Kepa Acero: 'Surfak adikzinoa sortarazoten dau'

Koldo Isusi Zuazo 2010-05-14 12:33   Barriketan

Surflaria

Algortako Acerotar gazteenak '5 olatu, 5 kontinente' proiektuari ekingo deutso maiatzaren 16an. Bost bat hilebetean munduko olaturik ederrenetakoen bila ibiliko da Namibia (Afrika), Java (Indonesia, Asia), Gnaralu (Australia) eta Txile (Amerika) eta abentureari amaierea emoteko Mundakara (Europa) etorriko da.

Eneko eta Iker anaiakaz batera, Kepak umetatik bizi izan dau surfa eta 18 urte azpikoen artean, Europako txapelduna be izan zan. Mundu osoan zehar lehiaketetan ibili ostean, lehia mundu hori itxi eta surfagaz lotuta beti, bidaiak egiteari ekin eutson. Orain, barriz, 70. hamarkadako surflarien espirituari eutsi eta olatu ezezagunak topau guran abiatuko da, bakar-bakarrik, laguntzailerik barik, sei bat surf-taula, kamarak, upealako ilusinoa eta bildurrik ez, besterik ez.


1.- '5 waves 5 continents' ideia polita da, munduari itzulia emoteko atxakia ederra...

Bai. Aspaldiko ideia, buruan bueltaka neukan proiektua, amesa da '5 waves 5 continents' hau. Geldiro-geldiro formea hartzen joan da, ze gauza asko egoan lotzeko baina Pou anaien '7 pareta, 7 kontinente' eta Unai Basurko itsasgizonak bakarka munduan zehar egindako balentriak suspergarri ederra izan dira eta abentura horreek eta nik gura nebana buztartuta, hau okurridu jatan eta hara, domekan hartuko dot lehenengo hegazkina.


2.- Munduko itsaso eta olaturik onenetan ibilitakoa zara baina oraingo abenturarako bost olatu zehatz aukeratu dozuz. Zergaitik?

Begitu, surfa kirol masifikatua da gaur egun eta ideia da 70. hamarkadako surfa praktiketako modu eta estilora bueltetea. Bolada horretan, surflarien filosofia eta ilusinoa zan leku ezezagunetara, olatu berezien bila joatea. Ni be zeozelan horren bila noa. Badakit ez dala samurra izango egun bestelako jokera eta ohiturak daukaguzalako baina erronka moduan hartzen dot, aparteko ahalegina eta esfortzua nahitaezkoak izango diran arren, esperientzia horregaz persona eta surflari moduan hazi egingo nazelako.


3.- Lehenengo geldialdia Namibian, Afrikan egingo dozu, ezagutzen ez dozun inguruan. Gainera, misterioari eusteko ez dozu azaldu zehatz ze leku dan...

Kontua da ze munduko olatu onenen harian, amerikano batzuen bideo bat ikusi nebala Interneten olatu eder bati buruzkoa. Bideo horretan, Afrikan egoala baino ez zan esaten, bestelako zehaztasunik barik. Bertakoen altxorra errespetetako erabagi ederra da, duda barik. Berehala, ikertzen hasi nintzan eta honezkero, badaukat kokatuta eta nik neuk be ez dot beste detailerik emongo, gura izan ezkero, bertakoak dira lekuaren kokapena zabaldu beharko leukienak. Afrikarrei nahikoa ostu deutsegu eta itxi daiguzan, ahal dan neurrian, baketan. Olatu hori urtean zortzi bat aldiz baino ez ei da agertzen eta atrapau ahal izatea amesa da. Altxor horretako txanpon bat hartu eta handik nire sentsazinoakaz bueltetea zoragarria izango da niretzako.


4.- Ganerakoak, Java, Txile eta Australiako olatuak. Zergaitik?

Indonesian sarri egon naz surfean eta ondo ezagutzen dot baina orain aukeratu dodan lekua, sano berezia da. Olatura heltzeko barkuan joan behar da, bi irlen artean apurtzen da eta erreserba naturala da izatez. Han ez da bizi inor. Leku ezezaguna da eta horrek erakarten nau, horrek egiten dau proiektua berezia.


5.- Txilera, Irlandako ur hotzak eta amaitzeko Mundaka...

Mundaka beste kontzeptu bat da. Mundu mailako ezker olatu onena da eta danok ezagutzen dogu. Ez da proiektuko besteen modukoa baina berezia da niretzako, han hasi nintzan eta lagunakaz pasautako momentuak ez daukadaz ahaztuteko, ingurua bera, Urdaibai zoragarria da eta '5 olatu, 5 kontinente' abenturea hor amaitzea derrigorra zan.


6.- Zergaitik zoaz bakarrik, lagunik topau ez dozulako ala emozinoak bizi-bizi sentidu gura dozuzalako?

Nik 15 bat urte daroadaz surfagaz lotuta munduan zehar bidaiak egiten taldeka gehienetan. Horrek gauza onak daukaz lagunen babesa daukazulako, azpiegitura kontu guztiak ahaztu egiten dozuzalako eta olatuak hartzea dalako zure burukomin nagusia. Edozelan be, etxera bueltan joakeran sentsazino arrazoa neukan, olatuak bai baina herrialdea, ingurua eta ez nitualako ezagutzen. Oraingo proiektua, barriz, bestela planteau dot, leku bakotxean hilebeteko egonaldia izango da eta olatuei begira egon eta olatuak hartzeaz gan, bakarrik egokeran, hango jenteagaz, inguruagaz, ez itsasoagaz bakarrik baita lurragaz be bat egitea errazagoa izango da. Helburua olatuak hartzea ez eze etxera bestelako sentsazinoak eta esperientzia aberasgarriak eroatea be bada.


7.- Zelan planteau dozu proiektua? Azpiegiturea, bidaiak, jatekoa, lo egiteko lekuak, olatuetara heltzeko egon daitekezan arazoak... Zelan finantziau dozu hau guztia?

Ikerketa lana eta hegaldiak hartzea eta berton egin dodaz. Dana dala, benetako ikerketa eta azpiegitura lana helduko nazen lekuetan hasiko dala pentsetan dot eta hori da bidaia honen erakarpen nagusia. Seguru subertauko diran momentu on eta txarrakaz, nik neuk bideratu beharko dot guztia eta esperientzia hori sano aberasgarria izango dalakoan nago.

Bigarren galdereari erantzunez, etxe edo marka batzuen babesa daukat (Oakley, EFX eta Pukas) baina ganerakoan, neuk pagau dot guztia. Bizitzan behin egingo dot holako abentura bat, amesa da niretzako eta ondo inbertidutako dirua izango dala uste dot.


8.- Oso oker ez bagagoz, sei bat surf-taula eroango dozuz. Bategaz ez zan nahikoa?

Ez. Bost hilebeterako noa eta olatu eta itsaso desbardinak topauko dodaz eta nahitaezkoa da taula bat baino gehiago eroatea. Gehiago be eroango neukez baina ezinezkoa da, pisuagaitik eta. Azkenean 5 eroango dodaz. Kontuan hartu holako olatuetan ohikoa izaten dala taulak apurtzea eta beharbada taularen bat edo beste konpondu behar izate be tokauko jat, horretarako preparauta noa.


9.- Argazki eta bideo kamarak be eroango dozuz abenturearen barri Interneteratzeko (www.fivewavessurf.com)...

Bai. Arlo honetan be desbardina izango da bidaia. Orain arte, filmaketa lan hori besteek egiten izan dabe eta orain, barriz, neuk hartuko dot ardura hori baina burukomin lar barik, sarritan konekzino arazoak be egon daitekezalako eta abar. Ideia nire esperientziak, sentsazinoak zabaltzea da eta horretarako, taulan bertan kokatzeko moduko kamarea, argazki makinea eta daroadaz. Horrezaz gan, jentearen ekarpenak edota iruzkinak be ondo etorriak izango dira blogean. Hau esperimentu berezia da eta ia zerk urteten dauen.

Gero, etxera bueltan natorrenean ideia da proiekzinoak eta argazki erakusketak, zein berbaldiak antolatzea.


10.- Amaitzeko, galdera potoloa. Zer da zuretzako surfa?

Surfa niretzako pasinoa da. Ez da erraza azaltzea baina hortxe dago surfistek edota mendizaleek, holako abenturazaleek daukiezan hartu-emon bereziak natureagaz. Ni ez naz filosofoa holako erantzun potoloa emoteko baina nik uste dot natureagaz bat eginik, biziteko modu bat dala gurea, adikzinoa sortarazoten deutsuna.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu