Bilboko XV. Eskola Antzerki Jaialdiaren amaiera ekitaldia Campos Antzokian egingo da domekan
2010-06-04 14:51 KultureaBilboko 21 ikastetxe publikok eta pribaduk -lehen eta bigarren hezkuntzako 309 ikaslek- parte hartu dabe lehiaketearen hamabosgarren edizino honetan. Euskeraz eta gaztelaniaz egindako 39 antzezlan aurkeztu dira. Ekitaldia 10:00etan hasiko da.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak sustatzen dauen XV. Eskola Antzerki Jaialdia domeka honetan, hilak 6, amaituko da, goizeko 10:00etatik aurrera Campos Antzokiko eszenatoki nagusian izango dan ekitaldiagaz. Bertan, jaialdian saritutako lanak izango dira ikusgai eta sariak banatuko dira, Bilboko Udaleko iturriek jakinarazo dabenez.
Domekan eszenan ikusi ahal izango diran antzezlan saridunak honako honeek dira: lehen hezkuntzako ikasleei jagokenez, Abusu Ikastolako 'Udako solstizioa', Arangoiti Herri Ikastetxeko 'Azken balea' eta Gallego Gorria Herri Ikastetxeko 'Movilmanía'; bigarren hezkuntza ikasleen artean, Miguel de Unamuno Batxilergo Institutuko 'Hoy celebramos la fiesta de la comunidad' lana izango da ikusgai.
Lan horreez gan, epaimahaiak bi akzesit emon deutsiez Viuda de Epalza Herri Ikastetxeko ikasleen 'Sararen giltza' lanari, taldeko interpretazino onenagaitik eta Maestro Gallego Gorria Herri Ikastetxeko ikasleek antzeztutako 'Sorospitala' montajeari, epaimahaiaren eretxiz proposamen bereziena izan baita. Bi lan horreek be lehen hezkuntzako ikasleek antzeztuko ditue. Edizino honetako epaimahaiak hutsik itxi dau Bigarren Hezkuntzako euskerazko lanei jagoken saria.
Bilboko 21 ikastetxe publikok eta pribaduk -lehen eta bigarren hezkuntzako 309 ikaslek- parte hartu dabe lehiaketearen hamabosgarren edizino honetan. Euskeraz eta gaztelaniaz egindako 39 antzezlan aurkeztu dira. Eskola Antzerki Jaialdia 1992an sortutako ekimena da, umeen artean arte eszenikoak sustatzeko helburuagaz. Diru sariez aparte, parte hartzen daben ikastetxe guztiek 300 euro jasoten ditue, ikasturtean preparau beharreko lanetan laguntzeko.
Aurtengo edizinoko epaimahaia Nuria Moranek, Pedro Madozek, Alberto Velascok eta David Valdevirak osotu dabe, danak antzerki eta pedagogia arloetako adituak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!