Greziako Partenoiari buruzko erakusketea edegi dabe Bilboko Ondare aretoan
2012-04-18 12:22 KultureaPartenoia. Atenearen egoitzea erakusketea edegi barri dau Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoak, Bilboko Arte Berreginen Museoagaz alkarlanean. Bagilaren 28ra arte egongo da ikusgai. Iraganera bidaia egiteko aukerea emoten dau erakusketeak, menderik mende artearen historian erreferentzia izandako antxinako munduko tenplu adierazgarrienaren bidez.
Atenearen egoitza. Partenoia erakusketea edegi barri dau Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoak, Bilboko Arte Berreginen Museoagaz alkarlanean. Bagilaren 28ra arte egongo da ikusgai. Iraganera bidaia egiteko aukerea emoten dau erakusketeak, menderik mende artearen historian erreferentzia izandako antxinako munduko tenplu adierazgarrienaren bidez.
Berreginen Museoko greziar pieza moltso garrantzitsuena batuko da lehenengo aldiz erakusketa honetan. Bisitariek Partenoia tenplu ezagunaren eskultura apainketearen alde guztiak hurretik ikusiko ditue. Jatorriz, ondoko elementuok eukazan: 92 metopa, bulto biribileko 50 eskultura, bi frontoiak apainduz, eta tenpluaren barruko perimetroa hartzen eban 160 metroko friso jarraitua.
Berreginen Museoak Museo Britainiarreko tailerrei erosi eutsozan erakusketako artelan guztiak. Erakusgai dagozan piezak honexek dira: hegoaldeko zikloko IV., VIII., XXVII. eta XXXI. metopak, Panateneen frisoko erdigunea, Ekialdeko aldekoa (Ateneari egindako eskaintzea) eta hegoaldeko zaldien eta zaldunen prozesinoaren zati bat, Ekialdeko frontoiko eskulturez batzuez gan (Ilargiko burdiaren zaldiaren burua, Dioniso, eta Demeterren eta Coreren taldea).
XIX. mendearen hasieran, Lord Elginek Atenaseko Akropolitik Londresera eroan zituan eskulturen berregin horreek. Jatorrizko lanen bardinak dira, igeltsuz dagoz eginda, batzuetan barrutik hutsik dagoz, eta beste batzuetan igeltsua trinkoa da. Moldeek euren aztarnea itxi dabe berreginean, eta balio erantsia emoten deutse. Junturak zenbat eta finagoak izan, orduan eta kalidade hobea izango dau berreginak, erabilerearen ondorioz moldeak ez dirala gastau adierazoten deuskulako. Erakusten diran artelanak jatorrizkoen lehen kopiak dirala adierazoten dabe marka fin horreek.
Erakusketea osotzeko zenbait jarduera antolatu dira, berbaldi ziklo bat, bisita gidatuak eta tailer didaktikoak. Berbaldiak apirilaren 26an, maiatzaren 9an, maiatzaren 23an eta bagilaren 6an egingo ditue. Itziar Martija, Mikel Bilbao eta José Ángel Lecanda iznago dira hizlariak. Metopak, Partenoiko arkitekturea eta arkitektura horrek mendebaldeko artean izan dauen esanahi estetikoa aztertuko ditue.
Ikastetxeei zuzendutako tailerrak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara (DBH) eta Batxilergora bideratu ditue. Garaiko frisoa, Greziako collage bat, jainko modernoak edo papelezko tenpluak izango dira bisitetan landuko diran gaietako batzuk. Bisita gidatuak eta ikasleentzako tailer didaktikoak goizez izango dira, eta ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua hartzea, 944067737 telefono zenbakian. Ganerako ikusleentzat eta familientzat bisitak zapatuetan, 12:00etan, eta eguaztenetan, 17:00etan, izango dira. Gitxienez sei laguneko taldeak osotu behar dira.
Bizkaiko Foru aldundiko Zaharbarritze Sailak erakusketako pieza batzuk zaharbarritu ditu: Pantateneetako zazpi panel, Dionisoren eskulturea eta metopa bi. Ganerako zaharbarritze eta garbiketa lan guztiak Berreginen Museoak egin ditu.
Erakusketea ardatz tematikoen inguruan antolatu dabe, Partenoiko eskulturek osotzen daben nukleo nagusia bere testuinguruan ipinteko. Periklesen Atenas atalean, garaiko Atenas agiri da; K.a. 480. urteko persiarren porrotaren ondorengo hamarkadan, Atenas mundu greziarreko uri nagusi gisa finkatu zan. Bidaiarien lilura sailean, historian mundu osoko bidaiariek Partenoiaren aurrean sentidu daben lilurea erakusten dau. Eraikinari buruzko atalak Partenoiaren arkitekturea dau protagonista nagusi, egiturea, estiloa, eskulturak eta abar. Berreginak atalean, Berreginen Museoaren Bildumako piezak dagoz, erakusketearen zatirik handiena, hain zuzen be.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!