80 egunean
2010-06-07 12:24 Zinema kritikakMariasun Pagoaga debutantearen naturaltasuna miresgarria da. Benetazko jentea da pelikulan ageri dana, erraz ezagutu zeinken horreetakoa. Apaltasunez eta siniskortasunez kontauta, begiradeen pisuak eta alkarrizketen zintzotasunak laguntzen dabe istorioan sinistuarazoteko orduan.
- Zuzendariak eta gidoigileak: Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño.
- Musikea: Pascal Gaigne.
- Antzezleak: Itziar Aizpuru, Mariasun Pagoaga, José Ramón Argoitia, Ane Gabarain, Zorion Agileor, Patricia López.
- Argazkia: Javier Agirre.
- Produktoreak: Irusoin / Moriarti Produkzioak.
- Generoa: Drama.
- Iraupena: 105 minutu.
- Herrialdea: Euskal Herria.
Erronka handiari ekin eutsien Jose Mari Goenagak (Lucioren zuzendaria) eta Jon Garañok pelikula hau asmaukeran, ez baita bape erraza 70 urte inguruko bi emakumeren arteko amodiozko istorioa filmetea, erredikuluan eta txepelkerian jausi barik. Apustu handia eta gidoilaritzan eta aktoreen zuzendaritzan maisu lana behar da hori aurrera atarateko. Eta neurri handi batean, lortu egin dabe. Izan be, eta hau da inportanteena, pertsonaiak eta jazoerak sinisgarriak subertetan dira. Eta hori asko da. Detaile guztiak oso zainduta dagoz eta horrek mesede egiten deutso istorioari.
Interpreteek bikain bete dabe euren lana, eta Mariasun Pagoaga debutantearen naturaltasuna miresgarria da. Benetazko jentea da pelikulan ageri dana, erraz ezagutu zeinken horreetakoa. Apaltasunez eta siniskortasunez kontauta, begiradeen pisuak eta alkarrizketen zintzotasunak laguntzen dabe istorioan sinistuarazoteko orduan.
Dana dala, erritmo biziago bat eskertzekoa izango zan. Batzuetan, geldiegia gertatzen da pelikula eta badirudi gidoiak ez dakiela nondik nora jo. Eszena batzuk apur bat behartuta azaltzen dira.
Esan da homosexualidadeari buruzko pelikula bat dala 80 egunean, baina hori baino gehiago, desio zapuztuen gaia jorratzen dauelakoan nago. Bardin da protagonistek 70 urte izatea edo 30. Bizitza guztietan heltzen da momentu bat non erabagi bat hartu behar dogun: bihotzari eta desioari jarraitu eta horrezkero bizimodua konplikau, edo amestutakoari uko egin eta bizimodu erosoa bere horretan itxi. Hori da film honen indarra eta, hutsak alde batera itxita, sano gomendagarria da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!