Mungiako leku-izenak batu eta aurkeztu ditu Labayru Ikastegiak

Bizkaie! 2010-05-28 10:35   Euskerea berbagai

Edozein erabiltzailek, dagoan lekuan dagoala, Mungiako leku-izenai buruzko informazino idatzi nahi ahozkoa, topau eta konsultau ahal izango dau bilatzaile baten bitartez. Bilaketak Mungiako Udaleko webgunetik zein Labayru Ikastegikotik egin daitekez.

Mungiako leku-izenak ikerketea aurkeztu barri dabe Mungiako Agirre Jauregian, Mugire txokoan. Lana Mungiako Udalak babestuta atara dau aurrera Labayru Ikastegiak. Hirurogeta hamar lagunetik gora alkartu zan ekitaldian. Izaskun Uriagereka Mungiako alkatea, Adolfo Arejita Labayru Ikastegiko zuzendaria, Asier Bidart Labayru Ikastegiko toponimia arduraduna eta Miren Ibarluzea Labayru Ikastegiko teknikaria egon ziran mahaiburu.

Horreez gan, bertan egon ziran Toponimiako beharra egiteko parte hartu daben barriemoileak eurak zein beste mungiar asko be. Eurak dira herriko barri ondoen gorde dabenak eta informazino gehien emon dabenak. Bideo baten ikusi zituen euren grabazino-txatalak.

Labayru Ikastegiaren aldetik, bertan egon ziranaz gan, ikerketan parte hartu dabe Izaskun Magrok eta Maite Petralandak.


Ikerketea

Mungiako Udalaren aginduz, herriko leku-izenak dokumentau ditu Labayru Ikastegiak, bai iturri idatzietakoak bai ahozkoak be. Agirietakoak datutegi batera eroan dira, 11.000 erregistrotik gora. Datutegian dagoz, besteak beste, Jabego Erregistroko datuak, Eleiz Artxibokoak, Bizkaiko Foru Artxibokoak eta bibliografikoak.

Idatzizko bilketako zereginakaz amaitu ostean, bigarren fasea etorri zan: landa-lana hain zuzen be. Helburua garbia izan da hasikeratik: egunean-eguneango leku-izenak –baserri, solo, baso… izenak– batu eta jakitera emotea. Halandabe, ahalegin berezia egin da agirietako leku-izenak berreskuratuteko. Horretarako, idatzizko bilketako datuakaz behar beste zerrenda preparau zituen ikerlariek, landa lanean alkarrizketatutako 34 informanteen burua askatu eta oroimenetik ahalik eta leku-izen gehien erreskatetako, danak be dokumentauta eta kokatuta egon daitezan.

Ahozko eta idatzizko informazinoa batuta, iturri bietako datuak buztartu dira, eta leku-izen bakotxagaz sarrera-fitxa bat egin da. Fitxotan jaso da leku-izena, entidadea, ahozko bilketako datuak, agiri bilketakoak eta oharrak. Danetara, 2.700 sarrera-fitxako dokumentua osotu da.


Ikerketea on-line

Bateko eta besteko datuak edozeinen eskura ipintea derrigorra da, datuak eurak eguneratuteko, osotuteko edo zuzenduteko be. Horretara, edozein erabiltzailek, dagoan lekuan dagoala, Mungiako leku-izenai buruzko informazino idatzi nahi ahozkoa, topau eta konsultau ahal izango dau bilatzaile baten bitartez. Bilaketak Mungiako Udaleko webgunetik zein Labayru Ikastegikotik egin daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu