Mikel Urmeneta: 'Ez daukat marrazkigile ez enpresari bokazinorik'

Karolina Almagia 2010-07-02 15:46   Barriketan
Kukuxumusuko sortzailea eta Euskal Herritar Unibertsala

Javier Agirresarobe zinema argazkigileagaz batera, Mikel Urmeneta (Iruinea, 1963) marrazkilari eta Kukuxumusu enpresearen sortzaileak jaso dau garagarrilaren 1ean Euskaldun Unibertsalaren Saria, Euskal Herriaren irudia atzerrian zabaltzeagaitik. Sanfermizale amorratua, blogaria, bidaiari nekaezina, Urmeneta Nueva Yorken bizi da eta aspaldiko amesa bete dau: momentu bakotxean egin nahi dauena egiteko astia izatea.


1.- Euskaldun Unibertsala… Ez da makala ez sari hori. Zegaz edo nogaz akordatu zinan barria jasotean?

Egia esan, ezusteko handia izan zan. Ilusino handia egin eustan saria Agirresarobe handiagaz partekatuko nebala jakiteak. Eta errespetu handia sentidu neban jakitean zeintzuk izan ziran aurreko sarituak. Aitagaz eta amagaz gogoratu nintzan, seguruenik gozau egingo ebelako.


2.- Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzeari kexa formala aurkeztu deutso nafar herritar peto-peto bati Euskaldun Unibertsalaren Saria emoteagaitik… Brometan nabil, baina, harrituko al zinake barri hori entzungo bazeunke?

Politika arloan dagoeneko ez nau ezerk harritzen. Baina, Mikel Urmeneta Otsoa Errarteko Ajarnaute Goienetxe izen-abizenak izanik eta Iruineakoa izanik, Eskimal Unibertsalaren saria jasotea izango zan benetan harrigarria.


3.- Orain dana dira sariak eta errekonozimenduak, baina entzun dot umetan oso ikasle txarra izan zinala. Zelan gogoratzen dozu umezaroa?

Gaur izango balitz legez gogoratzen dot zelako larritasuna sentidu neban gure aitak estralurtar horreen eskuetan itxi ninduenean. Estralurtarrak mojak ziran, eta nahiko atseginak, azken finean. Ikastetxera joatea trauma bat zan goizero, baina gero barruan ondo pasetan neban. Umezaroa gogoratzen dot zomorroez, lagunez eta senideez inguratuta. Astegoienak mendian eta udarak Elizondon. Giro ona.


4.- Seguruenik ezelan be espero ez zenduan arrakasta lortu dau Kukuxumusuk. Noiz izan zan booma?

Ez da egon boomik. Orain dala 22 urte hasi ginan, prisarik barik. Gustetan jakuna egin dogu beti, gure intuizinoak eta ilusinoak bultzatuta, eta apurka-apurka hazten eta handitzen joan ginan, bide errazak eta pelotazoak bazterrean itxita. Gero, marka handitzen joianez, kontua apur bat profesionalizau egin behar izan genduan. Ikusten dan produktua saltzen dogunez, han eta hemen ikusten zaituen jenteak uste dau mega-enpresa bat garela eta diruz okituta gagozala, baina negozioa baino, marka izan gara beti. Hori garrantzitsua izango da datozen urte txarrei aurre egiteko.


5.- Jarraitzaile asko dituan blog bat idazten dozu. Ondo pasetan al dozu tresna horregaz?

'Natural born majadero' bloga komuniketako tresna da eta neronek erabili behar dot, Kukuxumusuren agiriko burua nazen aldetik. Eta erabilten dot markak dauen filosofia berberagaz: bizitzaren alde ona besterik ez erakustea. Nire bloga jarraitzen dauen lagun baikorrak ondo pasetan dau eta bekaiztia dana mikaztu egiten da. Halan da be, harrigarria bada be, nire irakurle izaten segiduten dau.


6.- 'Gogoko dot ni gogoko ez nauen jentea', dinozu blogean. Baina ez dau ematen arerio asko dozunik, ezta?

Jentearen gustukoa izango naz, edo ez naz izango batere, baina etsaiak… Zergaitik? Aspalditik ez dot jentea begi txarrez ikusten. Bada jentea nigaz ia ezertan bat ez datorrena, eta badakit ezin dabela bestelakoak izan edo beste era batera pentsau, eta beraz, ez dot horreekaz denporarik galtzen. Baina egia da morbo apurbat emoten deustala gogoko ez izateak. Gogoko dot ni gogoko ez nauena. Irainak loreak baino gehiago gustetan jataz. Akaso, gaixorik egongo naiz…


7.- Dana dala, miloeka lagun azalduko jatzuzan… Zelan bereizi lastoa eta alea?

Bost ardura deust zein dagoan nire inguruan eta zergaitik. Ni gustura egoten banaiz baten bategaz, gozauko dot lagun horrek huts egin arte, huts egiten baldin badeust. Hori gertatu ezkero, zakar-poltsa batean sartu eta etxetik botako dot. Ez dot botako birrintzeko kamioira, gorroto sentimendurik ez daukadalako.


8.- Interneten gaira bueltatuz, Twiterren 1.200 jarraitzaile baino gehiago daukazuz, baina zuk ez dozu inor jarraitzen. Eta hori?

Printzipioz, sare sozialak ez dodaz gustuko. Erabilten dodaz kontu jakin batzuk kontetako, baina ez hartu-emonak izateko. Bateren batek egiten dauena interesgarria iruditzen bajat, deitzen deutsat, edo idazten deutsat, edo bere webgunea bisitetan dot. Gainera, Twitterren txungo iruditzen jat zuri jarraitzen ez deutsun bati jarraitzea, eta ez jarraitzea egun santu osoan zure atzean dagoan beste bati. Itsusia iruditzen jat.


9.- Argazkigintzea be zaletasun handia dozu. Zer bilatzen dozu kamara kliskatzen dozunean?

Argazkiak nire egunkaria dira. Edozeri argazkiak ataratzea gustetan jat. Etxeko argazkiak, eguneroko bizimoduari buruzkoak, gauekoak… Ez jataz gustetan preparautako argazkiak, eta ez naz obsesionetan kalidadeagaz eta teknikakaz, nahiago dodaz enkoadratzea eta txorakeriak. Kamera konpaktu digitalei esker, nire egunkariak eguneko ehunka orri grafiko ditu. Kamera nire luzapena da. Nire laugarren begia.


10.- Ez dozu inoiz hutsik egiten Sanferminetan. Zela bizi dozu jaia?

Gero eta estres gehiagogaz, izan be gero eta kontu gehiago antolatzen doguz, gero eta konpromiso gehiago daukadaz, gero eta konbidatu gehiago etorten jataz… Eta nik beti legez mozkortzen jarraitzen dot. Gainera, ez jat gustetan afaririk galtzea, zezenketa guztietara joaten naiz eta entzierroaren argazkiak ataraten dodaz egunero, gehi hamaiketakoak, aperitiboak… beraz, 15ean zarpail eginda amaituko dot.


11.- Zezenketen eztabaidea pil-pilean dago. Torturea ala artea?

Gure aitak txikitatik eroaten ninduen zezenketetara eta, era berean, euli bat ez hiltearren, leihoa zabaltzen eban horreetakoa zan. Nik hori jarauntsi edo jaso dot. Lagun toreroak ddodaz, baita PETA alkarteko kideak diran lagunak be. Bien jarrerak ulertzen dodaz eta eurek nire jarrerea ulertzen dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu