Eibar, Interneten gune nagusia

Bizkaie! 2010-05-13 13:03

'Konekta zaitez. Bizitza erraztuko dizu' lemapean, ekimena maiatzaren 14tik 17ra bitartean gauzatuko da, Internet&Euskadi alkarteak, SPRIk, KZguneak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eibarko Udalak bultzatuta, Euskaltelen laguntzinoagaz.

'Konekta zaitez. Bizitza erraztuko dizu' lemapean, ekimena maiatzaren 14tik 17ra bitartean gauzatuko da, Internet&Euskadi alkarteak, SPRIk, KZguneak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eibarko Udalak bultzatuta, Euskaltelen laguntzinoagaz. Aurtengo barritasun nagusiak bi dira: Reactable edo musika elektronikoa egiteko ukimenezko mahaia eta 3Dko gidatzeko simulagailua.

Aurtengo edizinoko barrikuntzen artean, azken belaunaldiko elementuak eta jarduerak ekarri nahi izan ditue. Esangura horretan, parte-hartzaileek 'Reactable' ukimenezko pantailadun mahai borobil handia erabili ahal izango dabe. Mahai horren gainean itxitako metakrilatozko piezek musika-efektuak, erritmoak, efektuak eta kontrol-piezak egiten ditue. Pieza bakotxak alkarreragina dauka hurrekoagaz eta, holan, erabiltzaileak edozein musika mota sortu leike intuizino hutsez.

3Dko gidatzeko simulagailuak, barriz, ibilgailu bat gidatzeko aukerea emoten deutso parte-hartzaileari, baita sarean beste gidari bategaz lehiatzeko aukerea be, autoaren barruan balego legez. Bide-segurtasuneko zirkuituetan gidatu, hainbat zirkuitutan itzuli azkarra egin edo beste parte-hartzaileen aurka lehiatuko da erabiltzailea. Ibilgailuaren barruan egotearen sentsazino erreala emoten daben elementu guztiak ditu simulagailuak: 3Dko betaurrekoak eta soinu inguratzailea, auto-jesarlekuak, bolantea, hiru pedal eta aldagailu-palankea.

Horrezaz gan, Trivial Tic lehiaketea be jarriko da abian. Interneten erabiltzaileek www.ieguna.net web-orriaren bidez parte hartu ahal izango dabe lehiaketan. Orrialde horretan lehiaketearen oinarriak eta sariak agiri dira. Parte-hartzaileek ahalik eta galdera gehien zuzen erantzun behar ditue. Galdera horreen gaia, zelan ez, Interneten eta Informazino Teknologien mundua da. Punturik gehien lortzen daben internautek saria irabaziko dabe.

Astelehenean 'nabigazino libreko' gunea egokituko da, bi eremu bereizita: bata ume eta gazteentzat eta bestea helduentzat. Danetara 70 ordenagailu egongo dira erabilgarri. Horrezaz gan, zenbait erakundek eta organismok standak jarriko ditue, zerbitzu eta eduki interesgarriak eskaintzeko. Holan, adibidez, Internet&Euskadik, EuskaDigital-Arrate Irratiak, Eibarko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskaltelek jarriko ditue euren standak.

Atal horren barruan, azpimarratzekoa da KZguneak diseinautako standa, belaunaldien arteko hartu-emonak sustatzeko ekimenak garatuko baitira horretan. Bisitariek jolas dibertigarri eta hezigarrietan parte hartu ahal izango dabe, besteak beste, 'Zer da Internet zuretzat? Ausartuko zara azaltzen?', Pictionary digitala: 'Marraztu, asmau eta… irabazi!' eta Artista digitala: 'Nolakoa izango litzateke…?'.

Era berean, merkatuan eskari gehien daben jolasak be egongo dira eskura Astelena Frontoian, besteak beste, 'Wii Fit' eta adimena irakurten dauen 'Mindball' jolasak. Azken jolas horretan, bi jokalariren buruan konektautako sentsoreek garunaren jarduerea jasoten dabe. Zenbat eta lasaiago egon, hobeto erabiliko dau pilota jokalariak.

Era berean, teknologia barriei buruzko dibulgazino-saioak antolatu dira eta Eusko Jaurlaritzeak Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasgelak digitalizetako helburuz sortutako Eskola 2.0 programea be ikusgai egongo da aurten.


Internet Eguna

Internet Eguna maiatzaren 17an ospatzen da mundu osoan. Euskadin, bosgarren urtez jarraian, Internet Egunak agirian itxi nahi dau Sarea herritarrei zerbitzu eta eduki ugari eskaintzen deutsezan komunikabidea dala. Aurten, ekitaldia Gipuzkoara itzuli da, Eibarko Astelena Pilotalekura, hain zuzen.

Internetek jentearen bizi-kalidadea hobetu dauela dakigun arren, ezin ahaztu euskal gizarteko sektore batzuek oraindino ez dabela eskuragarri. Eusko Jaurlaritzeak Euskadiko Informazino Gizartearen Adierazleen 2009ko laburpena argitaratu dau, Eustatek familien artean egindako Informazino Gizarteari buruzko Inkestearen emoitzetan oinarrituta. Laburpenaren arabera, Informazino eta Komunikazino Teknologiei (IKT) lotutako ekipamenduak euskal etxeetan nabarmen zabaldu dira.

Informatika-ekipamenduari erreparauta, azpimarratzekoa da 15 urtetik gorako euskal herritarren % 68k ordenagailu pertsonala daukala eta % 59k Interneterako sarbidea dauela etxean; 2008an, barriz, portzentaje horreek % 67 eta % 58 ziran, hurranez hurran. Kopuru absolutuetan, ehuneko horreen ondorioa hau da: Euskadin 15 urtetik gorako 1.254.000 herritarrek ordenagailua daukie eta 1.092.000k Interneterako sarbidea etxean. Posta elektronikoaren erabilgarritasunari jagokonez, 2009an herritarren % 57k posta elektronikoa eukan etxean; portzentaje hori 2008koa baino 3 puntu handiagoa da eta 2007koa baino 6 puntu handiagoa.

Halan da be, IKTetako ekipamenduen erabilgarritasuna oso desbardina da hainbat ezaugarri soziolaboralen arabera, esaterako edadearen, ikasketa-mailaren edo lan-egoerearen arabera. Esangura horretan, 'bazterketa digitalean' jausteko arriskuan zenbait kolektibo dagozala ikus daiteke. Beraz, Internet gizarteko ahalik eta sektore gehienetara hurreratzeko beharrean jarraitu behar da. Helburu horregaz jaio zan Internet Eguna.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu