Bizkaiko autoeskoletan, gidabaimena euskeraz atarateko prest

Bizkaie! 2010-05-26 15:42   Euskerea berbagai

Arrigorriagako, Elorrioko, Erandioko, Getxoko, Mungiako, Ondarroako Uribe Kostako Mankomunidadeko eta Txorierriko Mankomunidadeko udalek Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzearen eta Eudelen laguntzinoagaz eta Bizkaiko Euskera Zerbitzuen Alkarbide Bilgunearen koordinazinoagaz, 27 bulego daukiezan 21 autoeskola bizkaitarretan martxan jarritako 'Gidabaimena euskaraz' kanpainea aurkeztu dabe Bilbon.

Orain dala hamabost urte, Igorreko Arratia Autoeskolako Unai Zuluaga B1 gidabaimena euskeraz atara ahal izateko materiala osotzen hasi zan. Ordutik, hainbat saiakera egin zituan bere proiektua hedatzeko eta, igaz, Debagoieneko Mankomunidadeak 'Gidabaimena Euskeraz' izeneko ekimena aurkeztu eban eta hainbat herritara zabaldu zan.

Gaur, Arrigorriagako, Elorrioko, Erandioko, Getxoko, Mungiako, Ondarroako Uribe Kostako Mankomunidadeko eta Txorierriko Mankomunidadeko udalek Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzearen eta Eudelen laguntzinoagaz eta Bizkaiko Euskera Zerbitzuen Alkarbide Bilgunearen koordinazinoagaz, 27 bulego daukiezan 21 autoeskola bizkaitarretan martxan jarritako 'Gidabaimena euskaraz' kanpainea aurkeztu dabe Bilbon. Bertan izan dira BFAko euskera sustatzeko zuzendari Miren Dobaran; Erandioko euskera zinegotzi Aitziber Oliban (egitasmoan parte hartzen daben udal erakunde guztien ordezkari legez); Igorreko Arratia autoeskolako arduradun Unai Zuluaga (autoeskoletako arduradunen ordezkari legez); Efrén Vázquez motozikleta-gidaria eta Herri Torrontegi motozikleta-gidari ohia; eta Iñigo Iruarrizaga, gidabaimena euskeraz atara dauen gazte bat.

'Proiektuaren helburua ez da gidabaimena euskeraz atarateko erreztasunak emotea, bizimodua euskeraz egiten dabenei gidabaimena euskeraz atarateko eskubidea autortzea eta horretarako baliabideak eskaintzea baino', azaldu dau Zuluagak. Horretarako, teoria-eskuliburua, teoria lantzeko programa informatikoa, irakasle birtuala eta zirkulazino seinaleak euskeraz eskainiko jakez ikasleei, hainbat euskarritan. Ganera, kanpaineagaz bat, informazino-triptikoa banatuko jake 17-23 urte bitarteko gazteei 'Atzeko jesarlekua estreinatu aurretik... praktika ezazu' leloagaz.

'Euskalduna izanda, harro nago egungo gazteek guk izan ez genduan aukerea izan eta gidabaimena euskeraz atara ahal dabelako', azpimarratu dau Herri Torrontegik. Efrén Vázquez-ek be bide beretik jo dau, 'gazte euskaldun guztiak gidabaimena euskeraz ataratera' animatuz. Horren erakusle da Iñigo Iruarrizaga, orain dala aste bi gidabaimena euskeraz atara dauen arratiarra. Hauxe dino: 'ni euskeraz bizi naz eta ez dot zailtasunik izan, ez dakidalako gaztelaniaz ataratea zer dan'.

'Oso barneratuta dago gure gizartean gidabaimena gaztelaniaz ataratea eta, kanpaina honen bitartez jakinarazo gura doguna da aukerea egon, badagoala', esan dau Dobaranek. Bide horretan, Eusko Jaurlaritzeari ekimenean parte hartzeko deia luzatu deutso.

Autoeskolek, tokian tokiko euskera zerbitzuen diru-laguntzinoari esker, 'ahalik eta bide errazena eskaini behar deutsie ikasleei, tresna eta baliabide egokiakaz'. Orain arteko datuak kontuan izanda, Igorren, kasurako, hamarretik zazpik gidabaimena euskeraz ataratzea aukeratzen dau 'eta geratzen diran hirurak be euskaldunak dira; beraz, horreek be animetako balioko dau kanpaina honek', Zuluagaren esanetan.


Zozketea

Gazteak animetako helburuagaz, azterketa teorikoa euskeraz egiten dabenei lehen eskola praktikoa oparitu egingo jake eta, ganera, Europan zehar ibilteko Interail bidaia bat zozketatuko da (irabazlearentzat gehi hiru lagunentzat).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu