Behatokia: 'Hizkuntza-politiketan inflexino-puntuaren beharra ondorioztatzen dabe 2009ko datuek'

Bizkaie! 2010-05-21 12:50   Euskerea berbagai

Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusi eta Behatokiko lehendakariaren eretxiz, 'euskaldunon hizkuntza-eskubideen bermea ez da lehen mailako arazoa administrazinoentzat. Hizkuntza-eskubideak bigarren mailako eskubideak dira eta horreen urraketeak ez dau ezelako ondoriorik eragiten. Euskerea askatasunean erabiltea galarazoten jako euskal hiztunari'.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2009an jasotako espedienteak batzen dituan urteko txostena aurkeztu dau prentsaurrekoan. Gasteizko Canciller Ayala hotelean bart egindako agerraldian, urteko txostena aurkezteaz gan, Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendari barriaren aurkezpena be egin eban Behatokiak.

Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusi eta Behatokiko lehendakariak agerraldian aitatu ebanez, 'euskaldunon hizkuntza-eskubideen bermea ez da lehen mailako arazoa administrazinoentzat. Hizkuntza-eskubideak bigarren mailako eskubideak dira eta horreen urraketeak ez dau ezelako ondoriorik eragiten. Euskerea askatasunean erabiltea galarazoten jako euskal hiztunari'.

Egoera horri bueltea emoteko zer beharko litzatekeen be aitatu eban Kontseiluko idazkari nagusiak, 'euskaldunon hizkuntza-eskubideen bermeari begira inflexino-puntua emon behar da hizkuntza-politiketan', azaldu eban.

Behatokiko zuzendari barriak, Garbiñe Petriatik, Bilbaok egindako azken adierazpen horri heldu eutson: '1.400 espediente bideratu izanak ondorio batera garamatza: inflexino-puntua nahitaezkoa da hizkuntza-politiketan. Eskubideen bermatzaile izan beharko leukien instituzinoetan 180 graduko aldaketea emon beharko litzateke hizkuntza-politiketan'. Aldaketa hori emon beharraren arrazoiak be azaldu zituan Petriatik; lehenengo, 'bederatzigarrenez esan behar dogu hizkuntza-eskubideak lurralde guztietan eta administrazino guztiek urratzen dituela'. Bigarrenik, euskal hiztunen kontzientziari erreferentzia egin eutson Behatokiko zuzendariak: 'Euskal hiztunaren kontzientzia gero eta handiagoa izanik, ulertezina da aldarrikapen horri erantzun ez izana'.


Ondorio zehatzak

Txostenean jasotako ondorio zehatzen barri emon eban Petriatik. Ipar Euskal Herriaren kasuan, Konstituzinoaren 75. artikuluan egindako aldaketak ez dauela eraginik izan eskubideen urraketetan aitatu eban Behatokiko zuzendariak. Horren ondorioz, 'euskereak ikusezintasunean jarraitzen dauela' esan eban.

Hego Euskal Herriari jagokonez, Espainiako Estaduko Administrazinoa aitatu eban Petriatik. 'Espainiako Estaduko Administrazinoak oldarkor agertzen jarraitzen dau. Horren adibide dogu administrazino telematikoan euskerea baztertu izana'.

Nafarroako Gobernuarentzat, gaztelania da administrazino-hizkuntza bakarra. 'Arartekoak hainbat gomendio egin arren, bere horretan jarraitzen dau Nafarroako Gobernuak. Euskerea aukeratu daben herritarrei aukerea bera ukatu deutse Gobernuak', adierazo eban Garbiñe Petriatik.

Eusko Jaurlaritzeari jagokonez, hizkuntza-eskubideen bermerako mekanismoetan aldaketarik ez dala emon aitatu dau Behatokiko arduradunak. 'Urraketen aurrean ez-ikusiarena egiten dau'. Eremu sozio-ekonomikoan be, ez da aldaketa eraginkorrik egin herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, Behatokiko zuzendariaren esanetan.

Bederatzigarren txostena da Behatokiak aurkeztu dauena. Eta, ordezkarien arabera, 'zoritxarrez, bederatzi urtez izandako baltzuneek bere horretan jarraitzen dabe'. Osasungintzan marka guztiak hausi direla salatu eban Petriatik. 'Osasun-asistentzia duina jasoteko eskubideari muzin egin deutsie administrazinoek'. Zenbait kasutan atzerapausu seinaleak be ikusi ditu Behatokiak. Herrizaingoari jagokonez, Eusko Jaurlaritzearen kasuan, ohiko errespetu faltea, zabarkeria... aitatu zituan Behatokiko arduradunak. Euskerea normalizetako Dekretua 2008an iraungi arren, dekretu barririk ez dabela abian jarri esan eban Petriatik. Nafarroako Gobernuak argitaratutako foruzainen lan-deialdietan euskerearen ezagutza ez da ez derrigorrezko ez eta merezimendua be izan. Justiziaren arloan, barriro be aitatu dau Behatokiak euskerea erabilteak alboko kalte-ondorioak dakartzala: atzerapenak, luzapenak...


Gero eta kontzientzia handiagoa

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko kudeatzaile Arantza Haranburuk gogoratu ebanez, 'Behatokiaren azterketan ikuspegi kuantitatiboak garrantzi berezirik ez izan arren, agirian jarri nahi dogu Euskerearen telefonoa zerbitzuak gero eta arrakasta handiagoa dauela'. Behatokiaren eretxiz bi arrazoi nagusi dagoz horretan eragiten dabenak; batetik, herritarrek gero eta kontzientzia handiagoa dabe eskubideen urraketen aurrean. Bestetik, Behatokiaren eraginkortasunagaitik.

2009an, 1.415 espediente zabaldu dira. Horreetarik 1.287 kexa, 50 zoriontze, 42 kontsulta eta 10 Behatokiaren ekimen. 26 espediente bideratu barik itxi ditu Behatokiak. Administrazino publikoek eragindako kexak 763 izan dira. 58 Frantziako Estaduko Administrazinoak, 108 Espainiako Estadukoak, 153 Eusko Jaurlaritzeak, 138 Nafarroako Gobernuak eta 248 udalek eta mankomunidadeek. Administrazinoetatik kanpoko gizarte-eragileek eta eremu sozio-ekonomikoan eragindako kexei jagokenez, interes orokorreko zerbitzuetan 116 kexa jaso ziran igaz, eta merkataritza-gune handietan zein denda erraldoietan 133.

Behatokiak erakundeei bialdutako kexen erantzunen kopuruak gora egin dau nabarmen 2009an. Hori, Behatokiaren erreferentzialtasunari lotzen jako. 'Halan da be, askotan konturatu gara erakundeek ez dabela agertzen urraketa horreek barriro ez gertatzeko mekanismorik; horrek biziki kezkatzen gaitu eta ondorioa da eskubideen bermerako hizkuntza-politiketan neurri zehatzak behar dirala', adierazo eban Arantza Haranburuk.


Garbiñe Petriati, zuzendari barria

Urteko txostenaren aurkezpena erabili eban Behatokiak erakundearen zuzendari barriaren aurkezpena egiteko. Garbiñe Petriati Ijurra (Arbizu, 1962) izango da hemendik aurrera Behatokiko zuzendaria, Paul Bilbaoren tokia hartuz.

Petriatik ibilbide luzea egin dau euskalgintzan. 1986an, helduen euskalduntze-alfabetatzean hasi zan. Hamabi urtez egon zan bai eskolak emoten, bai eta didaktika-zerbitzuan be. Kontseiluaren Bai euskarari Sakanan proiektuan teknikari ibili zan. Azken bederatzi urteetan Bierrik fundazinoaren kudeatzaile eta tokiko hedabideen sustatzaile izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu