Asier Muniategi: irakurteko zaletasuna dauenak erosten eta irakurten segiduko dau
2010-06-03 14:40 BarriketanLiburuak protagonista izango dira Bilbon datozen 10 egunetan, izan be, Bilboko 40. Liburu Azokeak gaur, bagilak 3, zabalduko ditu ateak eta hilaren 13ra bitartean, Bilboko Arenalean kokatutako 60 erakustokitan, Amélie Nothomb (Kritika Saria), datorren astelehenean Zilarrezko Luma jasoko dauen Asa Larsson, Pia Tafdrup, Eduardo Mendoza, Antonio Muñoz Molina, Paco Igacio Taibo, Elvira Lindo, Toti Martinez de Lezea, Kirmen Uribe, Jon Arretxe, Katixa Agirre, Unai Elorriaga eta abar izango dira protagonista, 100 egiletik gora hurreratuko dira Bilbora. Era berean, berbaldiak, topaketak, umeentzako tailerrak zein liburu sinaketak iragarri ditue.
Berrogeigarrenez antolatzen dan Liburu Azokearen eta sektoreak egun bizi dauen egoaren gainean berba egiteko batu gara eta ondokoak kontau deuskuz Muniategi jn.ak:
1.- Aurtengo egitarauari erreparau ezkero, Bilboko 40. Liburu Azokea gogor dator, nazinoartean sano ezagunak diran idazleakaz eta abar... Berezia al da aurtengo azokea?
Bai, aparteko ahaleginak egin doguz aurten eta sano pozik gagoz. Egitaraua sekulakoa da, gurera datozanen zerrendea ederra da baina esan behar deutsut gura genduan guztia ez dogula lortu, agenda kontuakaitik eta bestelako arazoakaitik bazterrean geratu izan dira izen handiko idazle batzuk baina, oro har, gustora gagoz geugaz izango diran 100 egile baino gehiagoko zerrendeagaz, nazinoarteko, Euskal Herriko zein estaduko sortzaileak. Berbaldiak, topaketak, umeentzako tailerrak zein liburu sinaketak be izango dira eta nik uste dot jenteak aukera zabala izango dauela liburuakaz, egileakaz eta okasinorako berenberegi antolatutako ekitaldiakaz disfrutetako.
2.- Egitarau potolo horretatik, zeozer nabarmentzekotan...
Ezer baino lehen, Ameli Amélie Nothomb aitatuko deutsut. Urte askotan ibili gara negoziazinoetan idazle hau Bilbora ekarteko eta azkenean hemen dago. Kritika Saria emon deutsagu 'Ordeno y mando' liburuagaitik eta oso pozik gagoz, mundu mailan izen handikoa dalako. 1992an argitaratu eban lehenengo liburua: 'Higiene del asesino ('Hygiene de l'assassin') eta kritika oso onak izan zituan. Ordutik urtean 3,7 liburu idatzi eta bakarra argitaratzen dau eta milaka irakurle ditu munduan.
Asa Larsson idazlea ekartea be ez da bromea, beronen lanak hamasei herrialdetan argitaratuta dagoz eta, besteak beste, 'Aurora boreal' eta 'Sangre derramada' liburuakaz sekulako ospea eta salmentak lortu ditu. Ganera, aitatu deutsudan lehenengo liburu horretan oinarrituta film bat be egin zan. Bilboko Azokan, datorren astelehenean, hilak 7, Zilarrezko Luma saria emongo deutsagu.
Horrezaz gan, Eduardo Mendoza zein Antonio Muñoz Molina geugaz izatea be ez da makala eta, jakina, bertoko idazleak. Dana dala, bai azpimarratu gura neuke, aurten, idazle gazteena, Nerea Pedraza, 13 urtekoa, izango dogula liburu bat aurkezten.
Era berean, aurten argazki erakusketa bat be izango da 40 urteko ibilbidea irudietan erakusteko: azoka egunetan ataratakoak, komunikabideetan jasotakoak... Danak ezin, milaka diralako baina aukeraketa zehatza egin dogu eta esanguratsuenak edo hor egongo dira ikusgai.
3.- Oraingoz daturik ez dozue zabaldu baina arlo danak jo dituan krisiak liburugintza sektorea be jo dauela pentsetako ez da asko behar, aisia, kulturea izaten baita egoera gogorretan murrizten dogun lehenengo arloa. Ze prebisino dozue?
Krisiak danean dauka eragina, jakina. Dana dala, urte birik behin egiten dogun ikerketea egiten gabiz oraindino eta aurreko urteetako jokereari eusten jakola izan daiteke daturik esanguratsuena. Edizinoari jagokonez, EAEn, 3.500 liburu barri plazaratzen dira, euskeraz bi mila berrehun eta piku liburu argitaratzen dira urtean; estadu mailan, barriz, 72.000tik gora liburu barri plazaratzen dira urtean eta, beraz, eskaintza zabala da hori.
Krisia gorabehera, irakurteko benetako zaletasuna daukanak erosten eta irakurten segiduten dauela pentsetan dot. Ganera, liburutegi oso onak daukaguz eta hor be aukera ederra dago gasturik egin barik irakurten jarraitzeko. Komertzioa hor dago, garrantsitsua da baina guretzako irakurzaletasuna bultzatzea da helburua.
4.- Salmenta kopuruari buruz ba al dago zeozer aurreratzerik?
Oraingoz datu zehatzik ez dagoan arren, salmentatan jatsiera txikia atzemoten da baina lehen emon detsudazan datuakaz eta, baikor egoteko arrazoiak doguz. Azokeari jagokonez, ohikoa izaten da eguraldiak laguntzen dauenean, azokeak emoitza onak izatea salmentei jagokenez; eguraldia lar ona bada be txarra izaten da ze orduan jenteak hondartzara alde egiten dau... Kontuak kontu, azoka egunetan % 10eko beherapena dago eta hori ondo gogoan hartzen dabe bisitariek.
5.- Liburu digitalen mehatxua be badator...
Holan dinoe... Iraultzea datorrela. Edozelan be, zeozelako bildurtxua edo errezeloa dagoan arren, liburu digitalarena berde dago oraindino, jaiobarria da eta ikusteko dago ze aldaketa edo ze eragin ekarriko dauen. Dana dala, betiko liburua eta digitala alkarbiziko dirala esango neuke. Edade batekoontzat ez dala hain erabilia izango pentsetan dot, papelezko liburuaren magia, usaina ez dirala galduko. Hori bai, dana ordenagailuagaz egiten daben gazteentzako errazagoa izango da mundu horretan sartzea. Bestelakoan, musikeagaz pasetan dan legez, deskargak, pirateria eta holako arazoak be sortuko dira, jakina eta horrezaz gan, arlo asko aztertu beharko dira inplikautako aldeen artean: egile eskubideak, argitaletxeak, publizidadea, legez kanpoko deskargak...
6.- Urrezko Luma saria Euskaltzaindiari emotea erabagi dozue. Zergaitik?
Andres Urrutia euskaltzainburuak jasoko dau saria. Eta zergaitik Euskaltzaindiari? Igaz 90 urte bete zituan euskerearen akademiak, igaz be protagonismo berezia izan eban, erakusketa bat antolatu genduan eta aurten be liburu batzuen erakusketea izango da. Normalean pertsonek jaso izan dabe sari hau, baina Labayru Ikastegiari be emon izan geuntson eta horren ibilbide luzea eta emonkorra egin dauen Euskaltzaindiak be merezidu dau, zelan ez.
7.- Zuk zeuk be egin dozuz urte batzuk antolakuntzan, 25 urte inguru eta zorionak zeuri be...
Bai. Urte asko dira baina gustora ibili naz eta igarri barik pasau da denporea. Tarte luzea da eta pentsetan hasten zarenean, danetarik bizi izan dogu: lehenengo urteetan idazleak ekarteko zailtasunak eta bestelako gorabehera batzuk, egoera politikoa be bestelakoa zan. Gaur egun, barriz, liburugintza sektorean zeozelako normaltasuna dago.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!