Txikien txapela Gipuzkoara eta handiena Lapurdira
2010-06-21 11:06 BertsolaritzeaEuskal Herriko XXII. Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean, txikien mailan Maialen Akizu urretxuarra izan zan txapeldun eta Aitor Bizkarra abadiñoarra txapeldunorde. Handien mailan, barriz, Maiana Irigoyen baionarrak irabazi eban txapela eta Amaia Iturriotz urretxuarrak, igazko irabazleak, bigarren postua.
Txikien mailan Maialen Akizu urretxuarra izan zan txapeldun eta Aitor Bizkarra abadiñoarra txapeldunorde. Handien mailan, Maiana Irigoyen baionarrak irabazi eban txapela eta Amaia Iturriotz urretxuarrak, igazko irabazleak, bigarren postua.
Euskal Herriko Ikastolen Alkarteak Euskal Herriko Bertsozale Elkartearekin lankidetzan antolatutako Euskal Herriko XXII. Eskolarteko Bertsolari Txapelketea Agurainen jokatu zan joandako zapatuan. Eguraldi lainotuagaz batera, zazpi herrialdeetako ordezkariak puntual azaldu ziran Aguraingo Harresi aretoko hitzordura.
Txikietan, ale bikain ugari
Naroa Sasieta gai-jartzaile aguraindarrak ondoetorria emon ondoren bertaratuei, lehenengo zazpiek honako gaia emonda osotu behar izan eben lehen agurra: 'Gaur zu lehen aldiz entzutera etorri diren lagunei kanta iezaiezu bertso bat'. Aitor Servier azkaindarrak holan kantau eban gaia entzun eta gitxira: 'Eskertu nahiko nuke entzulea bera/ eta etorri dena ni animatzera,/ zuen beharra daukat ta asko gainera'. Bigarren zazpikoteari gai hau jarri eutsen: 'Oholtzatik begira jarri eta zure gurasoak ikusten dituzu nerbioak airean, nerbioak zainetan. Lasaitu itzazu bertso batekin'. Talde hau motago ibili arren, Maialen Akizuk holan erantzun eutson gaiari, bizkor-bizkor: 'Jarri lasai ta ez zaizte egon horren larri, horren grabe, bertsolaritzak ez du zentzurik batere gozatu gabe'.
Lau oinak emonda, azpimarratzekoak izan ziran animalia kontuak. Izan be, bertso hau kantau eban Aitor Bizkarra abadiñotarrak: 'Herrian jarri dute alkate berria/ eta suntsitu digu osorik herria./ Nola nire etxea dugun baserria/ nahiago nuke alkate/ kortako txerria'. Eta, esan bezela, animalien ildotik segidu eban Aratz Igartzabalek, bigarren zazpikotearen hasieran: 'Gure ikuilun hantxe beltz-beltza zezena, harek Margarita du noski bere izena feri guztietako zezenik onena zahartzen ari dela horixe da pena'.
Azkenik ofizioka jarduteko momentua heldu jaken 14 parte-hartzaileei. Johaiñe Sarrailletek eta Aitor Bizkarrak gela bereko anaien paperean jokatu eben; Johaiñek jarritako bertsolarien argazkiak berehala kendu zituan Bizkarrak: 'Egaña ta Iturriaga orain hemen eta han,/ nik askoz nahiago dut Victoria Beckham'. Aitor Servier eta Maialen Akizu be fin ibili ziran; Maialenek lehenengoz galdu eban pilota-partida bat Aitorren kontra, eta honela amaitu eban ofizioa neskato urretxuarrak: 'Nahita bota det gora, nahita jo det txapa,/ orain zure zaleak ezin ba aparta;/ hurrena emango dizut nik egur galanta,/ bestela oso gaizki ohituko zera ta'. Txaber Altube eta Maddalen Lopez be ondo ibili ziran, alkarri erantzuten.
Ofizioak amaituta, epaimahaiaren erabagiz, bigarren atalera ondoko bertsolariak pasau ziran: Peru Abarrategi arabarra, Maialen Akizu eta Aratz Igartzabal gipuzkoarrak, Txaber Altube eta Aitor Bizkarra bizkaitarrak, eta Aitor Servier azkaindarra. Atal honetan bertsolariek hitza emonda bertso bat osotu behar izan eben lehenengo. Ariketa honetako alerik ederrena Maialen Akizuk bota eban: 'Brontzea eta zilarra baino askozaz ere gorago,/ zenbat bizitza eta zenbat lur mineral batek akabo;/ mundu guztia urrean bila erotu beharren dago,/ maitasunak bai balio dula urreak baino gehiago'.
Azkenik, zortziko nagusiko ofiziotan jardun eben sei umeek. Txaber Altube semeak denpora luzea igaro ondoren sakelako telefono bat eskatzen, Aitor Bizkarra aitak bere mugikor zaharra emon eutson. Holan amaitu eban aitak lehen bertsoa: 'Orain zertara zatoz negarrez? Ez kontatu zure penak!/ Jakin mobil zaharrak dira dauden mobilik eta onenak'. Semeak holan erantzun eutson, goitik behera: 'Telefono honek ematen du Harriketarren berria/ ta gainera erdi herdoilduta bere kolore gorria./ Isildu zaitez, hau zer da aita, amildegiko harria?/ Nik ez nizuke pena eman behar, zu zara penagarria'. Partaideen agurrak entzun eta lehen bien izenak iragarri ondoren, saioa ordu bat eta erdietan amaitu zan.
Arratsaldean, ez hain bizi
Biharamuneko Araba Euskaraz jaialdirako prest egoan Aguraingo ikastolak gogo biziz hartu zituan bertsolari eta bertsozaleak. Bertan bazkaldu ondoren, arratsaldeko saioa 15:30 jota hasi zan. Euskal Herriko zaleen txaloak eta arabarren tanbor hotsak bero hartu zituen 15-18 urte bitartekoen 12 agurrak, aurten ez baitzan Zuberoako ordezkaririk izan. Saioak izan eban momentu gogoangarriren bat edo beste, baina, oro har, bizitasun faltea atzemon zan ariketa guztietan.
Agurrak entzun ondoren, saio puntuagarriari hasierea emon eutson Naroa Sasietak. Kasualidadez, Amaia eta Mikel Iturriotz urretxuarrak neba-arreba paperean jarri zituen, lau ardao botila edaten egozan gurasoakaz afaltzen. Holan amaitu eban ofizioa Amaiak: '…nik nahiago det jun kaleetan barrena/ pixka bat oker bueltauko gera hori litzake onena:/ umeek beti egiten dute aurren ikusten dutena'. Zortziko txikian saioak hobera egin eban, nabarmen bizituz. Mikel Iturriotz eta Txomin Elosegi hazpandarra ikaskide rolean jarri zituen, Txominek frantses eskola partikularrak emon eiozan urretxuarrari. Holan bota eban bigarren bertsoa Elosegik: 'Baina gu frantsesera orain hurbil gaiten/ hizkuntza hori ezin baitut burutik ken/ maite zaitut frantsesez erraiten da ‘je t’aime'. Arratsaldeko saio txalotuena Maiana Irigoienek eta Ainhoa Comasek osotu eben. Gai hauxe jarri eutsen: 'Ahizpak zarete. Ainhoak egunero Txapelketa Nagusiko DVDa ikusten du; Maiana dagoeneko nazkatuta dago'. Maianaren lehen bertsoaren amaiereak holan inoan: 'Baina entzun Ainhoa hau da aski zaila,/ ez duzu inoiz ukanen Maialenen maila'. Ainhoak bete-betean erantzun eutson, bere bigarren bertsoan: 'Lehen esan duzuna nik diot kontrakoa,/ Lujanbiok izan nahi du ni bezalakoa'.
Bigarren fasera sei bertsolari honeek igaro ziran: Ainhoa Comas arabarra, Txomin Elosegi eta Maiana Irigoien lapurtarrak, Nerea Ibarzabal markinarra, Amaia Iturriotz gipuzkoarra eta Mattin Luku baxenafarra. Bertsolari guztiek puntu bati erantzun eta gai bati bi bertso kantau behar izan eutsiezan. Ondokoa zan gaia: 'Goizeko ordu biak dira eta parrandan zaude lagunekin. Sakelako telefonoari begiratu eta gurasoek zazpi aldiz deitu dizutela ikusi duzu'. Txomin Elosegik gogoetea planteau eban lehen bertsoan: 'Ta mugikorra atera dut ta gurasoen mezuak hainbat:/ ‘gu inkiet gira, jatxun nigarrez, Txomin zu sartu etxerat…’/ Noiz ulertuko dute gurasoek ez naizela geiho haur bat?'. Nerea Ibarzabalek, barriz, umoretik jo eban: 'Dei dezatela gauean zehar, noizean behinka, tarteka,/ nire Orangeko erantzulea oso jatorra da eta'. Mattin Lukuren lehen bertsoak be amaiera bikain hau ekarren: 'Galdera bat dut buru barnean, erantzuna ez da errez,/ ene adina zuten garaia ahantzi ote dutenetz'.
Saio puntuagarria amaitu eta azken agurren ostean, Naroa Sasietak Juanjo Respaldizari deitu eutson sari banaketeari ekiteko. Respaldizak partaide eta erakunde babesleen ordezkariak oholtzara deitu eta sari banaketea bideratu eban.
Esan beharra dago partaide guztiek, Agurainen jasotako oroigarriez gan, sari berezi bat jasoko dabela: txikiek egun bateko ibilaldi bat egingo dabe alkarregaz; gazteek, barriz, astebeteko irteera bat izango dabe sari.
Sari banaketan ondoko erakundeek parte hartu eben: Euskal Herriko Ikastolen Alkartea, Aguraingo udala, Euskal Herriko Bertsozale Alkartea, Nafarroako Bertsozale alkartea, Arabako Bertsozale Alkartea, Iparraldeko Bertsularien Lagunak alkartea, eta Manex Agirre eta Maialen Lujanbio bertsolariak. Horreenaz gan, txapelketeak Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzinoa izan dau.
Ondokoak izan ziran partaide guztiak:
Txikien maila: 14 urte artekoak
1- Peru Abarrategi (Aramaio, 1997)
2- Maddalen Arrausi (Gasteiz, 1997)
3- Txaber Altube (Abadiño, 1998)
4- Aitor Bizkarra (Abadiño, 1996)
5- Maialen Akizu (Urretxu, 1996)
6- Aratz Igartzabal (Gabiria, 1996)
7- Aitor Servier (Azkaine, 1997)
8- Lur Renteria (Baiona, 1996)
9- Jon Irazabal (Ainhiza-Monjolos, 1997)
10- Itxaro Dunate (Aiherra, 1997)
11- Johaiñe Sarraillet ( Lakarri, 1997)
12- Ibai Thornari (Zalgize, 1997)
13- Maddalen Lopez (Lesaka, 1997)
14- Mikel Lasarte (Barañain, 1996)
Handien maila: 15 - 18 urte bitartekoak
1- Xabi Igoa (Aramaio, 1992)
2- Ainhoa Comas (Amurrio, 1994)
3- Peio Ormazabal (Arrigorriaga, 1992)
4- Nerea Ibarzabal (Markina, 1994)
5- Amaia Iturriotz (Urretxu, 1993)
6- Mikel Iturriotz (Urretxu, 1995)
7- Maiana Irigoien (Baiona, 1992)
8- Txomin Elosegi (Hazparne, 1992)
9- Mattin Luku (Donibane Garazi, 1992)
10- Bixente Hirigarai (Baigorri, 1992)
11- Ioar Tainta (Lesaka, 1992)
12- Amaia Elizagoien (Oronoz-Mugaire, 1994)
Epai-mahaian:
- Ekaitz Elorriaga (Araba)
- Gorka Intxaurbe (Bizkaia)
- Bakarne Urreaga (Gipuzkoa)
- Eneko Bidegain (Lapurdi)
- Beñat Soulé (Nafarroa Beherea)
- Nerea Bruño (Nafarroa)
- Epai-mahaiko idazkari-lanetan: Maiteder Sasieta.
- Gai-jartzaile: Naroa Sasieta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!