300 bat lagun batu dira Arrasaten VI. Mintza Egunean
2010-06-07 11:04 Euskerea berbagaiTopagunea Euskara Alkarteen Federazinoak, AED Alkarteak eta Zahar Berri mintzapraktika egitasmoak antolatu dabe Euskal Herriko mintzapraktika egitasmoetako partaideak alkartzeko eta jai-egun entretenigarria euskeraz pasetako helburua dauen jaia.
Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoak, AED Alkarteak eta Zahar Berri mintzapraktika egitasmoak antolatu dabe Euskal Herriko mintzapraktika egitasmoetako partaideak alkartzeko eta jai-egun entretenigarria euskeraz pasetako helburua dauen jaia. Berbalagunak, solaskideak, mintzalagunak... Hego Euskal Herriko txoko guztietatik hurreratu dira Arrasatera mingaina gustura astintzeko.
Antolatzaileen ondo etorriaren ondoren, bertaratutako lagunek hamaiketakoa egin dabe Biteri plazan, txalapartaren soinuak lagunduta. Euriak une batetik bestera danak sakabanatu behar zituala emoten eban arren, azkenean eguraldiak be bat egin dau jaiagaz, eta han-hemenkako tantatxo batzuk kenduta, aparteko eragozpenik ez da egon.
Hamaiketakoaren ondoren, Arrasateko historia eta txoko esanguratsuak ezagutzeko ibilbide gidatua hasi da, Ana Isabel Ugalderen eskutik. Historialariak ahozabalik itxi dau bat baino gehiago Arrasate eta Mondragoeren arteko diferentziak, herriko harresia eta garai bateko arkitektura eta urigintza arauak gaitzat hartuta.
Ibilbidearen ostean, Manex Agurre eta Jokin Labaien bertsolari gazteek jarri deutsie piperra goizari, eta jaso daben txalo zaparradea ikusita, entzuleek gustura hartu dituela esan daiteke. Gero entzuleak eurak izan dira protagonista, Portaloiko kanta taldeak eta Arrasateko trikitilariek kantuan eta jantzan jarri baititue, bai Mintza Egunera etorritakoak eta bai kalean ebilzan herritarrak be.
Kalejirearen ondoren, 14:30ak aldera, mintzalagunak Udaletxeko plazako karpa erraldoian alkartu dira alkarrekin bazkaltzeko. 270 lagun batu dira han eta, postrean, eguneko momenturik hunkigarriena heldu da: urtero egiten dan sari banaketearena, hain zuzen be. Sari horrekaz, mintzapraktika egitasmoetan ibilbide nabarmena daben lagunen ahalegina eskertzen da. Eta bistan da asko dirala ahalegin hori egiten dabenak, aurten zazpi izan baitira saritutakoak: Uribe Kostako Ana Telo, Bergarako Nerea Altzelai, Arrasateko Mari Karmen Agilar eta Espe Sainz, Ezkerraldeko Juanan Fernandez eta Mikel Ferrero eta orain 21 urte Ekuadorretik Donostiara etorritako Gladis Villalva kazetaria.
Guztiek be hunkituta jaso dabe saria, eta eskerrak emon ondoren erromeriaren txandea izan da. Seguruenik, horixe izan da eguneko sorpresarik handiena askorentzat: izan be, musikari senegaldarrek eta ganbiarrek osotzen daben Kataia taldeak izan dau musikea jarteko lana: taldeak musikarien herriko musikea egiten dau, euskerazko letra jarrita, nahasketa bitxia sortuz.
Hasierako ezustekoa gaindituta, asko izan dira Kataiaren erritmoakaz jantzara animau diran berbalagunak zein kaleko herritarrak, eta holan, kantuan eta jantzan joan da arratsaldea. Bosgarrena ia-ia amaitu barik oraindik, eta partaideetako asko galdezka hasi dira dagoeneko, seigarrena non eta noiz izango dan.
Seigarren Mintza Eguna Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoak, AED alkarteak eta ZaharBerri mintzapraktika egitasmoak antolatu dabe, Eusko Jaurlaritza eta Arrasateko Udalaren babesaz, eta AEK zein IKAren laguntzinoagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!