Justizia Administrazinoaren hizkuntza-normalizazinoari buruzko dekretua onartu dau Eusko Jaurlaritzeak

Bizkaie1 2010-06-30 10:31   Euskerea berbagai

Dekretu horren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoan koofizialtasun erregimena praktikara eroatea Justizia Administrazinoagaz hartu-emonetan dagoan edozein herritarrek euskeraz nahiz gaztelaniaz egiteko aukerea izan daien.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Justizia Administrazinoaren hizkuntza-normalizazinoari buruzko Dekretua onartu dau bart. Dekretu horren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoan koofizialtasun erregimena praktikara eroatea Justizia Administrazinoagaz hartu-emonetan dagoan edozein herritarrek euskeraz nahiz gaztelaniaz egiteko aukerea izan daien.

Dekretu honek auzitegiek zati bat ezeztatu eben garagarrilaren 29ko 152/2008 Dekretua ordezkatuko dau. Euskadiko Justizia Administrazinoa Bulego Judizial eta Fiskalaren antolamendu eta jarduera barrira egokitu beharraren ondorio bat da.

Eusko Jaurlaritzea aurreko arauaren helburuetan oinarritu da eta bideak egokitu ditu lorpen sendoak eta egonkorrak lortu guran. Justizia Administrazinoaren eta berorren langileen lanpostu eta zereginen diseinu barriak ahalbidetuko dau koofizialtasuna aurrera eroatea baina beti kontuan hartuta apurka-apurka egiteko moduko prozesua dala.

Dekretuak euskerearen erabilerea sustatu nahi dau eremu judizialean jarduteko hizkuntza legez. Horretarako ezarri da hamar urtetan Justizian lanpostuen % 35 lanpostu hizkuntzearen arabera eskakizun berezikoak izatea. Dana dala, ehuneko hori proportzinoan banatuko da barruti judizialetan euskerea benetan ezarri ahala.

Dekretuak euskalduntzeko bost urteko planak ezartzen ditu eta holan, 2010ean lanpostuen zerrenda barria indarrean hasten danean, portzentaje horreen heren bat gauzatzeko aukerea egongo da eta, ganerakoa, hurrengo bi bosturtekoetan (2015 eta 2020) lortuko dira.

Eskakizun bereziko lanpostuak zehazteak eskatzen dau lehentasunezko eskualdeak zehaztu daitezela. Ganera, hizkuntzea erabilteko lehentasunezkoak joten diran eginkizun prozesalak edo jarduera judizialak finkatzeko eskatzen dau.

Hasierako araua da euskerea lanpostu generikoetan meritu legez balorauko dala oro har eta modu berezian; salbuespen moduan, barriz, baldintzatzat hartuko da eskakizun bereziko lanpostuetan sartzeko eta horreek beteteko.

Era berean, hizkuntza-normalizazinoak prozesu antolaketan lantalde elebidunak lortu daitezela eskatzen dau. Honek esan nahi dau gai izatea prozesu-izapidea euskeratzeko, epaileak emondako ebazpenaren zehaztasuna eta erabateko eraginkortasuna galdu barik.

Beraz, epaiketa-jardunen hizkuntzea alde batera itxita (BJLOren 213. artikulua), erabiliko dan sistema behin-behineko zerbitzu erkideen barruan dokumentua bi hizkuntzetan egiteko aukerea emoteko modukoa izango da, hizkuntza koofiziala erabilteko herritarrari autortzen jakon eskubidea beteteko helburuz.

Ganerakoari jagokonez, hizkuntzea egiaztatzeko hizkuntza-eskakizunak Justizia Administrazinokoak diran kidegoei esleitzen jakez eta ez lanpostuen zerrendari. Holan, laguntzaileen eta izapidetzaileen kidegoentzat bigarren hizkuntza-eskakizuna eskatzen da eta kudeatzaileenarentzat hirugarren hizkuntza-eskakizuna.

Kontuak kontu, Dekretuan ezarrita dagoz hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko sistemea eta euskalduntze planak baita prozesu hori jarraitzeko lehentasunak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu