Oier Guillan: 'kulturea beti dago krisian, beti egon da eta akaso beti egongo da'

Koldo Isusi Zuazo 2010-06-02 11:01   Barriketan
Idazlea, Literaturiako kidea

Mila irakurle eta bat gehiago lemapean egingo da aurten Literaturia Larrabetzun bagilaren 4, 5 eta 6an. Bertan euskeraz argitaratzen daben argitaletxeak alkartuko dituan azoka gunea egongo da; nobedadeen barri emongo da idazleen presentziagaz; poesia eta musika errezitaldiak, kontzertuak, ume eta gazteentzako antzezlanak eta oro har letrei loturiko ekitaldiak eskainiko dira.

Literaturia Literatura Eskolaren ekimenez jarri zan martxan igaz, Larrabetzuko kultur eragileakaz alkarlanean. Aurten 'mila irakurle eta hamaika gehiago alkartzeko asmoa zehaztu dau antolakuntzak, eta horregaitik Literatura Eskola 111 akademiagaz eta Euskal Herri osoko irakurle klubakaz alkarlanean egingo da.

Gauzak holan dirala, antolakuntza lanetan ibili dan Oier Guillanek ondokoak kontau deskuz:


1.- Literatureak jai dauka irakurle barik eta aurten protagonismo berezia hartuko dau euskal irakurlegoak...

Aurten apostu berezia egin da irakurleen eremua lantzeko eta 111 akademiagaz eta Euskal Herriko irakurle klub askogaz alkarlanean, aurtengo Literaturiaren jarrera hori fundazionala izango da, izan be, aurretik sare horreetan gabilzanok sentiduten genduan gose eta behar bati erantzuten deutso. Esperientzia horretan kuriosidade handiagaz abiatuko gara eta ondorioak gero etorriko dira.

Irakurlea gitxitan aitatzen da literatureari edo oro har, kultureari buruzko gogoeta egiten danean. Irakurlea, musika entzulea, bestelako publikoa normalean ez dogu behar dan moduan aintzat hartzen, akaso, kontsumitzaile pasiboaren ideia zabaldu dalako baina nire eretxiz, zorionez irudi hori apurtzen daben ekimenak eta sareak sortzen dagoz. Literaturearen kasuan, irakurleen klubetan eta Euskal Herrian sortu diran eta sortzen dagozan aste kultural, poesia aste, poesia egun eta bestelako ekimenetan mamitzen da irakurle aktiboaren irudi hori. Beraz, gose edo behar bati erantzuten deutson sare bat dago ekinean. Orain arte sare hori arma pertsonalen bidez edo interesa dogunon arteko hartu-emonen bidez gauzatu da baina Literaturian egingo dan ekimen honek segurutik hartu-emon horreei eustea eta aitatu sarea finkatzea ekarriko dau.


2.- Literatura Eskolak ikasturteko azken saioa Literaturiaren egitarauaren barruan egingo dau. Aurrerantzean be holan izango al da?

Igaz be holan izan zan eta aurten be bai. Kontuan hartu Literatura Eskola Larrabetzun sortu zala, lehenengo urteetan Larrabetzun bertan egiten ziran ekitaldi guztiak eta geroago zabaldu ziran Euskal Herriko beste herri batzuetara. Hori bai, hasi eta amaitu Larrabetzun egiten da ekitaldien bira. Kontuak kontu, normala eta zentzuzkoa be bada, dana batera egitea, izan be, Literatura Eskolaren filosofiatik asko daukala Literaturiak, proiektu parte-hartzailea, horizontala, herrikoia, ez elitista, literaturea ulertzeko eta biziteko hurreko modua...


3.- Literaturiako ekitaldiak Interneten zabaltzeko amesa dago aurten...

Sareak eskaintzen deuskuzan baliabideak esku-eskura daukaguz eta kultureagaz, literatureagaz lotutako ekimenak zabaltzeko tresna garrantzitsua izanik, euskarri horrek gero eta indar handiagoa dauka. Sare sozialetan be oso presente dagoz bai Literaturia eta bai Literatura Eskola be eta duda barik, aurreko urteetan legez, aparteko ahalegina egingo da aurten be gure jarduna Interneten zabaltzeko. Oraindino ez dau ordezkatzen horrek ekitaldiak zuzenean ikusteak dauen enkantua baina oso garrantzitsua da ahalik eta bazter gehienetara heltzeko.


4.- Literaturia gogoetarako eta alkartrukerako gune izanik, orain arte egindakoetatik ze ondorio, ze balorazino egiten dozue?

Gogoetea eta alkartrukea, berez positiboak dira. Edozelan be, kide bat gehiago izanik, gatx egiten jat ondorioei buruz berba egitea. Dana dala, irakurle aktiboen sareetatik datorren proiektu bat izanik, proiektu eta ekimen asko sortu izan dira herrietan parte-hartze handiagaz; literaturea eta, oro har, kulturea sozializetako lan handia egin da eta maila horretan, Literaturia sekulako aukerea da. Labur esateko, literaturea gozamenerako ekitaldien bidez sustatzen eta sozializetan da gogoeta sakona eginaz eta, beraz, idazleak eta irakurleak alkarregaz beharrean ikustea esperientzia sano aberasgarria da. Oraindino be badago holako ekimenen beharra.


5.- Bagilaren 5ean, Literatura Eskolaren barruan, 'Irakurle taldeak Euskal Herrian' mahai-ingurua izango da hainbat herritako irakurle taldeen presentziagaz. Zein da irakurle taldeen jarduna?

Irakurle klubek funtzionetako modu desbardinak ditue eta eredu desbardinak dagoz. Oro har, liburu bat aukeratzen da, irakurleen proposamenak aintzat hartuta batzuetan edota gidari lana egingo dauen pertsona batek aukeratuta beste batzuetan, alkarregaz lantzen da eta gogoetak plazaratzen dira. Kasu batzuetan idazlea konbidatzen da eta beragaz konpartiduten dira gogoetak edota kritikak. Irakurle klubek beteten daben sozializazino funtzinoa handia da, are gehiago erdal komunikabide gehienek euskal literatureari eskaintzen deutsien arreta eskasa ikusita. Esangura horretan, irakurle kluben sarearen bitartez, idazleek eta euren lanek oihartzun handiagoa izateaz gan, irakurle eta idazleen arteko hartu-emon horreetatik biak, irakurlea eta idazlea elikatzen dira eta hori oso positiboa da.

Literaturian sekula ez dira alkartu irakurle klubak eta asmoa da alkartzea, gogoetea egitea eta esperientziak konpartidutea, arazoak, abantailak, kezkak zeintzuk diran zehaztu ahal izateko.


6.- Literaturiak Zarautzen antolatutako jardunaldietan, Imanol Epeldek sorkuntzearen arloari heldu eutson eta norentzat sortu behar dan argi euki behar dala azpimarratu eban. Idazleak ba al dauka gogoan irakurlea sortze prozesu horretan ala gogoak agintzen deutsonari egiten deutso jaramon gehiago?

Personak beste eredu eta jarrera egon daitekez eta nik nire eretxia emongo deutsut. Irakurlea beti daukazu gogoan baina oreka lortzea izaten da onena, hau da, irakurlea gogoan bai baina norberaren barruko deiari uko egin barik. Horregaitik dira garrantsitsuak Literaturia lako ekimenak, izan be, zeozelako feedback-a sortzeko, komunikazino prozesua errazteko eta alde biek, irakurleek eta idazleek ikasteko tresna ezin hobea dira. Horrek ez dau esan gura modu horretara idazleak bere ahotsaren beharra asetuko dauenik baina duda barik sano lagungarria da.


7.- Krisiak arlo danak jo ditu eta literaturea be bai. Edozelan be, sorkuntzea krisian al dago?

Krisi horrek ez dakit edukietan eraginik izan ete dauen. Oraindino goizegi da holako zehaztasun borobilak egiteko. Baina sorkuntzea krisian dagoala esatea lar esatea dala pentsetan dot. Idazlearen barruko ahotsa beti egongo da hor. Eragina merkatuagaz lotutako pausuetan atzemon daiteke, arlo ekonomikoan, hain zuzen be. Gitxiago saltzea, liburugintzan eta antzerkigintzan gitxiago argitaratzea eta programetea ekarri dau krisiak, jakina. Dana dala, kulturea beti dago krisian, beti egon da eta akaso beti egongo da. Azken batean, merkatuaren balore eta erispideetan kokatzen saiatzen gara gehiegitan eta egun edozein kultur alkarteri enpresa izateko eskatzen jako kultur alkarte baino gehiago. Horren harian, beti ez baina askotan kulturea maila ekonomikoan defizitarioa da baina horri begira ezin gara egon, bestela ez geunkelako egingo egiten dogunaren erdia be, bai antolakuntzan eta bai sorkuntzan be. Badakizu sorkuntzatik oso gitxi bizi dira eta literaturan zer esanik ez. Beraz, krisiari eta merkatuari begira baino gehiago beste balore batzuen arabera mobidutea da giltza eta krisi bolada hau aprobetxetea gogoetea egiteko krisian ez gagozanean zelan funtzionetan dogun eta zelan funtzionau beharko geunken aztertzeko. Deigarria da azken bolada honetan, bai kulturan eta beste arlo batzuetan bardin, makro proiektuak gauzatzen dirala eta horretarako beti dagoala dirua.


8.- Literaturia eta Literatura Eskola herriagaz, parte-hartzeagaz lotutako ekimenak izanik, edozein hurreratu daiteke ekitaldietara, ezta?

Jakina. Ume, gazte eta helduentzako antolatutako ekitaldiak mundu guztiarentzat dira, ez dago izena emon eta matrikularik pagau beharrik. Dana dala, bazkarietarako izena emotea nahitaezkoa da eta horretarako bideak ondokoak dira: zapatuko eta domekako bazkariak: biak 15€tan. Zapatukoa GURPIDE <http://www.youtube.com/watch?v=VRbyYSYUtu8> baserritar eta kontsumitzaileen alkarteak antolatuko dau. Domekakoa, barriz, Txinpasmendi guraso alkarteak <http://www.argia.com/argia-astekaria/2225/autogestioa-jangelan/osoa>k. Bi bazkarietatik batzen dana alkarte horreen egitasmoak bultzatzera bideratuko da. Txartelak Larrabetzuko tabernetan dagoz salgai. Internet bidez eskatzeko: inesserrano@euskaltel.net


9.- Oier, poesia liburu bi eta antzerki lan bat plazaratu izan dozuz orain arte. Egun ze proiektu daukazu buruan?

Larregi, akaso. Azken boladan gehienbat antolakuntzan ibili naz, orain Literaturian, bagilean Oreretan egingo diran antzerki jardunaldi batzuk antolatzen be bai, laster Bilbon 'Herio heroi' antzezlanaren irakurketa dramatizatua estreinauko dogu eta ganerakoan, oraindino be igaz argitaratutako 'Eskuen sustraiak' poesia liburua mobiduten gabiz, disfrutetan eta kulturea biziten. 'Gora birika!' bloga be elikatu behar da... Idazten be banabil baina oraindino goizegi da ezer aurreratzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu