Aramaiok eroan dau 2010eko Arabako Kuadrilarteko txapela

Maiteder Sasieta Murua 2010-05-10 11:31   Bertsolaritzea

Bertso sorta kolektiboen lehenengo txapelketea Martin Ttipia taldeak irabazi dau.

Bapateko txapela, barriz, aramaioarrentzat izan da, zaleen txalo zaparrada, txistu eta oihuen artean jaso ebena. Arabako zortzigarren kuadrillaren izenean bi Trebiñutarrek jarri deutsee merezidutako txapela.

Pasa dan zapatuan, maiatzaren 8an, Gasteizko Landatxo pilotalekuak Arabako bertsolaritzearen jai handia jaso eban: Kuadrila arteko txapelketearen finala. Agurretan entzun ahal izan zan moduan, Arabako BEC bihurtu da Landatxo pilotalekua. Kalejira, herri bazkari eta jantzaldi baten ondoren igon dira bapateko saioan lehiatu beharreko bi taldeak, nor baino nor euren herria defendiduten: Kakiturri-Ehari Gasteiztik eta Aramaioko taldea. Gasteiztik Rikardo Gonzalez de Durana, Gaizka Urtaran, Juan Mari Juaristi, Asier Otamendi eta Felipe Zelaieta. Aramaiotik Andere Arriolabengoa, Manex Agirre, Xabi Igoa eta Iker Agirre.

Giroa ezin beroago egoan saioa hasterako. Saioaren aurretik herri bazkaria egin zan Landatxo pilotalekuan. Ehunka lagun alkartu ziran bertan bertsolariei euren animoak emon eta giroa alaitzera.

Txapelketa honetan ohikoa bihurtu dan moduan, saioari ezin hasierea emon bapatekoagaz paraleloan jokatu dan bertso jarrien txapelketako finalistak entzun aurretik. Hiru talde izan dira lehian: Aramaioko taldea, Martin Ttipia eta Aldapazaleak, azken bi honeek Gasteiztik. Araba gaitzat harturik bertso sorta ederrak entzun ahal izan dira. Musikaz lagundurik bikain berotu eben eguraldiak hoztutako giroa eta bor-bor itxi dabe bapateko saioa hasterako.

Lan bikaina egin eben bertso sorten txapelketan parte hartu daben arabar guztiek. Eta oraingoan be ez eben hutsik egin. Antzerkia, erreibindikazinoa, jantzak… Danetarik ikusi zan bertan. Baina txapeldun bakarra aukeratu behar, eta aurtengo txapelketa Martin Ttipia taldeak irabazi dauela erabagi da.

Bapateko saioari ekin eutsien bertsolariek ondoren. Ofizioko saioak nahiko makal joan ziran; egon zan ale on bat edo beste, baina bertsolariek ez eben behar bezela elkar hartzen jakin eta saioak nahikoa eskasak izan ziran. Bakarkako saioetan hasi ginan bertso dotoreak entzuten. Asier Otamendi beteranoak edeto erantzun deutse Beitia gai emoileak jarritako puntuei. Gaztetxearen inguruko hiru puntuei erantzutean bertso politak entzun genduzan. Horren ondoren honakoa bota deutso Beitiak: zure alabea argazkiz bakarrik ezagutzen dozu. Alaba jaio barria dauen preso baten azalean sartu zan bertsolaria, eta polito asmau eban bere papera aurrera eroaten. Manexi, barriz, honako hau bota eutson bakarkako lanerako: gaurko egunean urtero legez loreak eroan deutsazuz. Txalo zaparrada ederrak jaso zituan aramaioarrak minbiziz hildako neskalagunari botatako bertsoak bota ondoren.

Gartzelako lana berezia izan zan. Segidillan abestu behar izan eben bertsolariek eta giroa bero-bero jarri eben txaloka animau dituelarik entzuleek bertsolariak. Aramaioarrak gustura ibili ziran, gasteiztarrak baino hobeto sartu ziran gaian eta entzulegoa bereganatzen be hobeto jakin dabe. Gasteizko Alde Zaharrean paseoan dabilzan jubilatuen paperean sartu behar izan ziran, eta bapatean Landatxo pilotalekuko jai handia topau dabenak. Paperean bikain sartu eta arratsaldeko saiorik politenetako bat osotu eben.

Saio puntuagarriagaz amaitu ostean sari banaketari ekin eutsien. Bertso sorta kolektiboen lehenengo txapelketea Martin Ttipia taldeak irabazi dau.

Bapateko txapela, barriz, aramaioarrentzat izan da, zaleen txalo zaparrada, txistu eta oihuen artean jaso ebena. Arabako zortzigarren kuadrillaren izenean bi Trebiñutarrek jarri deutsee merezidutako txapela.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu