Euskal Herriko Unibersidadeak eta Euskaltzaindiak datozan bost urteotarako lankidetza-hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2010-06-21 15:31   Euskerea berbagai

EHUren izenean Iñaki Goirizelaia erretoreak sinatu dau eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Hitzarmen horrek EHUren eta Euskaltzaindiaren arteko alkarlana sendotzea dau helburu.

Gaur, bagilak 21, Euskal Herriko Unibersidadeak eta Euskaltzaindiak bion arteko lankidetza-hitzarmen barria sinatu dabe Euskaltzaindiaren egoitzan. EHUren izenean Iñaki Goirizelaia erretoreak sinatu dau eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Hitzarmen horrek EHUren eta Euskaltzaindiaren arteko alkarlana sendotzea dau helburu.

Honeek dira hitzarmenaren puntu nagusiak:

  • Erakunde biek erraztasunak emongo deutsiez alkarri beren ikerketa-ondareak erabilteko.
  • Euskal Herriko Unibersidadearentzat, Euskaltzaindia aholkulari ofiziala izango da euskera gaietan.
  • Erakunde biek lankidetza-proiektuak egingo ditue ikerketearen arloan, bai alkarregaz jorratuko dituen ikerketa-ildoen bidez, berbarako urteroko biltzarrak, jardunaldiak edo mintegiak antolatuz, eta bai bakotxak bere ikerketa-programazino orokorrean lehentasunezko ikerketa-arloak zehaztuz.
  • Euskaltzaindiak argitaratzen dauen liburu bakotxaren ale bat emongo deutso Euskal Herriko Unibersidadeari, eta Unibersidadeak be ale bat emongo deutso Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekeari euskeraz, euskerearen inguruan edo Euskal Herriari buruz liburu bat argitaratzen dauen bakotxean.
  • Erakunde biek alkarren esku jarriko ditue ikerketarako interesgarriak izan daitekezan lan argitarabakoak, tesiak edo bestelako ikerlanak, kasurako.
  • Baterako argitalpen-politika bultzatuko da bi erakundeen artean euskereari buruzko ikerketen emoitzak argitaratzeko.
  • UPV/EHUk eta Euskaltzaindiak bi urterik behin euskerazko doktorego-tesien Koldo Mitxelena sarietarako deia egiten jarraituko dabe.

Helburu horreek lortzeko, Euskal Herriko Unibersidadeak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzorde bat sortuko dabe, sei kide izango dituana, hiru unibersidadeak izentautakoak eta beste hirurak Euskaltzaindiak izentautakoak. Hitzarmenak 5 urte iraungo dau eta bost urtetik bost urtera luzatu ahal izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu