Uribe-Kostako eta Busturialdeko finalak astegoienean
2010-06-09 17:50 BertsolaritzeaBizkaiko Eskualdeetako Bertsolari Txapelketearen barruan falta diran bi finalak (Uribe-Kostakoa eta Busturialdekoa) astegoienean jokatuko dira eta erabagita geratuko da udagoienean Bizkaiko Bertsolari Txapelketan parte hartzeko aukerea izango daben bertsolarien zerrendea.
Bizkaiko Eskualdeetako Bertsolari Txapelketearen barruan falta diran bi finalak (Uribe-Kostakoa eta Busturialdekoa) astegoienean jokatuko dira eta erabagita geratuko da udagoienean Bizkaiko Bertsolari Txapelketan parte hartzeko aukerea izango daben bertsolarien zerrendea.
Bagilaren 12an, zapatuan, Uribe-Kostako finala jokatuko da Algortako Villamonteko kultur etxean, 18:00etan hasita. Bertsolariak: Aitzol de Castro, Arrate Illaro, Itxaso Paia, Joanes Igeregi, Jone Uria eta Ekaitz Larrazabal 'Katxo'. Gai-emoilea eta aurkezlea: Fredi Paia.
Danetara, 15 bertsolarik emon dabe izena Uribe-Kostako txapelketan eta eskualdeko antolatzaileek hiru kanporaketa saio antolatu zituen; saio horreetan lortutako puntuen arabera erabagi da nortzuk izango diran finalean. Bertso-afari formatoan egin ditue kanporaketak, Sopelan, Erromon eta Algortan.
Lehenengoz egin da Uribe-Kostako txapelketea, izan be, orain arte Ipar Uribeko txapelketan parte hartu dabe eskualde horretako bertsolariek. Halandabe azken urteotan nabarmen gora egin dau parte-hartzaile kopuruak eta Uribe Kostak eta Uribe Butroik bakotxak beren eskualdeko txapelketea antolatutea erabagi dabe. Ipar Uribeko txapelketako final danak Uribe Kostan jokatu dira. 2000. urtean Ipar Uribekoa maiatzaren 27an egin zan Getxon. Sei bertsolarik parte hartu eben eta txapela Fredi Paia algortarrak eroan eban. 2002an, 16 bertsolarik kantau eben kanporaketetan eta horreetatik 8 sailkatu ziran finalerako. Txapela Etxahun Lekue larrabetzuarrak jantzi eban. 2004an, kanporaketa bi jokatu ziran eta 8 bertsolariko finala jokatu zan. Xabier Paiak jantzi eban Ipar Uribeko txapela. 2006an, beste paiatar batek jantzi eban txapela, Itxaso Paiak hain zuzen be. Aurretik kanporaketa bi izan ziran eta danetara 14 bertsolarik parte hartu eben txapelketan. 2008an, ostera, Arrate Illarok irabazi eban.
Igandean, bagilaren 13an, Busturialdeko finala jokatuko da Bermeoko Antzokian 17:30etik aurrera. Bertsolariak: Aitor Beitia, Ander Elortegi, Iker Belaustegi, Jon Arano, Xabier Enbeita eta Julen Erezuma.
1959ko bagilaren 29an jokatu zan Busturialdeko lehenengo txapelketea, Euskaltzaindiaren eskutik. Bermeon egin zan eta bost bertsolariren artetik Deunoro Sardui muxikarra nagusitu zan. Hurrengo urtetik aurrera, hurrekotasunagaitik beharbada, Busturialdeko bertsolari batzuk Ipar Uribekoakaz batu eta txapelketa bakarra egiten hasi ziran. Mungian jokatu zituen era horretako txapelketa guztiak. 1960an, Ireneo Ajuria muxikarrak jantzi eban txapela. Hurrengo urtean, barriz, 1961an, zazpi bertsolarik hartu eben parte eta Jon Lopategi muxikarra izan zan onena. 1962an be, Jon Lopategik jantzi eban txapela. 1963an ez zan txapelketarik egin eta urte horretatik aurrera, Bizkaiko txapelketa lez, bi urterik behin jokatu zan. 1964an be muxikar batek jaso eban sari nagusia, Felix Ortuzarrek, hain zuzen be. Era horretako azkenengo txapelketea 1966ko abuztuaren 21an egin zan eta Abel Enbeita muxikarra izan zan onena.
2000. urtean, Bizkaiko Bertsozale Alkarteak eskualdeetako txapelketak berreskuratzeko erabagia hartu ebanean, apirilaren 30ean egin zan Busturialdekoa. Zazpi bertsolarik hartu eben parte Gernikako zineman jokatu zan finalean eta Anertz Muniategi bermeotarrak jantzi eban txapela. Ordutik urte birik behin egiten da Busturialdeko txapelketea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!