Mercabilbaok eta Slow Food Bilbao-Bizkaiak elikadurearen heziketea bultzatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dabe
2010-05-24 12:53 Jan edanakAkordio honen bitartez, Mercabilbaok eta Slow Foodek bertoko elikadura-ondarea babestu eta kalidadezko produktuen eta horreek lantzen dituen produktoreen balioa nabarmendu nahi dabe.
Mercabilbaok eta Slow Food Convivium Bilbao-Bizkaia alkarteak lankidetza hitzarmena sinatu barri dabe, eta horren bidez, ahalegin berezia egingo dabe eskola-ikasleen artean elikadura osasungarria sustatzeko. Akordio honen bitartez, Mercabilbaok eta Slow Foodek bertoko elikadura-ondarea babestu eta kalidadezko produktuen eta horreek lantzen dituen produktoreen balioa nabarmendu nahi dabe.
Bioaniztasuna, ingurumenagazko errespetua eta nutrizino-ohitura osasungarrien aldeko kontzientziazinoa eta elikadura-heziketea lantzea da sinatutako hitzarmenaren helburua. Ondorioz, eskola-ikasleei zuzendutako elikadureari buruzko heziketa-programa osogarriak antolatuko dira Mercabilbaoko prestakuntza-gelan.
Txikienei ezaguera eta arau osasungarriak hartzea erraztuko deutseezan nutrizino eta kontsumo-ohiturak txertatzea da ekimenaren beste helburuetako bat, fruta eta barazkien kontsumoa be sustatuz. Horregaz batera, elikadura orekatua zer dan ezagutarazoko jake eskola-ikasleei, Slow Food Bilbao-Bizkaia mobimentuaren kontzeptuei jarraituz, hau da, garbia, osasuntsua eta bidezkoa.
Bi alkarteetako arduradunen arabera, ohitura osasungarriak 'txiki-txikitan' landu behar dira, umezaroan elikadura egokiaren aldeko jarrerak eta ezaguerak hartzeko dagoan erraztasuna aprobetxauta.
Esangura horretan, 'Ezagutzea, jolastea, sortzea, elikatzea dibertigarria da' izeneko programea antolatuko da Mercabilbaon. Ekimen honi esker, ikasleek eta irakasleek elikadura-ohiturak sustatzea asmo dauen etxean edo eskolan erabilteko moduko metodo desbardin batez jaubetzeko aukerea izango dabe. Bertan, landare-osogaiez egindako artelanen edota bertako produktuetarako etiketen moduko sorkuntza-esperientziak mamitu ahal izango dira.
'Gustuaren laborategiak' dira antolatutako beste ekimen bat, zentzumenak lantzeko tailerren bitartez produktuen kulturea ezagutarazoteko helburua dabenak. Horreetan, frutak eta barazkiak oinarri dituen produktu naturalak probetako aukerea dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!