Iñaki Egurrola: 'euskerea gaixorik dago'

Koldo Isusi Zuazo 2010-05-07 11:31   Barriketan
Euskerazaleak-eko kidea

'Bilbon mundua ikusi' lemapean, maiatzaren 7an eta 8an, Mendebalde Kultura Alkartearen XIV. Jardunaldiotan omenaldia jasoko dau Euskerazaleak taldeak eta gorazarre hori atxakitzat hartuta, azken 40 urteotan euskerearen, bizkaierearen irakaskuntzearen eta sustapenaren alde beharrean dabilen talde horretako kide Iñaki Egurrolagaz egon gara eta hona hemen berak kontau deuskuzanak:


1.- Ezer baino lehen, Zorionak omenaldiagaitik baina, batez be, urte honeetan guztietan euskalkien eta beren beregi bizkaierearen alde egindako beharragaitik. Zeintzuk dira Euskerazaleak taldearen ibilbideko mugarri nagusienak?

Eskerrik asko. Bai, Gure alkarteak herriko euskerea landu dau beti, aurrekoakandik hartu dogun idazkerea erabili dau; gure helburua beti izan da bizkaierearen alde eta euskerearen erabilerearen alde egitea, alde batetik, orain arte argitaratu doguzan 18 argitalpenen bitartez (Zer aldizkaria 1977an hasi ginan argitaratzen eta horrezaz ganera, beste lan batzuk be azpimarratuko neuskizuz, besteak beste, 'Euskal irakasbide laburra', Xabier Peñaren gramatikea; 'Iniciacion al estudio del euskera', Xabier Peña eta Antonio Montianok idatzia; 1969an argitaratutako 'Nora zoaz'; 'Ikas' iztegia; 'Alkarrizketa'; edota Goikoetxea'tar Iñakik idatzitako 'Giza-soiña), eta bestetik, bestelako ekimen batzuen bitartez, berbarako, bizkaiera eskolak azken 42 urteotan, ipuin sariketea urtero, Euskal Astea, Egutegi-Takoa bizkaieraz.

Horregaz guztiagaz lotuta, Euskerazaleak alkartearen lehenengo ekintza, ikastola, eskola eta ikastegi guztietan euskerea erabilteko eskaria egitea izan zan eta horren harian, agiri bat zabaldu eta 60.000 bizkaitarren babesa jaso genduan.

Teknologia barriakaz lotuta, beste mugarri garrantzitsu bat, orain sei bat urte Interneten sartzea izan zan. Tarte honetan 130.000 bisita inguru izan doguz eta Euskerazaleak-en webgunean, besteak beste, Zer aldizkari guztiak dagoz katalogauta eta Umandiren Asmo-Iztegia be kontsultau daiteke.

Era berean, orain urte batzuk Santi Onaindia zanaren idazlan guztien edizino digitala aurkeztu genduan.


2.- Zer suponiduten dau omenaldi honek?

Omenaldiak eta gorazarreak ondo hartzen dira beti. Oso pozik gagoz, atara kontuak, Mendebalde Alkartearen hau da gure ibilbidean jasotako bakarra. Alkartearen 25 eta 40. urteurrenak ospatu izan doguz, baina kanpotik jaso dogun errekonozimendu bakarra da Mendebalderena eta pentsetan dot gure beharraren zabalkunderako sano garrantsitsua izango dala, ze askok ez dakie zertan gabilzan be.


3.- Batua eta euskalkiak alkarren osogarri dirala zabal dabilen jarrerea da, baina egungo hizkuntza eredu estandarra eratzeko prozesuan, euskalkiak gitxiesten zirala eretxita, 1978an, Euskerazaintza Erri-Akademia sortu zan. Gaur egungo egoerearen analisian zer nabarmenduko zeunke?

Gaur egun, zorionez batuaren eta euskalkien arteko burrukarik ez dago. Baina zoritxarrez, erderea oso sartuta dago, ikastoletan be, patioetan eta, nork ez ditu umeak erderaz entzun? Eta ez umeak bakarrik, baita irakasleak eta gurasoak eurak be. Euskerea gaixorik dago. Hiztunen kopurua gora doala entzuten dogu sarri, baina herri euskereari erreparau ezkero, herririk herri ibilita, erraz atzemoten da egoerea ez dala ona. Nagusien erabilerea gorabehera eta salbuespenak salbuespen, umeek ez dabe herri euskerarik egiten, indioen moduan egiten dabe berba; hizkuntzearen lepoko hazurra da aditza, eta horretan hankamotz dagoz, ez daukie ezelako erraztasunik.

Kontuak kontu, lan asko dago egiteko. Sentiberatze eta kontzientziazino lana egin behar da ume eta helduen artean eta hortik etorriko da euskerearen etorkizuna.


4.- Orain 30 urte, Euskaltzaindiak Euskara batua, euskalkiak eta tokian tokiko hizkerak izenburuko agiria argitaratu eban, eta 1994an, euskalkian idazten danerako erispide orokorrak finkatzen zituan beste adierazpen bat be bai. Aurrerago, erregistro-mailakaketea zehaztu eban 2004an, 'Euskalkien erabileraz irakaskuntzan, komunikabideetan eta administrazinoan' izeneko agirian. Nahikoa al da?

Askoz gehiago egin behar da. Arauak, jarraibideak, erispideak ondo dagoz beti, baina arazoa herrietan dago. Zaharrak analfabetoak dira eta umeak eskolara joan arren, hor hartzen daben euskerea ez da etxekoa. Zulo bat dago hor, horma bat komunikazinoari traba egiten deutsona. Beraz, lege, arau eta enparauetan euskalkiaren alde egin arren, benetako arazoari ez jako konponbiderik emoten. Lehen be esan deutsut, badakit ez dana erraza, baina sentsibilizazino lana nahitaezkoa da, gurasoek eta irakasleek bideratu behar leukiena.


5.- Euskerazaleak taldeak hilebetero argitaratzen dauen Zer aldizkariak alkartea sortu zan garaiko (1967 urte inguruko) bizkaiera eredua defendiduten dau, hatxerik bakoa. Eredu horri eusten deutsazue? Zeintzuk dira aldizkariaren edukiak?

Bai. Zer aldizkaria 1977an sortu zan eta, beraz, 33 urte daroaguz hilero gure estilo eta ereduan argitaratzen. Sorrerako momentuan hartu zan erabagi hori eta gaur egun be horri eusten deutsagu; herri euskerearen alde gagoz, bizkaierea zaintzea da gure burukomina eta h letreak euskereari mesede barik kalte egiten deutsola da gure eretxia eta, beraz, sendo jarraitzen dogu horretan. Milatik gora bazkide ditu Euskerazaleak alkarteak eta eredu horri jagokonez euren babes osoa daukagu.

Gaiei jagokenez, gizarte gaiak, ipuin sariketako ipuinak, bertsoak, irakaspide zaharrak, toponimia, euskerea eta holakoak jorratzen doguz. Martin Olazar gurea orain urte bi hil jakun eta hainbat lan itxi zituan idatzita eta, beraz, material asko daukagu argitaratzeko. Edozelan be, kanpoko ekarpenak be onartzen doguz eta gaien aldetik be, egunerokotasuneko kontuak eta sartzekotan gabilz, argazki gehiago...


6.- Euskerazaintza aldizkarian, barriz, gaiak sakon, luze eta zabal jorratzen dozuez urtean lau bider inguru...

Bai. Izadia zaindu, Bizkaiko Jauntza, Karlistadak eta holako gai mamitsuak agertzen dira Euskerazaintza aldizkarian, nahikoa sakon eta luze jorratuta. Lan batzuk gipuzkeraz be egoten dira eta hurrengo zenbakian, besteak beste, euskal postari buruzko idatzia egongo da.


7.- Euskerea salbauko bada, hizkuntzearen erabileran dago gakoa. Euskerea osasuntsu ikusten al dozu?

Duda barik, hizkuntzea erabilteak ekarriko dau salbazinoa. Euskaldun barrien kopurua eta hizkuntzearen ezagutza maila gora doazela entzun arren, erabileran ez dago aurrerapenik eta hor dago arazoa.

Itaunari erantzunez, euskerea gaixorik dago. Lehen be esan deutsut. Herri euskaldunak badagoz egon, baina beste batzuetan negargarria da egoerea eta horren larritasunaz jaubetu eta kontzientzia hartzen ez badogu, ez dago zereginik. Erdereak, hemengoak eta beste mandakoak indar handia hartu dabe eta gauzea baltz dago. Ganera, nire eretxiz, hizkuntzea eta aberria bat eginda egon behar dira, euskerea da gure arimea, gure nortasunaren ezaugarri nagusienetakoa, besteakandik bereizten gaituana eta horri erreparetan ez badeutsagu, akabo. Ganera, indarrak metatzea eta euskal kontzientzia zabaltzea be nahitaezkoa da, ze bestela ez dago zereginik.


8.- Labayru Ikastegiagaz ba al daukazue hartu-emonik?

Duda barik bakotxak bere ezaugarriak eta jardun arloak daukaz, baina egia da Martin Olazar hil eta hamabost egunera Labayrukoakaz egon ginala eta kolaborazino aukerez eta egin genduala berba. Jarrera zabala dago alde bietan, baina oraingoz ez dago bestelako zehaztasunik.


9.- Bizkaierearen alde beharrean dabilzan alkarte, komunikabide eta bestelakoakaz bizkaiereak nahikoa babes daukala pentsetan dozu?

Ondo dago arlo horreetan guztietan bizkaierea lantzea. Pentsauezina zan hori orain urte batzuk. Edozelan be, gehiago egin behar litzatekela uste dot. Berbarako, norabide berean gabilzanon arteko kolaborazinoa sakontzea izan daiteke bide bat.

Horrezaz ganera, diru-laguntzinoei begira be egon behar izaten dogu eta egungo krisiagaz sortu dan duda giroak ez dau askorik laguntzen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu