Alle Anderen
2010-07-02 10:58 Zinema kritikakBerlinaleko Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi dauen film hau faltsua, naturaltasunik bakoa eta guztiz teatrala begitandu jat niri. Hori guzti hori gitxi izango ez balitz, aspergarria egiten da. Oso. Amaitezina.
- Karteldegian: Entre nosotros.
- Zuzendaria eta gidoigilea: Maren Ade.
- Musikea: Pascal Gaigne
- Antzezleak: Birgit Minichmayr, Lars Eidinger, Hans Jochen Wagner, Nicole Marischka, Mira Partecke, Atef Vogel, Paula Hartmann, Carina Wiese.
- Produktoreak: SWR / WDR / Arte.
- Generoa: Dramea.
- Iraupena: 119 minutu.
- Herrialdea: Alemania
Harrigarria da film honek, besteak beste, Berlinaleko Epaimahaiaren Sari Berezia eroan izana. Harrigarria baita hain kritika onak eta goraipenak jaso izana be. Antza, batzuk liluratuta geratu dira bikote ganorabako honen istorioagaz. Niri, ostera, kontrakoa gertatu jat. Beste horreek bikote-hartu-emonei buruzko azterketa sakona ikusi daben lekuan, nik neuk lagun lelo biren arteko eztabaida ergelak baino ez dodaz ikusi. Goi-mailako alkarrizketak entzun dituen lekuan, nik guztiz artifizialak eta sinistezinak diran barriketaldiak entzun dodaz.
Zinezkoa dala, sakona tratamenduan, benetazko egoerak kontetan dituala eta abarrekoak idatzi ditue kritikari askok. Faltsua, naturaltasunik bakoa eta guztiz teatrala begitandu jat niri. Hori guzti hori gitxi izango ez balitz, aspergarria egiten da. Oso. Amaitezina. Izan be, pertsonaje horreek ez dabe lortzen ezelako interesik pizterik. Biek ala biek umeen plantak egiten ditue, heldu itxurarik barik agiri dira, nahiz eta existentzialista itxura hartu nahi. Emakumearen kasuan, gainera, sarritan txalo bat emoteko gogoa emoten deutsu. Egile-zinemaren etiketa jarri deutsie pelikula honi. Hori holan bada, zinema mota honetatik korrika irteteko beharra sentiarazoten deusku. Ez, hau ez da egile-zinema. Astun-zinema, handinahiko-zinema, zinema artifiziosoa. Horreek dira jagokozan etiketak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!