Azkue Sariak banatu ditue Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan
2011-03-22 14:53 Euskerea berbagaiEuskaltzaindiaren Bilboko egoitzan banatu ditue 2010eko Resurreccion Maria Azkue Literatur Sariak. Akademiak berak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazinoak antolatzen dabe sariketea, eta idazle gazteak literatura mundura erakartea da asmo nagusia. BBK eta Euskaltzaindiaren arteko 2011rako lankidetza hitzarmena be gaur sinatu dabe.
Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan banatu ditue 2010eko Resurreccion Maria Azkue Literatur Sariak. Akademiak berak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazinoak antolatzen dabe sariketea, eta idazle gazteak literatura mundura erakartea da asmo nagusia. BBK eta Euskaltzaindiaren arteko 2011rako lankidetza hitzarmena be gaur sinatu dabe.
Genero bi saritzen dira Azkue Sarietan: narrazinoa eta olerkia. Genero bakotxak maila bi ditu: A maila, 11 eta 14 urte bitarteko gazteentzat; eta B maila, 15 eta 18 urte bitartekoentzat. Urtero lez, aurten be literatura arloko adituek osotu ditue epaimahaiak, beti be Euskaltzaindiak izentauta. A mailan, Yolanda Arrieta, Igone Etxebarria eta Antton Irusta izan dira epaimahaikoak; B mailan, barriz, Joseba Butron, Jabier Kaltzakorta eta Mayi Iza. Danetara, aurten 217 lan aurkeztu dira.
Sarituei jagokenez, A mailan, narrazinoan, Gernikako Seber Altube Ikastolako Maialen Uriarteren Ametsa beste amets batean izan da garailea; olerki alorreko saria, ostera, emon barik geratu da. B mailan, narrazinorik onena Urretxu-Zumarraga ikastola Amaia Iturriotzen Hango hodei bat hemengo zeruan izan da; poesia arloan, Pasaia Lezo Lizeoko Asier Badiolaren Dortoken sekretua da irabazlea.
Azkue Sariez gan, beste ekitaldi bat be egin da Bilboko egoitzan; BBK eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza hitzarmena sinatu dabe BBK-ko presidente Mario Fernandezek eta Andres Urrutia Euskaltzainburuak, hain zuzen be. Urten honetan 175.000 euroko ekarpena jasoko dau euskerearen akademiak, hizkuntzearen arloan hainbat I+G+b egitasmo bideratu ahal izateko. Erakunde biek 50 urte daroez alkarregaz beharrean. Alkarlan horren ardatza, Fernandezek azaldu dauenez, euskarearen ganeko ikerketea, hizkuntzearen sustapena eta, batez be, euskerearen erabilerea bultzatzeko erakunde biek dauken jarrerea da, euskerea eguneroko bizitzarako tresna erabilgarria izatea nahi dogu eta. Urrutiak adierazotakoaren arabera, 2011n Euskaltzaindiak euskerearen ganeko ikerketan ahalegin handia egingo dau, hizkuntzearen arloan eredugarri izan deien nazino-mailan zein nazinoartean.
Lankidetza hitzarmenak 2011n egingo diran hainbat egitasmo zehaztu eta finkatzen ditu: Euskaltzaindiaren Hiztegia (Adierak eta Adibideak), Lexikoaren Behatokia, Euskal Hiztegi Historiko eta Etimologikoa edo Zientzia eta Teknika batzeko egitasmoa, besteak beste. Horrezaz gan, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa, Herri Literaturaren Korpusa, Euskararen Historia Soziala, Gasteizko Toponimia edota Ahozko Tradizioa jasoteko egitasmoek bultzadea jasoko dabe. Jagonet zerbitzua, Erlea aldizkaria eta literatura sariak, bekak eta argitalpenak bere jaso dira hitzarmenean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!