Josu Camara: 'antzerkiaren esentzietako bat konpartidutea da'

Koldo Isusi Zuazo 2010-06-28 11:59   Barriketan
Kukubiltxo eta EHAZEko burua

Sikomotrizidade eta adierazpen maisua. 1980. urtean, Maskarada taldeagaz hasi zan antzerkiaren munduan 'Jimmy Potxolo' obran. Bi urte geroago Kukubiltxo taldearen ardurea hartu eta gaur arte zuzendari lanetan dabil. Beraz, hogeita hamar urtetik gora daroaz eszenatokietan. Egun, Kukubiltxo antzerki talde beteranoa ez eze, beste konpainia batzuentzako zein bideo edo telebista produktorantzako eszenografia lanez arduratzen dan taldea da.

Orain hilebete batzuk, euskerazko antzerkiaren hutsune eta beharren inguruan gogoetea egin eta zeozer egiteko beharra sentidu eta oraintsu EHAZE, Euskal Herriko Antzerkizale Alkartea sortu eben Villabonan zazpi herrialdeetako antzerkizaleek eta Josu Camara izentau eben lehenengo presidente. Idoia Gereñu idazkari aukeratu eben eta Oskar Arantzabal, barriz, diruzain.

Alkarteak jentaurreko aurkezpen-jaia egin dau oraintsu, bagilaren 22an, Bilboko Kafe Antzokian eta bertan, Euskal Herriko herrialde guztietatik etorritako hainbat antzerki taldek euren lanak eskaini zituen.


1.- EHAZE, euskerazko antzerkigintzeak sufriduten dauen egoeraz arduratuta, orain hiru urte antzerki munduko hainbat lagunek egindako hausnarketen fruitu moduan joan dan urtearen amaieran sortu zan. Zein da antzerkigintzearen egoerea gaur egun?

Hori da, momentu honetan, zehatz mehatz EHAZEtik aztertu gura doguna. Orain arte egin doguzan azterketa guztiak eretxietan oinarrituta dagoz eta, orain, EHAZE egituratuta dagoalarik, datuetan finkatu gura doguz eretxiok, datu objektibo eta zehatzetan.

Orain dala hiru urte batu ginanok ikusten genduan ahulezia handiak zituala euskal antzerkiak, euskeraz egiten zan antzerkiak. Umeakaz tailerrak egiten zituenak testu faltea euken, amateur munduan dabizanek edo herrietako tailerrek gauza bera atzemoten eben, euskeraz askozaz be gitxiago programetan zan eta, programau arren, ikusleen erantzuna askozaz eskasagoa izaten zan... Ahulezia horreen ganetik, bat ikusten genduan: bakotxak bere arazoa norbere ikuspuntutik ikusten ebala. Guztiz sakabanatuta gengozan eta ez geunkan ezelako indarrik proposamenik egiteko eta eretxiak zabaltzeko. Horregaitik alkartu ginan egitasmo honen inguruan, geunkazan indar guztiak metatzeko.


2.- Antzerkia norberaren egiak eta zalantzak konpartiduteko modua izatetik, jarduera dekoratibo izatera pasau dala dinozue... Pausu horren inguruan egin behar dan irakurgaia negatiboa da?

Guk irakurgai negatiboa egiten dogu edo, behintzat, ahulezia moduan ikusten dogu. Guk ez dinogu egiten dana txarto dagoala, baina ez dau bestea baztertu behar, gure ustez, antzerkiaren esentzietariko bat konpartidutea dalako. Ganera, oso herri berezian bizi gara, kultura sustraitua daukana, eta hori ez da islatzen programetan, idazten eta antzezten diran obretan.

Geure buruari esentzia hori daukan antzerkia be bultzatzea eskatu behar deutsagu, baita zalegoa bultzatzea be.


3.- Euskerazko antzerkia sendotzea, osotzea eta bizkortzea da alkartearen helburuetako bat... Zelan gauzatuko dozue?

Maila desbardinetan gauzatu behar da baina, lehenengo eta behin, jakin behar da zergaitik jazoten dan hutsune hori. Horretarako, agente guztiakana joan behar gara eta bakotxak kontu hori zelan bizi dauen jakin behar da.

Argi dagoana da, eta aurreko galdereagaz lotuta, antzerkia kontsumorako produktu bihurtzen ari dala. Etekin ekonomikoa bilatzen jako eta merkataritza jarduerea da; neurri horretan, jarduera horren helburu nagusia etekin ekonomikoa da eta, hor, euskereak galdu egiten dau, baita forma esperimentalek be. Ziklo bat sortzen da, euskeraz zein zeozer berezia preparau eta ikusleak erantzuten ez badau, obra hori ez da kontratetan eta, beraz, ezin da bide horretatik jo.


4.- 'Antzerkiari bizia emoten deutsona antzerkizaletasuna da' esan dozu inoiz. Zelan suspertu antzerkizaletasuna?

Lehenengo eta behin, eta EHAZEren amesa hori da, antzerkia publikoari hurreratu behar jako. Publiko potentziala egon, badago. Hainbat herritan dagoz antzerki-tailerrak eta antzerkia bizi egiten dabe. Baina gero, talde horreek, ez dira herriko programazinoan ikusten eta emoten dau zaletasuna eta zaletasun hori konpartidutea inoiz alkartzen ez diran mundu bi dirala.

Guk, mundu horreek biak hurreratu gura doguz, publikoaren zaletasuna mobiduten dauen indarra zelakoa dan ezagutu gura dogu, horren arabera jokatzeko.

Publiko potentzialak eskatuko baleu antzerki-mueta berezi bat programetea, proposamena onartu eta egin ondoren, publiko hori izango litzateke ikuskizunera hurreratuko litzatekena eta hori oso pozgarria da. Izan be, garrantzitsuena, antzerkia 'ikustera' baino, antzerkia 'bizitera' joatea da eta guk bizi egin gura dogu antzerkia.


5.- Artekale, Kaleko Arteen Alkarteagaz eta antzerkiaren munduko ganerako alkarteakaz ze hartu-emon izango dau EHAZE-k?

Orain da horretarako momentua. Ni alkartearen lehendakari izentau naben honetan, beste alkarteetako arduradunen mezuak jaso izan dodaz gure lanagaitik zoriontzen eta alkarregaz jardun behar dogula gogoratzen. Halanda be, guk ez dogu inoren esparrua zapaldu gura. EHAZEren bazkideak antzerkizaleak izango dira eta guk arlo horretan jardungo dogu. Baleiteke gai sindikala zein enpresarialak sortzea, baina guk arlo horreek beti desbideratuko doguz horretarako berenberegi sortuta dagozan alkarteetara.

Aitatutako alkarte horreek eta guk esparru amankomunak daukaguz eta saiatuko gara alkarlanean jarduten, eurakaz eta baita Administrazinoaren eskutik be.


6.- Alkartearen helburuak gauzatze aldera, giza zein diru baliabideak batzeko asmoagaz bazkideak egiteko kanpaina bat jarriko dau martxan EHAZEk. Bazkidetza-kuotak: 50 eurokoa izango da norbanakoen kasuan eta 100 eurokoa taldeentzat. Interesa dauenak nora jo behar dau?

Hor dago antzerkizale@hotmail.com helbide elektronikoa eta momentu honetan hori da gure zalegoagaz daukagun kontakturako bidea.


7.- Kukubiltxo taldearen 30 urtetik gorako ibilbide emonkorra be gogoan hartzekoa da. Nekerik igarten dozue?

Kukubiltxok 30 urte bete zituanean, prozesu barri batean sartu ginan. Maisu handien laguntzinoa izan genduan, Ekuatoreko Mala Hierba taldeko zuzendariak, hain zuzen be, eta birjaiotzea sentidu genduan. Emoten eban gainbehera fasean sartu behar ginala, baina fase barri batean sartu ginan, birsortuta. Bizi izan genduan prozesu horretan eta sortutako 'Haritzaren azalera zehatza' obreagaz aberastu egin ginan, profesionalki, pertsona moduan, talde moduan kohesino garrantzitsua lortu genduan... baina, antza danez, ez genduan asmau bete-betean arlo komertzialean. Orain, gazte sentiduten gara eta gazte gehienen antzean, arazo ekonomiko larriak daukaguz. Halanda be, indartsu gagoz, proiektu askogaz eta aurrera begira.


8.- Zelan ikusten dozu antzerkigintzea hamar urte barru?

Zelan ikusten dodan baino, zelan ikusi gura dodan esango neuke eta aurrera egin behar dala uste dot. EHAZE barruan, jente gazte piloa dago eta, topaketatan, kasurako, hainbat gazte batzen dira antzerki-munduaren inguruan. Horregaitik, uste dot hori olatuaren hasierea baino ez dala eta, bultzadatxuagaz, olatu erraldoia sortuko dogu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu