XXVI. Udabarriko Bertso Saioak zapatuan hasiko dira Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Sustrai Colina eta Aitor Sarriegigaz
2010-05-04 14:41 BertsolaritzeaBilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Santutxuko Bertso Eskoleak alkarlanean antolatzen daben bertsolaritzeari buruzko programeak datorren zapatuan, hilaren 8an, zabalduko dau bere XXVI. edizinoa, Santutxuko Karmelo plazan.
'Udabarriko Bertso Saioak', Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Santutxuko Bertso Eskoleak alkarlanean antolatzen daben bertsolaritzeari buruzko programeak datorren zapatuan, hilaren 8an, zabalduko dau bere XXVI. edizinoa, Santutxuko Karmelo plazan. Joan dan abenduan Final handiaz gozau ahal izan ebenek aukerea izango dabe egungo txapelduna, Maialen Lujanbio, eszenatokian ikusteko, errebantxea eskatuko deutsien beste hiru finalistakaz batera, Andoni Egaña, Sustrai Colina eta Aitor Sarriegi. Hitzordua maiatzaren 8an izango da, eguerdiko 13:00etatik aurrera.
Maiatzaren 15eko hitzorduan, txapelketan oso lan ona egin eben lau bertsolari gazte izango doguz kantari. Uxue Alberdi gipuzkoarrak hiru bertsolari bizkaitar izango ditu aurrez aurre, Miren Amuriza, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia.
Aire zabaleko azken saioa maiatzaren 22an izango da, eguerdiko 13:00etan, Karmelo plazan, aurrekoak bezela. Oraingo honetan, Euskal Herriko Txapelketako azkeneko finalean parte hartu eben beste lau bertsolari izango dira lehian: Amets Arzallus –egungo Iparraldeko txapelduna–, Aitor Mendiluze, Gipuzkoako txapelduna, eta lau aldiz final nagusian izan diran Jon Maia eta Unai Iturriaga.
Aurreko edizinoetan legez, aire zabalean egingo diran bertso saioez gan, programazinoaren barruan ekitaldi berezia eskainiko da, Txurdinagako kiroldegiaren ondoan dagoan Begoñako Udaltegian, programeari amaiera bikaina emoteko. Oraingo honetan, Jon Enbeita musikari eta bertsolari ezagunak bere azken diskoa, 'Hainbeste, hain gitxi', aurkeztuko dau. Hitzordua maiatzaren 28an izango da, arratsaldeko 20:00etan, eta sarrerea librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte.
Balendin Enbeita bertsolari handiaren semea eta Kepa Enbeita 'Urretxindorraren' ilobea, Jon Enbeita (Muxika, 1950), bertsolari katearen hirugarren begia da, eta bere alabek jarraitzen dabe. Izan be, parte hartu dauen txapelketa nagusi guztietako finaletara heldu da. Bertsolaritzaz gan, poesia eta abestia be landu ditu. Poesiaren munduan egin dauen lan horri eta kanturako dituan doe eta birtute esker, benetako maisua da gaiak bakarka lantzen, beti be gitarrea lagun dauela.
'Udaberriko Bertso Saioak' egitaraua gaur goizean aurkeztu dabe Bilboko Udaletxean Justo Ezenarrok, Kultur Programazinoko Zuzendariordeak eta Andoni Egañak.
Bizkaiko uriburuan euskal kulturea eta hizkuntzea sustatzeaz gan, 'Udaberriko Bertso Saioak' egitarauak euskaltzaleen arteko topaleku be izan nahi dau, eta, aldi berean, gure uriko Santutxuko Bertso Eskoleak aurrera daroan lana lagundu nahi dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!