Euskadi turismo iraunkorreko Europako proiektu batean sartu da Basquetour-en bitartez

Bizkaie! 2010-06-18 15:33

ERNEST (European Research Network on Sustainable Tourism) da proiektu horren izena eta hainbat proiektu sustatuko dira Europako beste eskualde batzukaz batera. Ekimenaren helburua turismo iraunkorra sustatzea da.

Basquetour, Turismoaren Euskal Agentziak turismo iraunkorraren inguruko Europako proiektu batean sartu dau Euskadi. ERNEST (European Research Network on Sustainable Tourism) da proiektu horren izena eta hainbat proiektu sustatuko dira Europako beste eskualde batzukaz batera.

Egun, Europako 15 eskualde dagoz ERNEST proiektuaren barruan: Espainiako hiru (Euskadigaz batera izango dira Katalunia eta Balear Ugarteak), Italiako beste hiru, Frantziako bi, Erresuma Batuko beste bi eta bana Grezia, Errumania, Hungaria, Danimarka eta Eslovakiatik. Ganera, eskualde bakotxak bere eragile-sare espezifikoa sortu dau ERNEST proiekturako.

Euskal eskualdearen izena 'Basque Country' da eta Basquetour agentzia dago sare horren buru eta beste hainbat erakunderen laguntzinoa izango dau proiektuan jarduteko: CICtourGUNE, Turismoaren arloko Ikerketa Kooperatiboko Zentroa eta Innobasque, Barrikuntzearen Euskal Agentzia, euskarri metodologikoa emongo deutsona.

ERNEST da turismoaren arloan erabat oinarritutako lehenengo Era-net proiektua. Turismoaren sektorea gorantz doa bere potentzial ekonomikoari esker eta Euskadin BPGaren %5,3ra ailegau zan 2008an.

2008an martxan jarritako 4 urteko planak ikerketa eta barrikuntza barne hartzen ditu, helburutzat hartuta turismo iraunkorra sustatzea hainbat arlotan: garraioan, energian, ingurumenean, janarian, nekazaritzan, zientzia sozio-ekonomikoetan eta giza zientzietan edota osasunean.


Web informatiboa

Proiektu hau ezagutzera emoteko, partzuergoak webgunea sortu dau erabiltzaileek ERNEST ekimenaren ganeko informazinoa topetako.

Europako plan barria Era-net eskeman oinarritzen da eta eskema horren helburua da nazino edo eskualde mailako ikerketa programen arteko lankidetza eta alkarlana bultzatzea, alkarri edegitea eta jarduerak alkarregaz gauzatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu