Euskereagazko atxikimendutik konpromisora igarotzeko deia egin dau Paul Bilbaok

Bizkaie! 2010-05-05 11:12   Euskerea berbagai

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusi barriak euskereagazko atxikimendutik konpromisora igarotzeko deia egin deutse herritarrei, eragile sozial, politiko eta sindikalei eta erakundeei, hizkuntz normalizazioaren prozesuan aurrerapausu bat emon eta bizkortzeko.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusi barriak euskereagazko atxikimendutik konpromisora igarotzeko deia egin deutse herritarrei, eragile sozial, politiko eta sindikalei eta erakundeei, hizkuntz normalizazioaren prozesuan aurrerapausu bat emon eta bizkortzeko. Izan be, Bilbao jn.aren esanetan, gaur egun, administrazinoek 'euskeraz biziteko eskubidea urratzen dabe' oraindino.

Bilbaok gosari informatibo bat eskaini dau Donostian, orain arte Kontseiluko idazkari nagusi izandako Xabier Mendigurenegaz batera. Mendigurenek ekitaldia erabili dau hedabideei agur esateko eta erakundearen lana zabaltzen 'azken 12 urteetan egin daben lana' eskertzeko.

Kontseiluko idazkari nagusi barriak nabarmendu dau ohorea izan dala Mendigurenegaz 'bere jakituria, bere lan egiteko gogoa, bere ilusinoa eta bere pasinoa' konpartidutea. Holan, 'herentzia' horrek ibilbide barrian lagundu egingo deutsola adierazol dau, eta Kontseiluan ez dala 'ezelako apurketarik ez aldaketarik izango' ziurtatu dau.

Esangura horretan, euskereak aurrera jarraitzen dauela, bere normalizazinoaren aldeko gehiengo sozial bat dagoala eta 'gero eta hiztun gehiago' dituala azpimarratu dau, 'Euskal Herriko biztanleen % 25 elebiduna izanik'. Halan da be, nahikoa ez dala adierazo dau, gaur egungo egoeran, 'euskerearen unibertsalizazinoak ehunka urte' beharko leukezalako.

Gainera, gaur egun oraindino euskeraz biziteko aukerarik ez dagoala esa dau, administrazinoek 'eskubide hori urratzen dabelako' eta euskerea 'beti bigarren tokira baztertzen dalako gaztelania edo frantsesagaz alderatuz'.

Testuinguru honetan, Bilbaoren esanetan, etorkizunari begira, Kontseiluaren helburua euskerearen normalizazino prozesua bizkortzea izaten jarraituko dau. Halan da be, orain arte euskereagazko 'atxikimendua' eskatzen bazan, orain 'konpromisoa' eskatuko dala esan dau, 'Bai euskarari'-tik, 'Euskeraz bai'-ra igarotea. 'Euskerea erabiltea, ikastea eta gozetea da herritarrei eskatzen deutseguna', gaineratu dau. Era berean, eragile sozial, politiko eta sindikalei 'euren agenda guztietan hizkuntz normalizazinoa sartzeko' eskatu deutse, 'euskerea danona izan behar dalako'.

Gainera, erakundeei be bide honetan aurrerapausu bat emoteko eskatu deutse, eta Kontseilua euren ondoan egongo dala ziurtatu dau, 'bitartekoak jarriz hizkuntz politika eraginkor bat sortzen laguntzeko, eta gizarteko eragile guztiei proposamenak aholkatuz eta aurkeztuz'.

Bestalde, sortu zanetik Kontseiluak bere bi oinarrizko baliabideen bitartez izandako aurrerapena nabarmendu dau Xabier Mendigurenek, hau da, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren eta 'Bai Euskarari' ziurtagiriaren bitartez izandako aurrerapena.

Era berean, 'lau katu eta ia baliabiderik barik' hasi zan erakundeak dagoeneko euskal lurralde guztietan 32 langile eta zentroak dituala gogoratu dau Kontseiluko idazkari nagusi izandakoak.

Azkenik, Bilbaok Kontseilua oso ondo ezagutzen dauela eta erakundeko idazkari nagusi oso ona izateko gaitasunak sobran dituala azpimarratu dau Mendigurenek. Gainera, oraindino lortu ez diran helburuak lortze aldera Kontseiluak lanean jarraituko dauela ziurtatu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu