Patxi Uribarren euskaltzain osoaren sarrera-ekitaldia egingo da maiatzaren 28an Aramaion

Bizkaie! 2010-05-24 12:17   Euskerea berbagai

Asier Agirre Aramaioko alkatearen ondo etorriaren eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurraren ondoren, Patxi Uribarrenek 'Zirelako gara, garelako izango dira' izenburuko sarrera-berbaldia eskainiko dau. Jose Luis Lizundiak erantzungo deutso, 'Ganbarruetatik Araba euskaldunera' izenburuko berbaldiagaz, eta euskaltzain barriari domina eta diploma emonez amaituko da ekitaldia.

Patxi Uribarren euskaltzain osoaren sarrera-ekitaldia egingo da Aramaion (Araba), Ibarra eleizateko San Martin eleizan, maiatzaren 28an, barikuan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Akademiako iturriek jakinarazo dabenez.

Asier Agirre Aramaioko alkatearen ondo etorriaren eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurraren ondoren, Patxi Uribar aramaioarrak 'Zirelako gara, garelako izango dira' izenburuko sarrera-berbaldia eskainiko dau. Jose Luis Lizundiak erantzungo deutso, 'Ganbarruetatik Araba euskaldunera' izenburuko berbaldiagaz, eta euskaltzain barriari domina eta diploma emonez amaituko da ekitaldia.

Beste alde batetik, Euskaltzaindiak gogoratu dau ekitaldira Arrasatetik joan ezkero, Aramaiorako bidearen azken zatia moztuta dagoala, eta beraz, Urkiola-Otxandio-Oletatik joatea gomendatu dau.


Patxi Uribarren

Patxi Uribarren Leturiaga (Aramaio, Araba, 1942ko urriaren 31 - ) Uribarren baserrian jaiotako euskal karmeldar eta idazlea da.

Karmeldarra da eta gaur egun Bilbon bizi da. Filosofia eta Letretan lizentziaduna izateaz gan, Teologian lizentziaduna da. Aramaioko toponimia izan zan bere tesiaren izenburua.

Bizkaiko Foru Aldundian itzultzaile lanak egin zituan 1983 eta 2007 bitartean. 1971tik euskaltzain urgazlea zan eta 2008ko irailaren 26an euskaltzain oso izentau eben Henrike Knörren lekua beteteko.


Idazlanak

* Euskarazko hiztegia (1986-1990).
* Sinonimoen hiztegia (1988).
* Eskola hiztegia (1991).
* Europa hiztegia (1993).
* 3000 hiztegia (1996).

Horrezaz gan, Karmel eta beste aldizkari batzuetan hainbat artikulu eta itzulpen argitaratu ditu.


Sariak

* Bizkaiko eta Iruñeako Lore Jokoak (Olerkia-1968 eta 1969).
* Galeria del Libroko Zilarrezko Lauburua (1987).
* Aramaioko seme kuttun.


Euskaltzaindiaren erakusketea Aramaion

Euskaltzaindiak Azkue Bibliotekak antolatutako erakusketea zabaldu dau Aramaioko Sastiñan. Erakusketeak bi atal ditu: batetik, liburu eta aldizkariak dagoz ikusgai. Bestetik, 'Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina' deitutakoan, Pirinioetako hizkuntzen ezaugarrietako batzuk eta beraien historiaren adierazpen garrantzitsuenetakoak batzen dira. Erakusketa hau Euskaltzaindiaren sorreraren 90. urteurrenerako preparau zan.

Erakusketea maiatzaren 21ean zabaldu zan eta hilaren 30a arte egongo da zabalik, Sastiñan.


Liburu eta aldizkari erakusketea

Honek hiru atal ditu:

1. Karmengo Argia, Karmengo egutegia eta Karmel aldizkariak eta Adorez Hiztegiak. Danetara, 24 ale.
2. Aramaioko idazle klasikoak: Pedro Barrutia (5), Gabirel Jauregi (3) eta Pedro Puxana (3). Danetara, 11 liburu.
3. Aramaioko gaur egungo idazleak: bederatzi euskaltzale aramaioar: Sabin Salaberri (2), Jesus Mari Elexalde (2), Josemari Velez de Mendizabal (4), Patxi Salaberri Muñoa (3), Jose Luis Ormaetxea (2), Julen Arriolabengoa (2), Antonio Untzueta (2), Mariano Errazti (2) eta Jon Kortabarria (2). Danetara, 21 liburu.

'Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina'

Pirinioetako hizkuntzak, euskerea izan ezik, latinetik datoz, beti be, tokian tokiko hizkuntzek aldatuta. Mendetako prozesu hori dala eta, lurraldeari begira hur dagozan baina alkarren artean ondo baino hobeto bereizita dagozan hizkuntzak sortu dira. Literaturearen bidez, hizkuntza horreek aurrera egin dabe, eta, aldi berean, aberastu eta euren muga linguistikoetatik kanpora zabaldu dira, kalidade artistikoa be irabazi dabelarik.

Erakusketeak Pirinioetako hizkuntzen ezaugarrietako batzuk eta euren historiaren adierazpen garrantzitsuenetako batzuk laburbatzen ditu. Gainera, Europan dagozan hizkuntza erromanikoen mapa erakusten da, eta aragoiereari, katalanerari, okzitaniereari eta euskereari buruzko informazino anitza emoten da.

Erakusketea hobeto ulertu ahal izateko gida-liburu bat eskaintzen dau Euskaltzaindiak, lau hizkuntzatan: euskeraz gan, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu