Patxi Uribarren: 'gaurko gizartean ez jaku euskeraz biziteko benetako aukerarik emoten'

Karolina Almagia 2010-06-10 12:22   Barriketan
Euskaltzain osoa

'Ez dot uste mundu zabalean, hizkuntzearen alde Euskal Herriak egin dauen beste ahalegin egin dauen herri asko izango danik', bota eban Patxi Uribarrenek (Aramaio, 1942) pasa dan maiatzaren 28an euskaltzain oso izentau ebeneko sarrera-ekitaldian. Izan be, berak ondo daki zer dan euskerearen alde lan egitea. Bai hizkuntzearen irakaskuntzan bai itzulpengintzan zein literaturan, hizkuntzearen aldeko hainbat jardueratan ibilia da karmeldar hori. Filosofia eta Letretan eta Teologian lizentziaduna, Bizkaiko Foru Aldundian itzultzaile ofiziala izana da, eta Gogoz edota Karmel lako aldizkariak sortu ditu. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban 1971n.


1. Euskereak Aramaion egin dauen ibilbideaz egin zenduanberba sarrera-ekitaldian. Aramaio aukeratu zenduan zure jaioterria dalako ala beste arrazoiren batengaitik be?

Nire jaioterria beti izan dot bihotzean. Ez deutsat inoiz uko egin aramaioarra izateari. Bertan irakatsi eustien euskerea, eta egin ninduen euskaldun. Beti izan ditut hartu-emon estuak bertako jenteagaz. Beraz, lekurik aproposena iruditu jatan berbaldia egiteko. Araban mendez mende euskereari eutsi deutson eskualdea izatea be, nahiko merezimendu da holako ekitaldia bertan egiteko.


2. Gerra osteko garaia traumatikoa izan zan Aramaioko euskerearen erabilereari begira. Zelan urten eban egoera horretatik?

Gerra osteko garaiak Aramaion baino traumatikoagoak izan ziran Euskal Herriko beste hainbat lekutan. Aramaion, batez be Ibarran izan eban eraginik nabarmenena, eskola erdaldunaren eraginaren bidez. Ondorio latza ekarri eban kuartel handia bertan izateak be. Erderea ezartzen eban giro penagarria bizi izan eben bertakoek garai ilun eta negargarri hareetan. Auzoetako jenteari esker iraun eban euskereak.


3. Zein da gaur egun euskerearen egoerea haran horretan?

Nahiko handia da euskerearen ezagutza mailea. 1960tik 1991ra artean beherakada handia izan eban, batez be auzoetako populazinoaren gitxitzearen eraginez. Baserrietako seme-alaba gazteek kanpora ezkondu behar izaten eben. Ez egoan bertan biziteko etxerik. Orain, etxe barriak egin diranez, barriro hasi da ugaritzen euskaldunen kopurua. Arazorik handiena, Euskal Herriko beste hainbat lekutan legez, erabilerea dogu. Honetan, neurriak hartu eta plangintza zehatzak egin beharko doguz. Euskal giroa areagotzeko premina larria dago.


4. Aramaioz gan, Arabako beste eremu batzuetan be euskerea bizirik egon dala erakusteko hainbat ikerketa egin dozuz. Ezjakintasun handia dago horren inguruan?

Ikerketa horreek batez be Arabako toponimia batzen aritu diranek egiaztatu ditue. Henrike Knörr eta Jose Luis Lizundia jaunek batez be. Azken honek, Aramaion nire berbaldiari erantzutean, oso datu interesgarriak eskaini euskuzan. Oso gitxik ezagutzen dituen datuak, Araban euskera galtzea oraintsuko kontua dala argi itxiz.


5. Teknologia barriak eta globalizazinoa aitatu zenduzan berbaldian. Zelako eragina izango dabe elementu horreek euskerean?

Teknologia barriak, zer esanik ez, sano lagungarriak dira euskerea ikertzeko eta zabaltzeko. Hizkuntzea normalizetako lanetarako sekulako aurrerakuntzea izan dira. Holan agiri da hainbat arlotan: testugintzan, hiztegigintzan, literaturan, itzulpengintzan, komunikabideetan (ahozkoetan zein idatzietan), administrazinoan, eta beste hainbat eta hainbat arlotan. Tresna ezin ederragoak izan arren, kaltegarri be subertau daitekez, sarritan erderearen eragina areagotzeko bide bihurtzen diralako.

Iraultzea ekarri dabe eta goitik behera aldatzen ari da gure ume eta gaztetxuen inguru linguistikoa. Edozelan be, Internet eta abar ‘mutuak’ izatean, oztopo izan daitekez euskerearen etorkizunean, hizkuntzak berba egitean oinarritzen diralako. Ume eta gazteek hainbeste ordu holakoen aurrean egitea kaltegarri izan daiteke. Horrek gero eta gatxagoa egiten dau hizkuntzearen transmisinoa familietan, gurasoak gero eta hartu-emon gitxiago izaten dituelako umeakaz euskeraz jarduteko.


6. 'Euskadunok Euskal Herri euskalduna gura dogula erakutsi dogu era askotara' esan zenduan berbaldiaren amaieran. Nahikoa izango ete da hori euskerea ez desagertzeko?

Beste zeozer be gogoratu neban. Gaurko gizartean ez jakula euskeraz biziteko benetako aukerarik emoten. Ez dirala gure eskubideak errespetetan, eta gizarteko hainbat momentutan eta arlotan erderaz egitera behartzen gaituela. Beraz, etorkizuna iragarterik ez badogu be, nire ustez, aukerak izan, eta gogoz eta adorez jokatu ezkero, akaso, lortuko dogu 'garelako izango dira' egia bihurtzea.


7. Henrike Knörr-ek jantzi eban domina hori zure aurretik. Zelako sentimentuak sortarazoten deutsuz horrek?

Henrike Knörr jauna, Euskaltzaindiak 1971n Aramaion bilerea egin ebanetik ezagutzen neban. 1977an euskaltzain oso egin ebenetik lotura nahiko estua izan neban beragaz. Banekian gaixorik egoala, eta makal ebilela, baina, ezustean jaso neban bere heriotzearen barri 2008ko apirilaren 30ean. Gero, bere aulkia beteteko proposamena egin eustienean, esku artean hainbat lan izan arren, onartu egin neban. 2008ko irailaren 26an izentau ninduen euskaltzain oso.


8. Zein izango da zure ekarpena Akademian?

Euskaltzain izentau ninduenetik hainbat batzordetan nabil lanean. Horreetan jarraituko dot, eta hileroko bileratara joateaz ganera, Euskaltzaindiak eskatutako eginkizun puntualetan be parte hartuko dot. Bestalde, ADOREZ hiztegiak barriztetako lanetan be banabil. 3000 hiztegia zeharo barriztauta, ADOREZ HIZTEGIA handia atara genduan 2009an. Aramaioko ekitaldian bertaratutakoei oparitzeko, gehien erabilten diren 10.000 hitzak batzen dituan Motxilako Hiztegia (2010) atara dogu. Beraz, ikusten dozunez, Euskaltzaindian lan egiteaz batera, euskerearen zabalkuntza lanetan be banabil. Euskaltzaindia euskera-arloan gidari badogu be, Euskaltzainditik kanpo be lan handia egiten dau jenteak euskerearen alde. Holan egin beharko geunke guztiok jagokun eremuan eta neurrian.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu