Nafarroan euskerearen alde inoiz egin dan manifestazinorik jentetsuena

Bizkaie! 2010-05-17 12:05   Euskerea berbagai

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak egindako deialdiari erantzunez, aurreikuspen guztiak gaindituz, ‘Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea' lelopean, milaka lagun batu ziran Iruñeako kaleetan pasa dan zapatuan. Nafarroan euskerearen alde inoiz egin dan manifestazinorik jentetsuena.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak egindako deialdiari erantzunez, aurreikuspen guztiak gaindituz, ‘Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea' lelopean, milaka lagun batu ziran Iruñeako kaleetan pasa dan zapatuan. Nafarroan euskerearen alde inoiz egin dan manifestazinorik jentetsuena.

Manifestazinoaren ondoren, hona hemen Kontseiluko buru Paul Bilbao idazkari nagusiak irakurritako mezua:

'Nafarroan euskeraz biziteko eskubidea'

Euskeraz bizi nahi dogu, euskeraz ez bada, ez dalako bizitea guretzat. Euskeraz bizi nahi dogu, eskubidezkoa dalako; justiziazkoa dalako. Euskeraz bizi nahi dogu betidanik bizi izan dalako lurralde honeetan euskeraz. Euskeraz bizi nahi dogu, euskeraz berba eginez etorkizuna eregiten dogulako. Euskeraz bizi nahi dogu; zergaitik ez? Ba al dago eskubidezko edota justiziazko arrazoirik euskeraz bizitea galarazoteko? Ez leuke egon behar.

Bizi dinogu BIZI letra larriz. Tarteka erabiltea, aukera urriak erabiltea, egunkarietan euskerazko zeozer topetako orrialdeak arakatzea, euskeraz dinoen etiketa bat topetea ez baita bizitea, bardintasunez ez, behinik behin. Izan be, azken urteetan euskaldunok baztertzea helburu izan dauen politika hori aldatu beharra dago. Nafarroako Gobernuak ez dauelako gu euskeraz biziterik nahi, eta ahal dauen guztia egin dau, eta egiten ari da, Nafarroan euskeraz bizi ez gaitezan. Eta guk eroso eta duintasunez bizi nahi dogu. Norberaren herrian berezko hizkuntzan bizi nahi izatea oinarrizko eskubidea da. Ez dagoalako duintasunez biziterik Nafarroako Gobernuak gure hizkuntzearen presentzia bera baztertzen dauenean. Nafarroako Gobernuak ikusgai ez izatera zigortu nahi gaitu.

Horrexegaitik euskeraz bizi nahi dogula esan dogu milaka eta milaka herritarrek gaur Iruñean; harrotasunez urten dogu kalera euskeraz biziteeko eskubidea dogula erakustera, izan bagarela erakustera, ikus gaiezan, ikus daien… euskeraz biziteko prest gagozan herritarrak milaka garela...

Pozteko milaka arrazoi dogu gaur, zuetako bakotxa pozteko arrazoi bat da; Nafarroan euskerearen alde inoiz egin dan manifestazinorik handienetako baten partaide izateak harrotu behar gaitu. Gure hizkuntzearen etorkizuna kalean be jokatzen dalako. Ez daiala pentsau Nafarroako Gobernuak bere ahaleginek arrakasta izango dabenik. Jakin izan dogu azken mende laurenean ehunka proiektu eregiten, geure hizkuntzearen berreskurapenaren suzia eskutik eskura pizturik pasaetan.

Gaur, beste behin, erakutsi dogu aurrera egiteko prest gagozala; danon artean baldintza barriak sortu behar doguz eta sortuko doguz. Euskerearen normalizazinoa ahalbidetuko dauen agertoki barria eregi behar dogu, non euskeraz bizitea aldarria izatetik errealidade bihurtuko dan. Geure esku be badago, eta gaur pausu bat emon dogu; jakin dakigulako zein dan bide argia euskerearen normalizazinoaren bidean pausu bat emoteko:

Lehengo eta behin, hizkuntza-politika barri bat behar dogu. Ikuspegi osoa dauen politikea, Administrazino Nagusitik toki Administrazinorainoko ondo koordinatua, helburu eta epe zehatzak dituana, sail artekoa eta sektore artekoa, hizkuntza-eskubideak eta erabilera soziala ipar dituana, baliabidez ondo hornitua, alkarlanean oinarritutako hizkuntza-politikea da behar doguna, Euskalgintzeagaz konplizidadez kudeatua. Horra lehen pausua.

Bigarren, euskerearentzat estatus juridiko egokia behar dogu; bardintasun-printzipioaren kontra baitoa herritarrei eskubide eta betebehar desbardinak autortzea. Beraz, euskerea berezkoa ez eze, lehentasunezko bihurtu behar da gitxitua dagoalako, estatus ofiziala esleitu behar jako, bai eta ezagutu beharra sustatu be, ezagutzaren unibertsalizazinora heltzeko.

Azkenik, lehentasunezko hainbat neurri hartu behar dira euskerearen normalizazinoari bultzada egokia emoteko:

1. Belaunaldi barriak osorik euskalduntzea bermatuko dauen hezkuntza-sistemearen erreformea.
2. Administrazinoa epe onargarri batean euskaldundu behar da herritarron hizkuntza eskubideak bermatzeko.
3. Alor sozioekonomikoa euskalduntzeko neurri eta proiektu eragingarriak ezarri behar dira.
4. Helduen euskalduntze-alfabetatzeari dauen izaera estrategikoa autortu behar jako eta beharrezko baliabideak eskaini lana egoki garatzeko.
5. Hedabideetan ezagutzaren araberako kuotak ezarri behar dira, eta euskera hutsezkoak bereziki sustatu.
6. Euskerearen aurrekontuak nabarmen handitu behar dira, besteak beste, euskerazko kultura- eta aisialdi-jarduerak sustatzeko diru-partidak.
7. Unibersidadearen eta Lanbide Heziketearen eskaintza oso-osorik euskalduntzeko planak ezarri behar dira.

Eta horretarako ezinbestekoa da alkarlana. Euskalgintza prest egongo da euskerearen normalizazinoan pausuak emoteko, horretarako gertu dagozanakaz jarduteko. Izan be, lanari ez deutsagu bildurrik, eta holan erakutsi dogu azken urteotan, herrigintzatik, euskalgintzatik, euskeraz
bizitea ahalbidetu deuskuen proiektuak jarri doguz abian. Hemen batu garenok be badogu zer egin: euskerea ikasi, euskerea erabili, euskerazko prentsa erabiliu, hizkuntza-eskubideak aldarrikatu… Finean, 'euskeraz bizi nahi dot' esaldia gaurtik bertatik jar geinke praktikan. Gaur, kalera urten dogu, euskaldun izatearen harrotasuna agertzera, euskeraz biziteko aukerea egin dogula lau haizetara zabaltzera, Nafarroan euskeraz biziteko eskubidea dogula eta euskeraz biziten lortuko dogula berrestera. Eta gaurtik bertatik ekingo deutsagu lanari esanez: 'Euskeraz bai'

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu