Eusko Jaurlaritzaren hizkuntz politikea salatzeko manifestazinoa deitu dabe 100 bat eragileek

Bizkaie! 2010-06-11 15:55   Euskerea berbagai

Euskal Herriak behar dauen hizkuntzearen alde agiria sinatu dabe 100 bat eragilek Ipar eta Hego Euskal Herrian, euskereak bizi dauen egoerea salatuz. Era berean, Jaurlaritzaren hizkuntz politikea salatzeko manifestazinoa deitu dabe eragileek Donostian, bagilaren 26rako

Euskal Herriak behar dauen hizkuntzearen alde agiria sinatu dabe 100 bat eragilek Ipar eta Hego Euskal Herrian, euskereak bizi dauen egoerea salatuz.

Urteetan hezkuntzan lortutako adostasuna haustea leporatzen deutsie agirian, hezkuntza komunidadea itxuraldatzeaz, eta ideologia politiko jakin baten alde egiteaz, euskerearen kalterako. Jaurlaritzak onartu barri dauen Bakerako Hezkuntza Plana izan da, agiriaren arabera, hezkuntza komunidadeak jaso dauen azken erasoa. Biktimen erabilereagaz, besteren artean, hezkuntza pentsamendu bakar batera aldatu nahi izatea kritikatu deutsie.

Bien bitartean, Euskerearen Aholku Batzordeak legealdi honetako lehenengo bilerea egin dau Gasteizen eta hor EAEko lehendakari Patxi Lopezek adierazo dau Euskerearen Erabilerea Sustatzeko Plana berrikustea izango dala Jaurlaritzearen eginbeharretako bat. 'Garai barrietara egokitu behar dau euskereak', eta horretarako eguneratu egin behar dira hizkuntzea sustatzeko moduak. Lan hori eta gehiago agindu ditu Lopezek, euskaldunon eskubideak onartu eta garatuko dituala aurreratuz, 'pluraltasunetik eta herritarren hizkuntz eskubideetatik abiatuz', hain zuzen be.


Euskerearen Aholku Batzordea uda ondoren hasiko da 'Euskara 21' ekimena garatzen

Euskerearen Aholku Batzordeak uda ondoren ekingo deutso 'Euskara 21' egitasmoa garatzeari. 'XXI. mendeko hasierako hizkuntza-politikararako oinarriak' batzorde berezia jarriko da martxan, 'Euskara 21' ekimena garatzeko. Era berean, Toponimia Batzordea eta Terminologia Batzordea be sortuko dira, Eusko Jaurlaritzak bilerea amaitu ondoren prentsa ohar bidez jakinarazo dauenez. 'Euskara 21' ekimenak 'mailakako eta malgutasun' erispideen bitartez bultzatu nahi dau euskerearen erabilerea, eta joan dan legealdian osotu zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu