Kutsidazu bidea... EHNE eta Topagunearen eskutik

Bizkaie! 2010-06-08 15:16   Euskerea berbagai

Uda honetan euskerea praktikau nahi daben mintzalagun edo berbalagunek, Bizkaian (Busturialdean eta Mungialdean) dagozan 17 baserritan izango dabe horretarako aukerea. Baserritarrek giro euskaldunean sartu eta euskeraz biziteko aukerea eskainiko dabe, baserriko lanetan laguntzearen truke.

Danetara, hiru mila lagunek hartzen dabe parte Euskal Herri osoko 60 herri eta eskualdetan martxan dagozan Mintzapraktika programetan. Horreetako asko bagilaren 6an batu ziran Arrasaten, Mintza Egunaren bosgarren edizinoa ospatu eta ‘ikasturteari’ jai giroko amaierea emoteko.

Mintzapraktika programek aisialdia, gozamena eta euskerea buztartzen ditue, eta, hiru osogaiok kontuan hartuta, udan be mingaina astindu nahi daben mintzalagunentzako beste aukera bat landu dabe alkarlanean Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoak eta EHNE Euskal Herriko Nekazarien Alkarteak.

Holan, uda honetan euskerea praktikau nahi daben mintzalagun edo berbalagunek, Bizkaian (Busturialdean eta Mungialdean) dagozan 17 baserritan izango dabe horretarako aukerea. Baserritarrek giro euskaldunean sartu eta euskeraz biziteko aukerea eskainiko dabe, baserriko lanetan laguntzearen truke.

Programea garagarrila, abuztua eta irailean jarriko da martxan. EHNEk prest dauka honezkero parte hartuko daben baserri eta baserritarren zerrendea eta, beraz, mintzalagun edo berbalagunak bilatzea besterik ez da falta. Boluntario horreek, doban emon leikie izena, eta baserrira bitarteko garraio gastuak be pagau egingo jakez.

Mintzapraktika programetan legez, parte hartzea norberaren aukeren araberakoa da honetan be: aldi bateko egonaldian, egun zehatzetan, ordukako egutegian, behin, aldiro. Bakotzak dauen disponibilidadearen arabera, hain zuzen be. Izan be, antolatzaileek programan parte hartu nahi daben guztiek horretarako aukerea izatea nahi dabe, eta horregaitik planteamendua ahalik eta malguena egin nahi izan dabe.

Euskerea praktiketeaz gan, baserri giroa ezagutzeko aukera bikaina da! Hain zuzen be programeagaz hasi aurretik, EHNEk formaznio saio xumea eskainiko deutse parte-hartzaileei, baserriko lanaren oinarri-oinarrizko tekniken barri izan daien. Urbanita hutsa izatea be ez da eragozpena, beraz!

Proiektuan parte hartu edo informazino gehiago nahi? Zalantzak argitzeko, Topaguneagaz hartu-emonetan jartea baino ez dago (mintzapraktika@topagunea.org edo 948 13 26 93). Izena emoteko epea bagilaren 25ean amaituko da.

Topagunea eta EHNE proiektu pilotu honegaz oso ilusionauta dagoz, izan be, aurrerantzean alkarlanean jarraitzeko bideak eta aukerak irudikatu dituelako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu