzen.
2.- Hogeita hamar egunetan, 700 bat kilometro izango dira. Hamabosna egun olatuagaz jantzan eta bizikletan pedalei eraginez. Surferako ez dozu behar baina bizikletarako aparteko entrenamendurik egin dozu? Zeri deukotsazu bildurrik gehien, bizikleteari, trafikoari?
Bizkletan ibilteko astirik ez daukat eta ez dot ezelako entrenamendurik egin. Dana dala, sasoian nagoala pentsetan dot eta gogorra izango dala jakin arren, pozik nago, erronka bat dalako holako abentura bati entrenamentu barik ekitea. Bidean izango diran arazo eta zailtasunek be abenturearen abersagarri izango diralakoan nago. Bizikleteagaz egin beharreko kilometroei ez daukotset aparteko bildurrik, baina trafikoa badakigu arazoa dala, iparreko bidean asfalto asko eta ibilgailu asko dagoalako eta, beraz, kontu handiz ibili beharko dogu.
3.- Ibilbidean etapak zehaztuta daukazuez? Errepidetik egingo dozue bide gehiena ala mendi edo pistatatik be bai?
Ez dogu etaparik zehaztu. Inprobisetan joango gara ze badakizu olatuak hartzera goaz eta, beraz, itsasoaren egoerearen pentzutan egongo gara. Pronostikoetan gorabeherak izaten dira egun batetik bestera eta olatuei begira, iragarpen meteorologikoari begira egongo gara denpora guztian.
Bideari jagokonez, bardin jokatuko dogu, hau da, inprobisatuz. Santiago Bidearen Iparreko Bidean ibiliko gara baina lekuan bertan erabagiko dogu nondik jo.
4.- Surf taulak eta ganerako fardelak zelan eroango dozuez?
Karro txiki bat erosi dogu oraintsu eta hor eroango doguz traste guztiak. Taula bakarra eroango dot baina argazki-makinea, bideo kamarea, ordenagailua eta ganerako gauzak erosoago eroango doguz karroan.
5.- 5 waves 5 continents abenturan, bakarrik ibili ostean, Iker Basterretxea argazkilariagaz batera zoaz oraingoan. Zergaitik?
Bakarrik ibiltea esperientzia ederra da, sano aberasgarria baina alde txarrak be baditu, jakina. Asmoa potoloagoa da orain. Izan be, argazki erreportaje zabala egingo dogu eta lehen kontau deutsudan lez, bisitetan doguzan lekuetako kultura eta ohiturak zein inguruetako lagunen ekarpenak jaso gura doguz. Lan hori guztia egiteko nahitaezkoa zan laguntzinoa.
Horrezaz ganera, lagunagaz joan ezkero, errazagoa da dana; berbarako, itsasoan sartzen zarenean, materiala hondartzan edo inguruetan itxi behar dozu eta gauzak ostuteko arriskua be hortxe dago.
6.- Bide zatiren bat edo beste zuokaz batera egiteko konbita luzatu dozue...
Bai. Jentea ezagutzea eta esperientziak alkartrukatzea da asmoa, surf komunidadea zabaltzea eta alkartruke horretatik ikastea. Beraz, gura dauenak geugaz bat egin leike, bidean bizikletaz, hondartzan zein uretan.
7.- Surfak beti izan dauen abenturearen, burrukearen eta erromantizismoaren esentzia berreskuratu nahi dozu; egungo surf munduak aitatu esentzia hori galdu dauela pentsetan dozu?
Esentzia galdu dauela esatea lartxu izan daiteke. Kontua da ze surf munduak adar edo arlo asko dituala. Europan eta mendebaldean lehia kirolak, txapelketa eta enparauek indar handia hartu dabela eta hori ez dago txarto, niri neuri lehia hori gustetan jat. Dana dala, surfaren ganerako adarren barri be emon gura dot, izan be, surfa lehia kirolaz gan, abentura kirola be bada, jentea eta kulturak ezagutzeko bidea, bizi filosofia, natureagazko jarrera...
8.- Bilboko Belaza Gallery-n erakusketa berezia egon da oraintsu: We dream alone; artista desbardinek diseinautako sei surf taula egon dira ikusgai. Zer lortu nahi izan dozu erakusketeagaz? Zelakoa izan da erantzuna?
Beti gustau izan jataz pinturea eta artisten lanak. Aspalditik nabil hartu-emonetan Belaza galeriakoakaz eta artista batzuekaz eta nik neuk surf taulak personalizetan dodazan arren, asmoa izan da, surfagaz zerikusirik ez daben artisten ekarpena jasotea. Pukas etxearen surf taulen espazio zuriaren aurrean, artistek lan bikaina egin dabela pentsetan dot; artisau lana egin dabe, eskuz pintauta dagoz taulak. Esperientzia ederra izan da, jente ugari hurreratu da eta artistek eurek be gozau dabela esango neuke. Proposamena oso interesgarria begitandu jaken eta gustora hasi ziran beharrean. Danok oso pozik gagoz emoitzeagaz.
9.- Zeintzuk izan dira pintoreak?
Pintoreak eta bakotxaren obrearen izenburua ondokoak izan dira: Angela Alonsok The Fang pintau dau; Marcos Azpirozek: Sexy Fang; John Franks-ek Twin Fin; Jota 'Hopper' Aretxabaletak San Diego eta Naiara Goikoetxeak Bonzer. Horreei Geronimoren berredizinoa gehitu behar jake.
10.- Aitatu arte lan horreek ez dira ikusteko bakarrik, taulak erabilteko asmoa dozu aurtengo abenturatan...
Bai. Sano pozik nago. Niretzako berenberegi egindako artelanak dira, personalizatuak; artista bakotxak nire jarduna eta nire proiektuak buztartu ditu eta taulek nortasun berezia hartu dabe. Egia esan, penea be emoten deust artelan horreek zapaltzea eta ganera, kontuan hartu, apurtu be egin daitekezala uretan. Santiago Bidearen Iparreko Bidean taula bakarra erabiliko dot, Angela Alonsok pintau dauen The Fang, hain zuzen be.
11.- Udan, The Final Frontier abentureari ekingo deutsazu Alaskan eta Patagonian. Olatuen bila joango zara zer esanik ez, baina esentzian zer lortu nahi dozu esperientzia honetan? Holako proiektu bati ekiteko babeslerik, laguntzailerik badozu?
5 olatu, 5 kontinente proiektuan mundu mailako olatu ezagunen bila joan nintzan; banekian non egozan eta helburua olatu horreek hartzea izan zan. Orain, barriz, olatu ezezagunen bila joango naz, abentura eta esplorazino espiritu handia izango dau proiektuak. Ez dakit zer topauko dodan eta horixe da abentura honen berezitasuna. Inprobisazinoa izango da nagusi, Alaskan, berbarako, bost surfista ezagutu dodaz eta eurek gitxieneko informazinoa eta laguntzinoa eskainiko deustie. Surf munduan gehiena esplorauta dago eta leku barrien bila joan gura izan ezkero, paraje hotzetara joan behar da.
Abuztuan ekingo deutsat abentureari. Alaskan hilebete eta erdi emongo dot; Perun, hiru bat aste egingo dodaz, hego hemisferioan egunak noiz luzatu zain eta azkenik, Patagonian beste hilebete eta erdi bat emongo dot.
Babesle kontu horretan, Pukas, Oakley, Amstel eta Orbeari eskerrak emon behar deutsedaz euren laguntzinoagaitik. Jakina, proiektu honeek nire ames partikularra dira eta, esangura horretan, nik neuk be ekarpentxu berezia egiten dot eta gusto handiz ganera.
12.- Zure gida espirituala Karolo dala entzun izan dogu. Nor da Karolo? Zelako aholkuak emoten deutsuz?
Algortako persona ezaguna da, oso atsegina eta gustetan jatan bizi filosofia daukana. Gizarte molde arruntetik aparte bizi da eta beragaz berba egitea asko gustetan jat. Askok ez dabe ulertzen haren jarrerea baina nik sarri bisitetan dot eta kafetxu bat hartuz haren atmosferan sartzea ederra izaten da.
Karolok bizitza modu sinplean ikusten dau eta momentua gozetako jarrerea dauka; hori ia galduta dago gure gizarte zoro eta abidura handiko honetan eta haren jarrera hori oso aberasgarria da niretzako. Indarbarrituta urtetan dot beti Karoloren etxetik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!