Markel Goikoetxea: 'Ibilaldiak herrian euskerearen erabilerea sustatzeko balioko dau'
2010-05-28 12:28 Barriketan1978an egin zan lehenengo Ibilaldia Uribe Kostan eta aurten, hogeta hamabi urte pasau ostean, bigarrenez ospatuko da Bermeon. Maiatzaren 30ean, milaka lagun hurreratuko dira Eleizalde Ikastoleak antolatutako jaialdira, Bizkaiko Ikastolen jaialdira.
Eleizalde ikastolearen ibilbidea 60. hamarkadan hasi zan eta egungo azpiegituren lehenengo harria 1977ko zezeilaren 19an jarri eben. Ordutik, 'Eleizalde Ikastolea herri honetako hainbat familiarentzat erreferente argia izan da euren seme-alaben heziketan, batez be euskeraz eskainitako irakaskuntzea galarazota egoan sasoian', dinoe bertako iturriek. Kontu horreen, Ibilaldiaren, euskerearen egoerearen eta beste hainbaten ganean berba egiteko, ikastolearen egungo presidente dan Markel Goikoetxeagaz bat egin dogu.
1.- Lehenengo ibilaldia Uribe Kostako ikastolek antolatu eben Getxon 1978. urtean. Jaia beti antolatu izan da lekuan lekuko ikastolearen beharrizan bati aurre egiteko. Zeintzuk dira aurtengo Ibilaldiaren helburuak eta zertarako erabiliko da lortutako dirua?
Bi helburu nagusi daukaz gure Ibilaldiak. Batetik, Ibilaldia 2010 Bermeon berton eginda gure ikastola proiektua ezagutarazotea. Era berean, inguruan ikastola eredua indarbarritzeko baliogarria izango da. Bestetik, gaur gaurkoz gure eskaintza 0 urtetik 16ra bitartekoa da. Orain 32 urte ikastolearen gaur egungo eraikina sortu zanean 16 ikasgela hartzeko egin zan. Gaur egun, ostera, leku berean 34 daukaguz eta espazio aldetik, bereak emon dau. Horregaitik, azpiegitura batzuk egokitu egin behar dira eta beste barri batzuk egin. Izan be, gune estaliaren preminea daukagu eta jantoki, infogela, jolasguneak… eskas geratu jakuz.
Ibilaldia 2010 Bermeon egiteak euskerearen aldeko sentsibilizazioa sendotzen lagunduko dau hainbat esparruko eragileak alkarlanean egongo diralako. Ekimena lagungarri izango jako Bermeori euskeraz egiten jarraitzeko eta bizibarritzeko kontzientzia hartzeko.
Bestalde, ikastolearentzat, orain arte helburu dogun kalidadezko heziketa integrala eskaintzeko bidean bultzada garrantzitsua izango da Ibilaldia, herriagazko lotura zuzena izaten lagunduko deusku eta, alkarkidetzeari eta partaidetzeari esker, alkarbizitzarako oinarrizko baloreak ezarriko doguz.
2.- Zelakoa da, egun, euskerearen osasuna Bermeon?
Euskereagazko zaletasuna egon badago, baina kalean, gazteen zein helduen artean, ez da erabilten erabili beharko litzateken moduan. Hori sektore danetan pasetan da, orokorrean, erabilerea ez da guk gura geunken modukoa.
Horregaitik, Ibilaldiak giroa sortzeko balioko dau eta herrian euskerearen erabilerea sustatzeko.
3.- Herri euskalduna izan arren be, izan da gorabeherarik azken urteotan?
Bai, beherakadea nabarmena izan da. Edadeko jentearen artean be igarri da, baina gazteen artean askozaz gehiago. Kanpoko jente asko etorri da eta horrek kalte egin deutso bertoko euskereari.
Baina bestalde, Bermeo herri arrantzalea izanik, arrantzaleak itsasoan egonda eta euskeraz berba eginda, itsasoan lan egitera etorritako kanpotarrak behartuta egon dira euskeraz ikastera eta, hortik aldetik behintzat, euren seme-alabek euskeraz ikasi dabe. Beraz, gorabeherak izan dira, bai.
Halanda be, kalean, erabilereak nabarmen egin dauela behera azpimarratu behar da.
4.- Eleizalde Ikastoleak ekimen bereziren bat egiten dau kaleko, herriko erabilerea sustatzeko?
Guk herri mailan antolatzen diran hainbat ekimenetan parte hartzen dogu. Oraintsu izandako Arrain Azokan, Eleizalde Ikastoleak bere stand-a izan dau eta, beraz, ekarpentxua egin dogu. Gabonetan, herri mailako postal lehiaketea egiten dogu, Euskerearen Egunagaz be bat egiten dogu, Santa Agedan abestu eta jaietako Sukalki Egunean, taldetxua sortzen dogu parte hartzeko.
5.- Zuok, hezkuntza proiektuan, beti egin dozue mendebaldeko euskalkiaren alde. Zelan sortu zan apustu edo erronka hori eta ze balorazino egiten dozu egungo joereaz?
Bermeotarron euskerea beti izan da oso berezia eta hurrago dauka bizkaierea batua baino. Horregaitik, uste dogu errazagoa dala arlo akademikoan be hortik joatea. Herritarrentzat, bizkaieraz ikasi ahal izatea aukera parebakoa da eta gure ikastoleak eskaintza hori egin behar dau. Azken batean, garrantzitsuena euskerea erabiltea da eta zenbat eta aukera gehiago eta erraztasun gehiago egon, gehiago erabiliko da.
Beraz, ikastoleak herritarrek hurrago sentiduten daben euskerea eskaini ezkero, herritarrek edo, kasu honetan, ikasleek gehiago erabiliko dabe eta hori da helburua, erabilerea.
6.- Arrantza tradizinoa erro-erroturik daukan herria da Bermeo. Leloa be itsasoagaz lotu dozue, kantan 'busti gaitezan batera' eta bideoklipean itsasoaren irudi asko ikusten dira. Eta omenaldian be, itsasoak protagonismo berezia izango dau. Nortzuk jasoko dabe ohore hori?
Bermeok daukan bereizgarririk garrantzitsuenetarikoa itsasoa da eta Ibilaldia Bermeon ospatuz, lotura hori nabarmendu eta omendu gura izan dogu. Zentzu zabalenean, itsasoaren alde lan egin daben erakunde edota pertsonak omenduko doguz, euskerea eta euskal kulturea bultzatzeko egindako lanagaitik. Honeexek dira omendaldia jasoko dabenak: Selma Huxley, Ontzi Museoa, Arrantzaleen Museoa, Urdaneta Proiektua, Itsas Begia Alkartea, Julio Muruaga, 'Saregine ta Kai Neskatilen Euskadiko Alkartea eta Silvestre Bilbao.
Horreetatik, aitagarriak dira, kasurako, Urdaneta proiektua, Julio Muruaga eta Silvestre Bilbao. Urdaneta Proiektua igaz ailegau zan Bermeora, arazoak daukiezan gazteen aisialdia itsasoagazko eta natureagazko kontaktuaren bitartez beteten ahalegintzen dan proiektua da. Horretarako, itsasontzi bat daukie eta itsasora urteten dabe. Julio Muruaga Bermeoko lehenengo ontziolako behargina zan eta egun 80 urte baino gehiago daukaz, Silvestre Bilbaok legez. Bilbao herrian dogun arrantzale zaharrenetarikoa da eta oso berezia da guretzat berari omenaldia egitea -herriko jaietan be, Arrantzale Egunean, berak jaso eban omenaldia-.
7.- Ibilaldirik ez litzateke egongo ibilbiderik barik. Aurtengoak 7 kilometro izango ditu, ume, gazte, nagusi eta adinekoak jai-giroan murgiltzeko. Zeintzuk dira guneetan topauko doguzan berezitasunak?
Orain arte itsasoaz berba egin dogun arren, Bermeok baserri-giroagaz lotutako guneak be baditu eta horretarako aukerea be egongo da, hau da, landa-giroaz be disfrutau ahal izango da aurtengo ibilaldian.
Danetara, bost gune izango dira, KIKUN izarraren bost adarren izenakaz: Ikastolea, Itsasoa, Euskerea, Izartu eta Kulturea. Ikastolea familia giroan egoteko gune aproposa izango da eta bertan egingo dogu herri bazkaria. Itsasoa izeneko gunean, Euskal Herriko produktuak probau ahal izango dira. Euskerea gunea hiru azpigunetan banatzen da: lehenengoan, gazteek egungo musikeaz gozauko dabe, bigarrenean jolasek eta herri-kirolek hartuko dabe testigua eta hirugarrenean arraina izango da protanista pintxo eta otarteko berezietan. Agirre auzoko Izartu gunean itsasoak eta baserri-giroak bat egingo dabe eta paraje horretan musikeak gorputzak martxan jarriko ditu. Azkenik, Arane auzoko Kultura gunean rock musikeak tarte berezia izango dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!