Gernika-Lumoko Udalak eta Kontseiluak lankidetza hitzarmena barriztau dabe

Bizkaie! 2010-05-18 18:50   Euskerea berbagai

Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroñok Kontseiluagaz urte honeetan egindako lana nabarmendu dau: 'urte bi daroaguz Kontseiluagaz alkarlanean eta emoitzak begi-bistakoak dira herrian. Bi puntu azpimarratuko neukez: batetik, euskerearen normalizazinoaren aldeko lana herriko euskalgintzeagaz batera egiten gagozala. Eta bestetik, gizarte-eragile eta entidadeen hizkuntza-normalizazinoa bizkortzeko tresna barriak proponidu deuskuzala Kontseiluak'

Gernika-Lumoko udaletxeko pleno aretoan egindako ekitaldian barriztau dabe Kontseiluak eta udalak lankidetza hitzarmena eta Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak eta Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiak sinatu dabe. Gorroñok, Paul Bilbaori ondo-etorria egiteaz gan, orain dala gitxira arte Kontseiluko idazkari nagusi izan dan Xabier Mendigureni eskerrak emon deutsoz urte honeetan guztietan egindako lanagaitik.

Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroñok Kontseiluagaz urte honeetan egindako lana nabarmendu dau: 'urte bi daroaguz Kontseiluagaz alkarlanean eta emoitzak begi-bistakoak dira herrian. Bi puntu azpimarratuko neukez: batetik, euskerearen normalizazinoaren aldeko lana herriko euskalgintzeagaz batera egiten gagozala. Eta bestetik, gizarte-eragile eta entidadeen hizkuntza-normalizazinoa bizkortzeko tresna barriak proponidu deuskuzala Kontseiluak; berbarako, Bai Euskarari Ziurtagiria edota euskerazko zerbitzua emotera ailegetako eragite-ekintzak', azaldu dau Gorroñok.

Administrazinoek euskerearen normalizazinoan daben ardurea be aitatu dau Gernika-Lumoko alkateak. Bide horretan lanean jarraituko dabela be berretsi dau; 'Euskaraz bai dinamikearen bidez Gernika-Lumon euskerearen normalizazinoa bizkortzeko markoa eskaintzen deusku Kontseiluak eta hitzarmen honen bidez bide beretik jarraitzeko ardurea berresten dogu'.

Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok, eskerrak emon deutsoz Gorroñori 'bere abegi onagaitik' eta poza adierazo dau Gernika-Lumon lankidetzea barriztauko dalako. Zapatuan Iruñean Kontseiluak egindako manifestazinoari erreferentzia be egin gura izan deutso, 'hona ekarri gura neuke zapatuan Iruñean batu ginan milaka euskaltzaleen aldarriaren oihartzuna, euskeraz biziteko eskubidea gauzatu nahia'.

Euskaraz bai dinamikea garatzeko hitzarmena izanda, honen filosofia be aitatu dau Bilbaok. 'Oraindino ez dogu modurik euskeraz biziteko. Beste aupada bat behar dogu. Horregaitik, ‘Euskaraz bai’ leloa. Argi gera daiten euskeraz lan egin gura dogula, euskeraz egin gura dogula etxean eta lagunartean, euskeraz ikasi eta irakatsi gura dogula, administrazinoagaz hartu-emonak euskeraz gura doguzala…'

Bide horretan, Kontseiluak marraztu dau euskerearen normalizazinora ailegetako beharrezkoa dan ibilbidearen mapea. 'Batetik, beharrezkoa da gizarte-eragile eta entidadeek pausu eraginkorrak emotea beren erakundeetan euskerea normaltzeko, horren eraginez euskaldunok euskerea erabilteko espazioak berreskuratuko baitoguz. Gizarte-bizitza euskeraz egitera ailegetako funtsezko beste aldagaia da norbanakoek euskerea ikasi eta erabiltea. Ezinbestekoa da. Eta azkenik, Alkateak esan dauen moduan, administrazinoek hizkuntza-politika eraginkorrak jarri behar ditue indarrean'.

Gernika-Lumon urte honeetan egindako lanari be erreferentzia egin deutso Bilbaok; 'hainbat urte daroazuez herriko entidadeen normalizazino prozesua bultzatzen, eta euskaldunei euskeraz biziteko aukerak eskaintzen. Bide horretan, Kontseiluak pausu bat gehiago emoten lagundu gura deutsue, eta horretan oinarritzen da gaur barriztauko dogun lankidetza-hitzarmena. Herritarrok zerbitzuak euskeraz eskuratu gura doguz, eta gurari hori asetzera begira lan egingo dogu eragite-ekintzen bidez. Arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko erabagigarria dan zerbitzuen arloa eragingo dogu Gernika-Lumon, baita Euskal Herriko beste hainbat herritan be. Ganera, norbanako euskaltzaleei be parte hartzeko deia egingo deutsegu, horren eraginez be bizkortzeko entidadeek euskereagazko jokabide aktiboak izatea'. Lanketa hori, orain arte egin dan moduan, herriko euskal eragileakaz garatuko dala azaldu dau Kontseiluko idazkari nagusiak.

Gernika-Lumoko Udalak hainbat urtez garatu ditu euskerea bultzatzeko ekintzak merkataritzan, alkarteetan eta enpresa ertain eta txikietan. 2008an, Euskaraz bai dinamikea jarri zan martxan Gernika-Lumon. Dinamika horren bidez, Gernika-Lumoko udalak eta euskalgintzak euskerea indar handiagoz sustatzea lortu dabe, Kontseiluaren laguntzinoagaz. Ordutik, Gernika-Lumoko denda, alkarte eta era guztietako entidadeen normalizazino prozesua Euskal Herri osoan zabaltzen dagoan dinamikeagaz bateratu da.

Aurten, Gernika-Lumoko Euskaraz bai dinamikearen barruan, Udalaren hizkuntza-politikearen neurketea egiteaz gan, ‘Lehen hitzetik zerbitzua euskaraz’ eragite-ekintza garatzen ari da, arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzeko erabagigarria dan zerbitzuen arloan eragiteko. Horren bidez, zerbitzuen arloan bezeroakazko ahozko zein idatziko hartu-emonak euskeraz izatea sustatuko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu