Nevadak (AEB) jasoko dau Lagun Onari saria, eta Patty Miller Boiseko Euskal Museoko zuzendariak Lan Onari saria

Bizkaie! 2010-07-07 10:55   Euskaldunak munduan

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak erabagi barri dau emoten dituan goraipamenik handienetako bi Nevada estaduari (AEB) eta Patty Miller Boiseko (Idaho, AEB) Euskal Museoko zuzendariari emotea.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak erabagi barri dau emoten dituan goraipamenik handienetako bi Nevada estaduari (AEB) eta Patty Miller Boiseko (Idaho, AEB) Euskal Museoko zuzendariari emotea.

Eusko Jaurlaritzak Nevadari emongo deutso Lagun Onari saria, euskal herritarrak hartu ditualako eta adiskidantza, kultura eta, batez be, ekonomia hartu-emonak bultzatuz kanpoan Euskadiren zabalkundea suspertu dauelako. Nevada izan zan XIX. mendean euskal artzain askoren jomugea, nahiz eta, azkenean, horreetako asko Kalifornian ezarri ziran urrearen garaietan. Gainera, Nevada izan da kultur ekimen garrantzitsu asko garatu dituan estadua. 1959an Sparks herrian izan zan I. Euskal Jaialdi Nazionala, eta horrek, AEBetako mendebaldeko urteroko jaialdiak antolatzeko balio izan dau, AEBetako Euskal Etxeen Federazinoaren (NABO) hasierea izateaz gan.

Era berean, Reno urian Euskal Ikasketen Zentroa sortu zan 1967an, Nevadako Unibersidadeari atxikia, eta urteetan zehar euskal ikasketen nazinoarteko erreferentzia bihurtu da. Gainera, ikasleen trukaketa sistemearen bultzatzaile bihurtu da eta, horri esker, AEBetako eta beste nazinoetako unibersidadeetako milaka ikaslek euskal campus desbardinetan ikasi ahal izan dabe.

Era berean, Jaurlaritzeak Lan Onari goraipamenagaz eskertu nahi dau Patty Millerren lana. Boiseko Euskal Museoaren zuzendaria da Miller 1993tik, eta goraipamen horregaz luzaroan izan dauen giza eta lanbide ibilbidea autortu nahi jako, 'kultura eremuan sekulako ardurea, etenbako ahalegina eta ekimen aitagarria' erakutsi ditualako. Joandako zezeilean, Idahoko Humanitateen Kontseiluaren merezimendu sari berezia jaso eban. 1986an emoten hasitako ohore hau humanitateen arloari ekarpen bereziak egin deutsiezan pertsona edo erakundeei emoten jake.

Patty (Lecona) Miller, Boisen 1961ean jaioa, Idahon bere euskal erroek eta euskalduntasunak eraginda hazi zan bertako belaunaldi bateko partaide da, euskalduntasun horren izaeraz eta geroaz arduratuta bere buruari hainbat galdera egin eta galdera horreei erantzuten saiatu zan belaunaldi bateko partaide. Bera zuzendari eta lehenengo langile dan Euskal Museoa bera Boiseko euskaldunek euren etorkizuna planteatuz egindako galdera eta prozesu horren emoitza eta ondorioetako bat da. Oinkarietako jantzari eta babesle, Biotzetik abesbatzako partaide, kantari baita be Boiseko bere belaunaldi euskal-amerikarreko zenbait lagunekaz, batez be, Euskal Museoaren proiektuan buru belarri sartu zanetik hainbat ekimenetan laguntzaile, langile eta bultzatzaile prestu izan da. Patty Millerrek orain dala 17 urtetik zuzentzen dau AEBetako euskal museo bakarra. Boise Idaho estaduko uriburuan dago museo hori eta bertan munduko euskal komunidaderik garrantzitsuena kokatzen da.

Museoak antolatzen dituan ekintzen artean euskal munduari buruzko zabalkunde programak dagoz, eta Idahoko eskoletan eta Oregoneko ekialdean emoten dira programa horreek eta argazki erakusketa asko be antolatzen dira. Horreetako azkena 'Ocultos a plena vista: los vascos' titulua dauena da eta 300.000 lagunetik gora ikusi dabe Ellis Irlan, Manhattanen. Aurrerantzean, erakusketa hori egokitu egingo da euskal kolonia nabarmenak dagozan AEBetako uri eta herrietan ikusi ahal izateko.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak banatuko ditu bi goraipamenak hilebete honen amaieran Nevada, Idaho eta Kalifornia estaduetara egingo dauen bidaian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu