Gipuzkoako historia ipuinen bidez

Bizkaie! 2010-06-08 15:44   Kulturea

Hamaika liburuxka eta bi DVD-ROMez osotutako bilduma honen bidez 6 urtetik gorako gaztetxuei modu errazean Gipuzkoako historiaren hainbat zertzelada eskaini nahi jakez.

Hamaika liburuxka eta bi DVD-ROMez osotutako bilduma honen bidez 6 urtetik gorako gaztetxuei modu errazean Gipuzkoako historiaren hainbat zertzelada eskaini nahi jakez. Hamar ipuinek eta laburpen moduan eskaintzen dan hamaikagarren liburuxka batek osotzen dabe liburuen bildumea. Ipuin bakotxa Gipuzkoako herri batean kokatu da, garaian garaiko ohitura eta bizimoduaren barri emoteko erabiliz.

DVD-ROMetan Juan Carlos Nazabal eta Jose Anjel Lopetegi marrazkigileen marrazki biziak eta ipuin horreetan oinarritutako jolasak dagoz: puzzleak, labirintoa, margotu, idazketa txokoa, memoria jokoa. DVD-ROMetako marrazki bizidunak eta jolasak (puzzleak, labirintoa, margotu, idazketa txokoa, memoria jokoa) Lotura Films-ek egin ditu.

Salneurria: liburu bakotxak: 5,50 €; DVD-ROMak: 25,00 €; kaxa osoak: 70,00 €

Elkar, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kutxaren arteko alkarlanari esker egin da bilduma hau.


Gipuzkoako historia ipuinen bidez

1. Geologia aroak. Harriek historiak kontatzen dizkigute (Mitxel Murua). Lehen ipuin honetan, ikasle talde bat Zumaiako itsasertzera joango da, Algorrira hain zuzen. Irakasleek hango harriek eta flyschek gordeten dituen sekretuen barri emongo deutse.

2. Historiaurrea. Ekaingo haitzuloan (Mitxel Murua). Ipuin honetan, Ekaingo haitzulo inguruan bizi ziran Aritz eta Eneritz anai-arreben bizimodua agertzen jaku. Aitona hainbat kontu argitzen saiatuko jake bilobei: haitzuloko margoak, eguneroko bizitzako gorabeherak eta beste gauza asko.

3. Burdin Aroa. Opari bat egunsentian (Pako Aristi). Ipuin hau Tolosa inguruko Iruntxur Burdin Aroko herrixkan kokatzen da. Harkin mutikoak atsegin dau Ainararen adiskidetasuna, baina herrixkara familiargaz etorriko dan mutiko baskoiak nahiko buruhauste emongo deutsoz.

4. Erromanizazioa. Zilarrezko txanpon bategatik (Pako Aristi). Ipuin hau Oiaso erromatarren garaiko urian kokatzen da. Julia Oiason bizi da, eta Joanes ezagutuko dau, gaztaiak saltzera azoka egunetan menditik bajatzen dan artzaina. Joanesek ez dau oso gustuko uriko bizimodua, baina lagunak egin nahi ditu.

5. Goiz Erdi Aroa. Kixmi etorri da (Mitxel Murua). Bosgarren ipuina Getaria inguruan kokatzen da. Marta neskatoa amuma Mariagaz iturrira joan, eta Gartxot mutikoa eta bere aitite Enekogaz topo egingo dabe. Azken garaietako barriak emongo deutsiez alkarri: garai ilunak bizi ditue.

6. Berant Erdi Aroa. Bizimodu berri baten bila (J. M. Olaizola 'Txiliku'). Ipuin honek Argia eta Aritz neska-mutikoen familia Aranotik Donostiara bizimodu barri baten bila joan zanekoa kontetan deusku. Oinez abiatu, eta barkuan helduko dira Donostiara, Urumea ibaian barrena. Han osaba Gartzea saskigileagaz alkartuko dira guztiak.

7. Errenazimentua. Mirandaolako uraren historiak (Pako Aristi). Ipuin honek Katalina eta Andrestxiki neska-mutikoek Remigio agure zaharra ezagutu ebenekoa dakarsku. Remigioren bidez olagizonen bizimodua eta Euskal Herriko historiaren pasarte batzuk ezagutuko ditue bi gaztetxuek.

8. Ilustrazioa. Kortsario zaharraren negarra (Pako Aristi). Ipuin honetan Baztanen bizi dan Manuel Martin lehengusu gaztearen bisita jasoko dau Ines neskatoak. Ines Pasaian bizi da, eta marinelen bizimodua erakutsiko deutso lehengusuari. Ezustean, kortsario zahar bat be ezagutuko dabe.

9. Industrializazioa. Hildako semearen itzulera (Pako Aristi). Bederatzigarren ipuinak Elisa eta Tomas neska-mutikoen bizimodua kontetan deusku. Bergaran bizi dira, bakotxa bere baserrian. Aldaketen garaia da: industria, trena... gauza asko. Elisak amesgaiztoak izaten ditu, misterioa argitu nahi dau...

10. 1936ko Gerra. Negu luzearen atarian (Xabier Mendiguren Elizegi). Hamargarren ipuin honek Iñaxi eta Antton anai-arreben bizimodua dakar. Elgetan bizi dira, ez dira eskolara joaten, ezin dabe. Etxean ez deutsie ixten Patxi eta Maritxu lagunakaz jolasera joaten. Tiroak eta arma-hotsak dira nagusi inguruan, lubakiak bazter guztietan... Gerra-garaia da danantzat.

11. Herriz herri, mendez mende (Manuel Arregi). Hamaikagarren liburuxka hau bildumako hamar ipuinen laburpen moduan eskaintzen da. Horrezaz gan, batzuetan, ipuinak kokatu diran inguruetako gaur egungo informazinoa be emoten da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu