Sabino Arana Fundazinoak Jose Antonio Agirreren egunerokoaren edizino faksimilea argitaratu dau
2010-05-25 15:45 KultureaBost koadernok osotzen dabe egunerokoa. Horreetan, naziek okupautako Europatik Ameriketarantz igesi, Lehendakaria idazten joan zan oharrak eta bizipen pertsonalak jasoten dira; lehenengo egunean bertan, 1941eko urtarrilaren 7an, hasi, eta idazteari itxi eutson eguna, 1942ko maiatzaren 28a, bitartean idatzi zituan.
Euskadiko lehenengo lehendakaria, Jose Antonio Agirre Lekube, hil zanetik aurten 50 urte beteten diralarik, Sabino Arana Fundazinoak edizino faksimilean argitaratu dau haren egunerokoa; argitalpenean transkripzino bat eta hainbat ohar argigarri be gehitu dira. Bost koadernok osotzen dabe egunerokoa. Horreetan, naziek okupautako Europatik Ameriketarantz igesi, Lehendakaria idazten joan zan oharrak eta bizipen pertsonalak jasoten dira; lehenengo egunean bertan, 1941eko urtarrilaren 7an, hasi, eta idazteari itxi eutson eguna, 1942ko maiatzaren 28a, bitartean idatzi zituan. Agirrek urtebete eta erdian egunez egun, egun batean be huts egin barik, egindako erregistro pertsonal bat da. Argitalpenaren koordinazinoaren ardurea Iñaki Goiogana historialariaren esku egon da.
'4:15ean jagi naiz; Araujo Dk.arekin gosaldutakoan, 4:40an geltokirantz abiatu naiz' idatzi eban Lehendakariak 1941eko urtarrilaren 7 haretan, Bruselan Hanburgorako trena hartu eban egun berean.
Baina, Agirre lehendakariaren egunkaria data, geltoki, itsasontzi, uri eta abarren hurrenkera bat baino gehiago da. Orrialde horreetan barrena irakurleak zehatz-mehatz jakingo dau Lehendakariak Belgikatik eta amerikar kontinenteraino egindako ibilbidea, zeregin horretan nork lagundu eutson jakingo dau, hegoamerikar diplomazialari batzuen konplizidadearen eta beste kontu askoren barri izango dau, besteak beste: Atlantikoa zeharkatzeko izan zituan eragozpenak; Uruguayn eta Argentinan egin eutsien harrerea; Columbiako Unibersidadeko irakurle-postua; britainiar eta estadubatuar zerbitzueakazko hartu-emonak, Agirre Zabalatarren famili bizitzaren zati batzuen barri be emoteaz gan.
Agirre lehendakariaren 50. urteurrenean, haren eskuidazki egunerokoaren edizino faksimileak, euskaldunek II. Mundu Gerran izan eben parte hartzeari buruz argi gehiago egiteko balio behar dau, hareen buruzagi nagusiaren pentsamoldearen gaineko informazino gehiago emoteaz gan.
Argitalpen honen bidez asmoa da, ikertzaileei eta, oro har, jenteari lehen mailako dokumentu bat helarazotea. Zehaztasuna bilatzearren egin da edizino faksimilea; gainera, hobeto ulertzen lagundu guran, ohar argigarrien atal bat erantsi da. Era berean, eskuidazkiaren informazinoa osotzeko, beste 31 dokumentu erantsi dira; gehienak gutunak dira, baina alkarrizketa batzuk eta prentsa-artikuluren bat be badagoz. Eranskin horreek guztiek zerikusi zuzena daukiebost ohar-kaieretan kontetan danagaz eta Lehendakariak, 1945ean Europara itzuli aurretik, Ameriketako lurretan bizi izandakoagaz.
Argitalpen honen koordinatzaileak, Iñaki Goiogana historialariak, adierazo legez, 'pena da Agirreren eskuidazki eguneroko horreek beraren bizitzako 17 hile bakarrik hartzea'.
Agirre lehendakariaren egunerokoaren aurkezpen-ekitaldia, haren heriotzearen 50. urteurrena gogoratzeko, AL50 Batzordea antolatzen ari dan jardueretako bat da.
Agirreren egunerokoa Interneten be bai
http://www.lehendakariagirre.eu orriko Testuak sailean eskuratu daiteke erabiltzaileek modu errazean nabigatzeko aplikazinoa; egutegiaren bitartez ibiliko da eskuidazkiaren orrietan zehar, eta eroso-eroso irakurriko dau transkribidutako testua, eta erantsitako ohar argigarriak kontsultauko; gainera, une oro jatorrizko orrialdeen irudiak begien bistan izateko aukerea be izango dau. Informazinoa testu librez bilatzeko aukerea be badago, baita dokumentu erantsien atalean sartzekoa be, egunerokoak euren testuinguruan hobeto kokatzeko, horrek guztiak balio erantsi bat emoten deutsolarik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!