Arantzazu Afrikagazko alkargune

Bizkaie! 2010-06-07 11:16

Baketik, bake zentroak antolatuta, 2010eko bagilaren 7tik 12ra Arantzazu, Afrikagazko alkargune bilakatuko da. Afrikako independentzien 50. urteurrenean, Afrikari buruzko IV. aste honek lankidetzarako senidetzea eta berradiskidetzea Laku Handien eskualdean landuko dau.

Ez nagusitasunaren erotika, ez biktimismoaren erotika

Alkartasunak, guztiak legez, bizitzan abantailak eta desabantailak ditu. Gizakia indarrez erakarten daben bi joeren artean geldi daiteke atrapauta bere alderdirik ilunenean. Bi joeretan lehenengoa nagusitasunaren erotika bihurtzeko arriskua dauen alkartasunaren bizipena da. Emoten dauenak dau berezkoa. Ez dau esan nahi bestea baino gehiago sentiduten nazenik, baizik eta besteari laguntzeak dakarren desoreka horrek neure burua ontzat, justifikautzat joteko boterea emoten deustala, eta hori, nahi barik, neure konpromisoaren arrazoi garrantzitsuena bihurtzen dala. Asmo nagusia ondo sentiduten nazelako ordainsaria bilatzea da. Bigarren joera biktimismoaren erotika bilakatzeko arriskua dauen alkartasunaren bizipena da. Jasoten dauenak dau berezkoa. Neure motibazinoa garrantzizkoena ez da baliabideak sortzea neure behar-egoeratik urtetako, neure biktima-egoerak eskaintzen deustan mesedezko tratua bilatzea baino. Alkartasuna hartzea faltsutu egiten da, eta benetakotasuna galtzen dau. Asmo nagusia ez da autonomia berreskuratzea, amore emoterakoan besteek ulertzea eta zenbait betebeharretatik libre geratzea baino. Bi erotika horreek osogarriak dira, eta alkarren atseginekoak. Harmonia perfektuan bizi daitekez. Jarrera pertsonaletan, kolektiboetan, nazinoarteko politikan, lankidetzan, Afrikagazko hartu-emonetan eta abarretan dagoz. Azken emoitzea ez da ona. Afrikagazko alkartasunean nagusitasunaren erotikaren eta biktimismoaren erotikaren artean tarteko bidea zabaltzen saiatzen da Afrikandugu proposamena.

'Afrikari buruzko IV. Astean lankidetzarako senidetzeen irudia partekatu eta bultzatu nahi dauen proposamen horretan sakonduko dogu. Laku Handien eskualdean eta berradiskidetzearen gaian jarriko dogu atentzinoa. Bagilaren 7tik 12ra, Arantzazu Afrikagazko alkargunea izango da'.


Egitaraua

Astelehenetik barikura, 18:00etatik 20:00etara, ikastaroa: lankidetzarako senidetzea eta berradiskidetzea Laku Handietan, Mbuyi Kabunda irakasleak zuzendua.


Astelehena 7

Inaugurazino ekitaldia Afrikari buruzko IV. Astea Aratzazun.
Lehen ikastaroa: 'Iragana. Laku Handien eskualdearen historiaren deskribapena'. Irakasleak: ·Mbuyi Kabunda. ·Florent Rugigana (Rwanda).


Martitzena 8

Bigarren ikastaroa: 'Oraina. Laku Handien egungo egoera'. Irakasleak: ·Mbuyi Kabunda. ·Rigobert Minani (Kongoko Errepublika).


Eguaztena 9

Hirugarren ikastaroa: 'Etorkizuna. Ikuspegi eta lehentasun sozialak Laku Handietan'. Irakasleak: ·Mbuyi Kabunda. ·Florent Rugigana (Rwanda).


Eguena 10

Laugarren ikastaroa: 'Berradiskidetzea. Bizikidetza berreraikitzeko eta berradiskidetzerako bidezko prozesu baterako gakoak Laku Handietan'. Irakasleak: ·Mbuyi Kabunda. ·Rigobert Minani. ·Gorka Gamarra (Umurage dokumentaleko zuzendaria).


Barikua 11

Bosgarren ikastaroa: 'Esperientziak. Lankidetzarako senidetzeen irudia eta bere ekarria Laku Handien berradiskidetze prozesuari'. Irakasleak: ·Mbuyi Kabunda. ·Jonan Fernandez. ·Florent Rugigana.


Zapatua 12

10:30ean. Mbuyi Kabundaren hitzaldia: 'Historia, egungo egoera eta bizikidetza berreraikitzeko eta berradiskidetzerako bidezko prozesu baterako lehentasunak Laku Handietan'.
11:15ean. Atsedena.
11:45ean. Gorka Gamarraren Umurage dokumentala.
12:45ean. Solasaldia: Mbuyi Kabunda, Florent Rugigana, Gorka Gamarra, Jonan Fernandez eta Fausto Yudego.
13:30ean. Atsedena.
14:00etan. Herri-bazkaria.

Erantzunak

Pello Sarasua 2011-05-31 11:55 Erantzuna | #1

Kaixo:

Ekainaren 8tik 11ra Afrikako V astea ospatuko da Arantzazun Baketik eta Tau fundazioak antolatuta. Ekuatore Gineako ordezkariak izango dira aurtengo Afrikako Astean. Asteazkenetik ostiralera, 18.00etatik 20.00ak bitarte, “Demokratizazioa, etnizitataea eta itxaropena Afrikan: Bubi herriaren kasua Ekuatore Ginean” gaia jorratuko da saio bakoitzak bi zati izango dituelarik. Lehenengoan ikuspegi global batetik landuko da gaia eta bigarrengoan Bubi herriaren kasua aztertuko da bertako ordezariekin. Ekainaren 11ean, hitzaldia eta dokumental bat izango ditugu eta Asteari amaiera emateko herri-bazkaria izango da.
Hemen duzue informazio gehiago http://www.baketik.org/eu/afrika

Honen berri ematea eskertuko genizueke

Mila esker

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu