Irati Jimenez: 'Inbisibleak diran irakurleakana egiten dogun bidaia da liburua idaztea'
2010-05-24 12:22 BarriketanIkasketaz, ikus-entzunezkoetan aditua da Irati Jimenez. Halanda be, sortzeko pasino hori beste hainbat arlotara zabaldu dau, iruditik eta soinutik letretarako saltoa eginez. Ibilbide horretan, 2006an argitaratu eban Bat, bi, Manchester (Elkar) nobelea eta, igaz, Nora ez dakizun hori (Elkar). Lehenengo lanagaz Agustin Zubikarai nobela laburren lehiaketan irabazle izan zan eta bigarrenagaz Igartza Sarian akzesita lortu eban. Orain, Eroski Consumer aldizkariko euskara atala zuzentzeaz gan, Nabarra hilabetekariaren ardurea hartuko dau.
1.- Bederatzi urteren eta 110 zenbakiren ostean, Nafarroako Gobernuak euskerea sustatzeko hedabideei emon beharreko dirulaguntzinoa kendu eta Nabarreria.com Argitalpen Kudeaketak Nabarra hilabetekaria argitaratzeari itxi deutso. Aurrerantzean, aldizkaria Bilbon argitaratuko da, elkarte baten eskutik, eta zeu izango zara gidaria. Zelan hartu dozu erronka?
Nire amesa, borondatea eta gogoa Nabarra barria Bizkaian martxan jartea da. Ez galtzea milatik gora harpidedunek euren euskerazko kultur hilabetekaria. Ez da erraza, jente askoren laguntzinoa behar da dana aurrera atarateko. Alkartekideak behar doguz, kolaboratzaileak, ideiak emoteko prest dagoan jentea, egoitza fisikoa osotzeko laguntzinoa emongo dauena… Ni horretan zer nazan? Ba, Nabarrerian aurrera ezin ebela egin jakin eban personea naz, aldizkariak merezidu dauen bigarren aukerea martxan jarteko behar dan sakakadea emoteko prest dagoana eta horretarako aukerea daukana. Benetan uste dot Bilbon argitaratzea lortzen badogu hemendik gabizan ezagun eta lagun askok alkarregaz lan egiteko aukerea izango dogula eta hortik ideia barriak eta pozgarriak sortu ahal dirala. Niretzat zer izango dan? Ikasteko aukera ezin hobea, uste dot. Neure bildur askoren aurrean jarten nau holako ur handietan egoteak eta bildur horreek gainditzen badodaz betiko erabilgarriak izango diran gauzak ikasiko dodazala uste dot.
2.- Bagilean ekingo deutsazu proiektuari. Zeintzuk dira emongo dozuzan lehenengo pausuak?
Lehenengo pausuak emoten hasita nago. Alkartea eratzeko jente piloagaz jarri naz hartu-emonetan, edukiak osotzeko be kolaboratzaile askogaz egin dot berba (Nabarran ohikoak zein proiektura erakarriko neukezanak gustura), diseinatzailea bilatzen ibili gara, arlo komertzialaren ardurea eukiko dauen pertsona baten bila… mila gauza dira. Erakundeakaz be batzea inportantea da, fisikoki egongo garan egoitza preparau behar da, publizidadea bilatu… danetarik! Pena itzela daukat eguna labur geratzen jatalako hainbeste gauza egiteko. Momentuz inor ez da Nabarra proiektutik bizi eta horrek esan gura dau denporea be ez dala nahiko neukena. Baina, era berean, jentearen jarrera zoragarria izan da eta proiektu polita osotuko dogula sinistuta nago.
3.- Oraintsu izandako manifestazinoaren harian, ze balorazino egiten dozu euskereak Nafarroan bizi dauen egoerearen ganean?
Ez da sakonean ezagutu behar egoera instituzionala latza dala ikusteko. Hemen daukaguzan baino traba gehiagoren kontra egin behar dabe Nafarroan euskaldunek (zer esanik ez euskalzaleek) bizimodua euskeraz egiteko. Horrek ez dau esan nahi ostera eta irudipena daukat batzuetan holan uste dogula, Nafarroari hemendik lezinorik emoteko moduan gagozanik. Badago giro euskaldun zein euskalzale ederra Nafarroan, meritu itzela daukana eta eredugarria izan ahal dana gutariko askorentzat. Nik ohore eta erronka moduan hartzen dot Nabarraren 111. zenbakia egiteko ardurea ze aurrekoek egin ebena gauza handia da, mirestekoa.
4.- DEIA egunkariak Ortzadar kultur gehigarriaren edizino barria argitaratu dau eta, kolaboratzaileen artean, zeure izena be badago. Zer jorratzen dozu atal horretan?
Aukera polita eskeini deustie. Unai Elorriaga eta bioi emoten deuskue hamabostean behin gai bat, nahiko zabala. 'Karisma' izan zan lehenengoa eta 'Isiltasuna' bigarrena. Eta hari horretatik tiraka bakotxak nahi dauena idazten dau, nahi dauen eran, askatasun osoz. Ezin joku politagoa da niretzat emondako gaiagaz jolastea eta Unai Elorriaga ondoan jolasean eukitea, ba pentsau!
5.- Nora ez dakizun hori nobeleari esker Beterriko Liburua aitamena jaso dozu. Zer sentidu dozu irakurleek zure lana aintzatetsi eta babesten dabela ikusita?
Hunkitu egin naz, itzel. Abstraktuak eta maila baten inbisibleak diran irakurleakana egiten dogun bidaia da liburua idaztea. Geure barrena askatzeko egiten dogu edo egiten dot baina ez horretarako bakarrik, ze horretarako nahikoa izango zan idatzi eta kajoian gordeteagaz. Ez. Beste zeozetan be bagabilz, nonorengana ailegetako eginahaletan ibilten gara eta sari honek esan nahi dau batzurengana heldu nazela. Gustura irakurri dabela. Bihotzez dinot saririk ederrena horixe dala. Bestela, zertan gabiz, ezta?
6.- Ikus-entzunezko komunikazinoan lizentziaduna zara baina zure curriculumak beste hainbat arlo be jorratu dozuzala erakusten dau, literaturea eta kazetaritzea, besteak beste. Bizirauteko beharrizana ala mila saltsatan gustura zabizala islatzen dau horrek?
Batek esan eban idazten jesarri baino lehenago biziteko altzau behar dauela norberak. Esan gura da, zeozer idazteko beste zeozertan ibili behar dozula. Bestela, non elikatzen dira zure ideiak? Telebistak, irratiak, kazetaritzeak, gidoilaritzeak… danek erakutsi deustie asko idazteari buruz baina hori baino gehiago, danek emon deustie zer idatzi asko. Munduan jarri nabe eta gero munduaren digestinoa egitera jesarri nazenean ordenagailu aurrean baneukan zer kontau.
7.- Euskal letragintzan, abizen ezaguna dozu. Lepoan eroan beharreko pisua ala ateak zabaltzeko giltza izan da zuretzat?
Ez neuke esango ez bata ez bestea izan danik. Zelan ez, sentiduten dot abizenaren itzala eta idazle moduan aita miresten dodan neurrian nik idatzitakoaz berak daukan eretxiak garrantzia dauka niretzat. Baina ez dot sentidu haren abizenagaz epaitu izan nabenik, egia esateko. Egingo eben, beharbada, baina ez da nire ganera etorri pisu hori. Eta ateak zabaltzearena be, literatur munduan, ba ez dakit zer esan. Maila baten ateak zabaldu leikez, jentea ezagutzeko aukerea emon. Baina nik lehiaketen bidea aukeratu neban fikzinozko lehenengo lanak argitaratzeko, zelan edo holan, nire lehen pausuak nireak izateko.
8.- Eroskiren Consumer aldizkariaren euskerazko edizinoaren koordinatzailea zara. Zelan buztartuko dozu lan hori Nabarra aldizkariaren zuzendaritzeagaz?
Hainbat zereginetan ibili naz beti, Eroskirentzat egiten dodan lana da horretariko bat baina hilabeteak dira ez dala bakarra. Konturatu nintzan aspaldi nirea ez dala bakar batentzat lan egitea egun osoan, baizik eta hara eta hona ibiltea. Onerako edo txarrerako, halakoxea naz! Momentuz Nabarraren lehen pausuak antolatzen ibiltea ez da bizimodua atarateko moduko lana maila ekonomikoan eta beraz nahita be ezingo neukez beste lan batzuk itxi. Eta, horrezaz ganera, gustura egiten dot Consumer Eroski-ren koordinazino lana. Uste dot pozgarria dala euskal irakurleontzat eguneroko gaiak, etxeko ekonomia, osasuna edo elikadura eta holakoak euskeraz irakurteko aukerea hortxe izatea. Arkaitz Goikoetxea bertsolari eta itzultzaileagaz egiten dot lan, ganera, eta beragaz ikasten dodanak ez dauka preziorik. Maila ikaragarria dau profesional moduan, uste dot aldizkarian hori nabaria dala eta eskertzen deutsat Eroskiri horretan ibiltearen aukera profesionala.
9.- Hainbeste zereginetan ibilita, badozu astirik idazteko?
Ez! Baina atera egiten dot, kar kar! Argiak eskatuta ipuintxo batzuk idazten nabil udarako eta udagoienean Txalapartagaz argitaratuko dot proiektu berezi bat. Iratz Intzarte marrazkigileagaz lan egiten nabil eta emozionauta nago. Hori bai, atsedena hartzeko denporarik ez daukat!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!