'Zirelako gara, garelako izango dira', Patxi Uribarren sarrera berbaldia Aramaion
2010-05-31 12:53 Euskerea berbagaiOhitureak agindu legez, berak daroan domina jantzi eban aurreko euskaltzaina, Henrike Knörr, gogoan izan dau Patxi Uribarrenek: 'Bera izan dugu azken mende erdi honetan Arabako euskerearen lekukorik eta eragilerik nagusiena'. Euskerearen transmisinoari buruzko gogoetea egitea helburu ebala, euskereak Aramaion egin dauen ibilbidea jorratu dau Patxi Uribarrenek.
Joandako barikuan egin zan Patxi Uribarren euskaltzain osoaren sarrera ekitaldia, Aramaioko San Martin eleizan. Uribarren, 2008ko irailaren 26an izentau ebean euskaltzain oso Euskaltzaindiak.
Asier Agirre alkateak ondo etorria emon ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu eban berbea. Jarraian, Lourdes Oñederra eta Sagrario Aleman euskaltzainek lagunduta, batzar aretoan sartu zan Patxi Uribarren 'Zirelako gara, garelako izango dira' izenburuko sarrera-hitzaldia irakurteko. Erantzuna Jose Luis Lizundia euskaltzainak emon eutson, 'Ganbarruetatik Araba euskaldunera' berbaldiagaz.
'Zirelako gara, garelako izango dira'
Ohitureak agindu legez, berak daroan domina jantzi eban aurreko euskaltzaina, Henrike Knörr, gogoan izan dau Patxi Uribarrenek: 'Bera izan dugu azken mende erdi honetan Arabako euskerearen lekukorik eta eragilerik nagusiena'. Euskerearen transmisinoari buruzko gogoetea egitea helburu ebala, euskereak Aramaion egin dauen ibilbidea jorratu dau Patxi Uribarrenek.
Aramaio mapan kokatu ostean, bertan egiten dan euskerearen berezitasun nagusiak aitatu eta XX. mendeko une historiko batzuk gogoan izan ditu euskaltzainak: gerra aurreko egoerea -'euskerea izan da mendeetan zehar bertako berezko hizkuntza nagusia, bakarra ez esatearren'-, gerrak ekarri ebana -'Gerrak eta ondoko errepresino frankisteak goitik behera aldatu eben egoerea'- eta gerra ondoko giroa: 'Euskereak sekulako zartadea jaso eban. Bat-batean moztu edo urkatu eben ahalegin handiak eginez berpizten egoan euskerearen aldeko mobimentu osoa. Euskerearen landa berdea goitik behera urratu eben, basamortu gorri bihurtuz. Euskeraz berba egitea bera be, hainbat kasutan delitu bihurtzeraino. Sarritan —gaineratu dau- ahaztu egiten da guztiau, gerra osteko hainbat euskaldunek seme-alabak euskeraz hezteko nahiz euskereari eusteko egin zituen ahaleginak gitxietsiz edota behar aina ez baloratuz. Euskereak mespretxu ugari eta pertsekuzino gogorra jasan zituan. Beraz, ez daigun ahaztu, euskerea gaur egungo egoera larrira, neurri handi batean, gerra ondoko errepresino horren ondorioz etorri dala'.
Hala eta guztiz be, Patxi Uribarrenek esan dauenez, 1940tik 1960ra arteko Aramaion 'euskereak, oztopoak oztopo, oso indartsu jarraitzen eban Ibarran bertan be, irakaskuntza eta administrazinoa gaztelania hutsean izan arren'.
60ko hamarkadan, baina, aldaketa sakonak gertatu ziran Aramaion: 'Baserri bizitzaren gainbeherearen ondorioz, goitik behera aldatu zan bertako biztanleen banaketea'. 1969an, Santutxuko gau-eskoletan jardunean ebilela, eleiz ikasketak amaitu eta abade eginda gero, Uribarren herrira itzuli zan eta, autortu dauenez, 'bihozkada gogorra jaso neban, Ibarrako kaleetan erderea nagusitzen ari zela ikustean'. Egoerea aldatze aldera, herriko talde bat lanean hasi zan. Hitzaldiak antolatu zituen, alfabetatzeko eta euskera tituluak atarateko ikastaroak egin... Halan da be, datu zehatzei erreparau ezkero, ondorio argia atara eban Uribarrenek: 'Abiadura handiz atzeraka joian euskerea'. Egoera horri aurre egiteko neurri batzuk martxan jarri ziran. Aldi berean, 'diktadurearen azken urteetan, hainbat aldaketa politiko eta linguistiko izan genduzan Euskal Herrian'. Kooperatiben mobimentua eta ikastolak aitatu ditu Uribarrenek, baita 'Pacem in terris' entziklika be, 'bete-betean aldarrikatzen ebalako hizkuntza propioa izateko gure herriak dauen eskubidea'. Azkenik, '1970. hamarkadan euskerearen alde emon ziran egintza ugariek hainbatean hobetu eben Aramaioko euskerearen egoerea'.
1980tik aurrera, Uribarren esanetan, 'euskereari lekua egin jakon irakaskuntza publikoan, administrazinoan eta beste hainbat lekutan. Jazoera horreek eragina izan eben Aramaion be, hainbatean euskerearen aldeko joerak indartuz'.
Azken ikerketa linguistikoaren datuek erakusten daben legez, erronka barriak doguz euskaldunok. Teknologia barriek eta globalizazinoak iraultzea ekarri dabe, Patxi Uribarren esanetan. Bizimoduak be aldatu egin dira, asmo onak ezerezean geratzen dira: 'Euskaldunok euskeraz bizitea ahalbidetuko deuskun gizartea behar dogu. Oraindino ez deuskue autortzen euskaldunoi Euskal Herrian euskeraz biziteko eskubidea. Bizitzako hainbat unetan eta tokitan erderea erabiltera behartzen gaitue. Ez da oraingo egoera larri hau aldatzeko benetako pausurik emoten. Txarrago oraindino, azken aldian, sarriegi Euskal Herrian zehar kontrako egintzak ikusten ari gara'.
Bada Aramaion konponbiderako itxaropenik, Uribarrenek adierazoi bezela. Herria UEMAn da, berton euskerearen ezagutza-maila oso handia da, euskerearen alde lan egiten daben alkarteak badira... baina konpromisoak behar dira, eta inguruko udal ordezkariei zuzendu jake, dei eginez 'euskerearen aldeko ahaleginetan batera jardutera, gure herriaren etorkizun euskalduna jokoan dogu eta. Zuen taldeetako 10 pertsonek beti euskerea erabilteko konpromisoa hartu ezkero, iraultza gertatuko litzateke herrian nahiz etxeetan'.
Azkenik, Euskal Herri osoan euskerearen alde dabilzan erakunde eta pertsonen lana eskertu eta euskeraz biziteko eskubidea aldarrikatu dau: 'Ez dot uste mundu zabalean, hizkuntzearen alde Euskal Herriak egin dauen ainako ahalegina egin dauen herri asko izango danik. Euskaldunok Euskal Herri euskalduna nahi dogula erakutsi dogu era askotara, behin eta barriro Euskal Herri osoan euskeraz biziteko eskubidea aldarrikatuz. Argi adierazo dogu aurreko belaunaldietatik jaso dogun euskera etorkizuneko belaunaldiei eskaini nahi deutsegula'.
Jose Luis Lizundia: Ganbarruetatik Araba euskaldunera
Jose Luis Lizundiak euskaltzain oso barriaren ezaugarri pertsonal zein profesionalak nabarmendu ditu, gogora ekarriz haren biografiaren punturik adierazgarrienak; besteak beste, karmeldarretan egindako bidea, mundu harek hurreratu ebalako behin betiko euskerara: 'Euskal munduan sartzea, egoera anormala izan arren, normala subertatu jakon Patxiri Aita Santi Onaindia, Aita Lino Akesolo, Aita Migel Mari (Markinako bertso-egunak antolatzen zituana), Aita Luki, Aita Fidel, Aita Martin eta beste hainbat karmeldar idazle famatu'.
Lizundiak Uribarrenek 60ko hamarkadan gauzatu eban lanaren garrantziaz ohartarazo ditu bertan batutakoak, garai haretan mezak euskeraz preparetako lehenengotarikoa izan baitzan, edota alfabetatze-euskalduntzean buru-belarri ibili zalako. Era berean, ez dau ahaztu nahi izan Patxi Uribarren Bizkaiko Foru Aldundiko lehen itzultzailea izan zala.
Akademiaren barruan hartu-emon zuzenak izan ditu Uribarrenegaz: 'Euskaltzaindiagazko atxikimendu sendoa aspaldikoa dala berma neike, hasi 60ko hamarkadearen amaieran Erribera kaleko egoitza zaharretik eta Plaza Barriko gaur egun artio. Bere biobibliografiari erreparetan badeutsazue, argi ikusten da erakunde akademikoagaz izan dauen partaidetza leial eta oparoa'.
Berbaldiaren bigarren partean, barriz, Lizundiak Patxi Uribarrenen euskalkiaren eremua izan dau berbagai, 'Araban euskaldungoaren berezko eremua Aramaioko eremura mugatzen dan topikoa guzurtatzeko'. Horretarako, hamaika datu eta testigantza aitatu ditu, horreetarik asko berak batuak, Zigoititik hasi eta Aguraineraino.
Gerra ostean Legution euskerearen kontra izandako zapalkuntza-prozesua, Urbinan orain hamar urtera arte bizi ziran azken euskaldunak, Ubarrundiako azterketa toponimikoa azaleratzen ari dan datuak, Agurain eskualdeko XIX. mendeko idatziak… Horreek guztiek frogatzen dabe Arabak be euskerea dauela hizkuntza propio.
Bere esanetan, 'gure hizkuntza propioaren geolinguistika ikuspegitik Arabaren euskal eremu garaikidea ez da hain txikia, are gitxiago, topikoei eta ez ezagutzeari jarraituz Aramaioko Gainbarrura ezin da mugatu. Askoz zabalagoa da edota izan da azken mendean'.
Etorkizunera begira, errealidade hori aintzat hartuta, euskerearen normalizazinoaren sustapena Euskaltzaindiaren eginkizuna be badala uste dau, eta Patxi Uribarrenen ekarpena ezinbestekoa izango da aurrerantzean be.
Berbaldiak amaitu ostean, eta euskaltzain barriak, Euskaltzaindiaren helburuei eta euskaltzain izateari jagokezan eginkizunak zintzo eta leial beteko dituala berbea emon ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain osoen domina eta diplomea emon deutsoz Patxi Uribarreni.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!