EJko Hizkuntza Politikarako Auzmendi sailburuordearen esanetan, euskerea osasuntsu dago

Bizkaie! 2010-06-01 11:35   Euskerea berbagai

Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburordeak euskerea 'osasuntsu' dagoala eta Euskal Herrian euskerearen kontrako jarrerarik ez dagoala adierazo dau. Halanda be, 'euskerearen sokan geldirik' dagozanak euskerearen mundura erakarten saiatu behar dala nabarmendu dau.

Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburordeak euskerea 'osasuntsu' dagoala eta Euskal Herrian euskerearen kontrako jarrerarik ez dagoala adierazo dau. Halanda be, 'euskerearen sokan geldirik' dagozanak euskerearen mundura erakarten saiatu behar dala nabarmendu dau.

Euskadi Irratian eskainitako alkarrizketa batean, Auzmendik azpimarratu dau zenbat eta 'osasuntsuago' egon euskerearen unibertsoa 'ahalik eta leku gehienetan', orduan eta 'onura gehiago' izango dala hizkuntzearentzat eta bere garapenarentzat.

'Euskerea osasuntsu dago, ez dago dudarik, eta osasuntsu jarraitzea gura dogu, eta horretarako euskerearen soka horretatik zenbat eta esku gehiago tiraka egiten deutsen, hobeto. Ez dot uste Euskal Herrian euskerearen kontrako jarrerarik dagoanik, zorionez. Batzuk kemen izugarriagaz egiten deutsagu tira soka horri, eta beste batzuk bere horretan dagoz, geldirik. Egin behar doguna da, sokeari tira egiteagaz batera, sokearen beste mutur horretan geldi dagozan horreek be gurera ekarten saiatu, euskerearen mundura ekarten saiatu', esan dau.

Auzmendik autortu dau oraindino asko falta dala euskerearen normalizazinoa lortzeko eta, gauza asko egin diran arren, oraindino egiteko asko geratzen dala ganeratu dau. 'Aurrera jarraitu behar da', adierazo dau. 'Danok dakigu euskerea ze egoeratan egoan orain dala 30 urte eta ze egoeratan dagoan gaur. Egin dan ibilbidea izugarria da, eta beste 30 urtetan tamaina berekoa egitea kostau egingo da'.

Herritarrei arretea euskeraz emon ez izateagaitik salaketak egoten dirala konfirmau dau, 'tarteka arazoak dagozalako'. Holan, euskerearen normalizazinoari ekin jakonean, lehentasun batzuk ezarri zirala gogoratu dau, baina 'zenbait sail amaiera aldeko postuetan' geratu zirala, arlo pribadua, kasurako. Orduan, bere esanetan, amaiera aldeko postuetan geratu ziran arloetara ailegetako 'oraindino lana geratzen da egiteko'.

'Egiteko amesa dogun lehenengo gauzea azterketa sakon bat da, jakiteko benetan zer egin dan, ze puntutan gagozan, eta ze arazo daukaguzan, berbarako, Ertzaintzan eta osasun arloan planifikazino serio bat egiteko', azaldu dau. Bide honetan, lanpostu deialdiak egiten diranean hizkuntza-eskakizunen gaiaz berba egin dau Auzmendik, eta 'nahikoak diran, ez diran eta zelan funtzionetan daben' ikusi behar dabela nabarmendu dau.


Euskerearen Aholku Batzordea

Bestalde, Lourdes Auzmendik adierazo dau Euskararen Aholku Batzordeak pasa dan legealdia amaitu aurretik onartu eban 'Euskara 21' txostenaren puntuak 'zelan gauzatu behar diran, lan horreek nora eroan behar diran eta lehentasunak ezarri eta zein ordenatan' dala batzordeak datozan urteetarako dauen lana.

'Diagnostiko horretan hainbat gauza esaten dira, berbarako, ezagutza bai baina erabilerearen arazoa dogula, transimisinoan. Euskera erakargarri egin behar dogu, gazteak erakarteko'.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen amesa Euskerearen Aholku Batzordearen 'lanei barriro ekitea, oker ez banago bagilaren 11ko goizean alkartuko da batzordea'.

Azkenik, Auzmendik azaldu dau Etxepare Instititua munduan euskerea eta euskal kulturea zabaltzeko erakundea izango dala, eta 'oso pozik eta harro' agertu da Aizpea Goenaga erakundeko zuzendaria izango dalako. 'Uste dot bere ibilbideak garbi erakusten dauela Aizpearen balioa lan honetarako, eta bera ezagutzen dauenak badaki zelako gogoagaz ekingo deutson lan honi', adierazo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu